Izan frikia, baina euskaraz!

bi_patxaran_contentHas gaitezen galdera batekin: zer da lehenago, eskaintza edo eskaera? Beharrak sortzen du produktua –Erdi Aroan, adibidez, Palestinan borrokan ari zelarik, zaldunen batek pentsatuko ote zuen inoiz, “mmm, ederki etorriko litzaidake orain etxekoekin mintzatzeko tramankulu txiki bat, sakelan eramateko modukoa, testu-mezuak igortzeko aukera emanen lidakeena”?–, edo, alderantziz, produktuak sortzen du beharra –posible litzateke, gaur egun, sakelako telefonorik gabe bizitzea?–. Sarien inguruan antzeko galdemodu bat egin izan dugu inoiz: sariek –sari literarioek, zinema sariek– lan literario edo zinematografikoetan ezaugarri jakin batzuk –kalitatea, komertzialtasuna, sentimentaltasuna– nabarmentzeko balio dute, baina, denboran irauten badute, sari horiek poliki-poliki kanon bat osatuko dute, eta, azkenean sari horietan bultzatzen edo lehenesten diren ezaugarriak dituzten liburuak edo filmak sortuko dira. Sari hori eskuratzeko asmoz eginiko lanak. Hau da, sariak berak obra klase jakin bat sorraraziko du, edo lagunduko du sortzen. Horrela, alegiazko sari horrek literaturaren edo zinemaren bidea moldatuko luke berak ezarritako edo lehenetsitako ezaugarri batzuen arabera, batez ere sari horrek prestigioa irabaziko balu.

Demagun, zinema-aretorik ez duen herri batean zineklub bat sortu nahi dudala; demagun, herri horretan zinemak ez duela arrakasta handirik: herritar gehienak kirolzaleak dira, aukeran futbola edo txirrindularitza edo saskibaloia nahiago dute. Halere, nahiko herri melomanoa izan da gurea, musika betidanik izan omen dugu gustuko, nahiz eta orain ez den hainbertze praktikatzen. Horregatik, gure herriko tradizioa aintzat hartuta, astero film musikal bat paratuko dut nire zineklub sortu berrian, eta gero tertulia eginen dugu horren gainean (puntu honetara ailegatuta, akaso komeniko litzateke adibide pare bat aipatzea, baina ez naiz sobera aditua genero horretan; izan ere, infernua irudikatzen dudanean, musikal bat ikusten dut). Nire herrian, beraz, zinema musikala izanen litzateke zinemazalea izateko modu bakarra, edo modu nagusia bederen: hasmentan, berritasunak erakarrita, zinema gustuko duten guziak etorriko lirateke zorioneko zineklubera, baina, emeki-emeki, bertzelako filmak –beldurrezkoak, komediak, zinema irandarra edota, oro har, aktoreak kantatzera eta koreografia absurdoak egitera behartzen ez dituzten filmak– maite dituztenak edo ikusi nahiko lituzketenak kanpo geldituko lirateke. Bazter. Nire zineklubak zinemazaletasuna sustatu ez ezik, zinemazalea zer den ere definituko bailuke –modu praktikoan edo inplizituan bada ere–.

Azken bolada honetan, han-hemenka aditu dut bertso-eskolak arras funtzio inportantea betetzen ari direla euskara sustatzen, batez ere erdara nagusi den herrietan. Halako tokietan, eskolei esker dute bertako euskaldunek euskaraz bizitzeko aukera: oasi bat dira, euskaraz komunikatzeko eta euskararekin jostetan aritzeko parada ematen dute. Eta balizko gaizki-ulertuak uxatzeko eta nire jarrera zein den argi gera bedi, erranen dut bertso-eskolek betetzen duten funtzioa eta egiten duten lan hori guzia arrunt ongi iduritzen zaidala, txalotzeko modukoa (eta behatzekin testu hau ordenagailuan idatzi bidenabar txaloka aritu naiz belarriekin; eta irratian solas hauek ahoskatu bitartean txalo egiten ari nintzen hanketako behatz lodiekin; eta, Zuzeuko irakurle hori, zuk lerro hauek irentsi ahala, jakin ezazu nagoen tokian nagoela ere –sukaldean, bazkaria prestatzen; komunean, ur azpian, dutxatzen; ohatzean, lokartzeko zorian edo larrutan– nire ipurdi-mazelak elkarren kontra joka ari direla lan zinez estimagarri horren omenez), eta soil-soilik erbesteratuko nintzatekeela jendea okindegian ogia eta esnea zortziko txikian eskatzen hasiko balitz –Euskal Herrian musikal batean biziko bagina bezala– edo solasaldi normaletan, solaskideek, gauzak zuzenean erran beharrean, metafora bat bertzearen gibeletik kateatuko balituzte.

Ongi ari dira, beraz; kontua da, euskalduna izanda ere, balitekeela nik bertsolaria izan nahi ez izatea: nik, izan ere –eta “nik” diodanean, mintzatzeko manera bat da, hedatu eta orokortu litekeen egoera batez ari naiz– frikia izan nahi nuke, baina euskaraz, Joseba Beramendik aldarrikatu duen bezala. Alta, horretarako, basamortuan bizi naiz. Friki-eskolarik ez, niretako. Nola eraman, orduan, nire euskaltasuna nik nahiko nukeen bidetik? Buelta gaitezen hasierako galderara: zer da lehenago, eskaintza edo eskaera? Eskaintzak eskaerari erantzuten dio, edo eskaintza jakin batek bere eskaera sorrarazi eta moldatu egiten du? Eskaintza jakin batek ez du bezero jakin bat eskatzen, eta bertze bezero mota jakin bat baztertzen?

Nik ere metafora batekin akituko dut gaurko gogoeta: pizzak ederrak dira, gustagarriak, herri baten tradizioari –Italiako tradizioari, alegia– lotuak, eta askotarikoak izan daitezke: osagai anitzekin edo gutirekin, gozoagoak edo gaziagoak, tradizionalak edo tradizioa eta modernitatea uztartzen dituztenak. Baina, abangoardistenak ere, pizzak dira, eta, bertzerik gabe, kantari bizi ez garen zenbaitek bertze elikagai mota batzuk ere nahi eta behar ditugu. Ahal delarik, euskaraz.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

12 pentsamendu “Izan frikia, baina euskaraz!”-ri buruz

  • Asko gustatu zait artikulua, Santi, eta Twitterren adierazi dudan moduan, goitik behera sinatuko nuke. Izan ere, nire bizitza bestelakoa izan balitz neuk idatz nezakeen artikulua (baldin eta bizitzak pareko talentua eman izan balit). Baina bertsoaren munduan sartu nintzen. Eta, adi, gorroto nuen bat-batean aritzea. Baina bazeuden bestelako lokarriak, bertsoaren jiran lotu nindutenak.
    Lagun bikainak (zentzu afektibo eta intelektualean) ezagutu nituen, eta ohartu nintzen lagun arte hark euskaraz egiteko aukera ere ematen zidala. Hura ez galtzeko asmoz, bertsolaritzako beste esparru batzuetan murgildu nintzen. Eta bertsoaz gozatzen hasi nintzen.
    Egiari zor, bertsolaritzagatik izan ez balitz, agian gaur egun ez nintzateke gai izango hitz hauek idazteko…
    Ni bertsozalea naiz, gai-jartzailea izateaz aparte. Bertsoa gustatzen zait haren mekanismoak ezagutzen ditudalako. Ez zait balleta gustatzen eta pintura abstraktuak ez dit gauza handirik esaten. Noski, hori nire ezagutza ezagatik da.
    Nik ez diot inori eskatzen bertsozalea izan dadin. Irribarrea ere ateratzen zait norbaitek esaten didanean bertsolaritza ez duela gustuko. Ulertzen dut, gainera. Nahikoa da bertso saio txar bat entzutea lehendik uzkur zegoena uxatzeko. Eta zenbat bertso saio kaskar egin ditugun! Baina zenbat gozarazi dugun. Zenbat saio on egin ditugun!
    Beste kontu bat dira bertsolaritzaren kontra sarri hedatzen diren hitz harroxko eta mespretxuzkoak. Niri min egiten didate, miresten dudan jendearen ahotik datozelako askotan. Batzuetan ematen du bertsolaritzak barkamena eskatu behar duela arrakasta izateagatik. Edo jendea babua dela bertsozalea delako. Ez zaizula bertsolaritza gustatzen? Ondo. Ez dizut nik esango «ez dakizu zer gauza ederra galtzen ari zaren». Nagusiak gara honezkero halako tontakeriatan ibiltzeko. Baina errespetua eskatzea zilegi deritzot. Horretarako ere nagusiak garela uste dut.
    Era berean, ez dut uste ona litzatekeenik bertsolaritzaren hegemonia euskal kulturan. Euskal kultura zabal eta askotarikoa behar dugu. Baina ez eskatu arrakastari muzin egiterik.
    Bide batez, egunen batean elkartu eta komikiez hitz egin behar dugu. La Patrulla Xen ale zahar pila bat ditut ganbaran, Claremonten garaikoak.
    Barkatu horren iruzkin luzegatik.
    Oharra: alaba zaharrena balletean dabil eta txikienak pintura abstraktua egiten du.

    • Santi Leone 2014-04-19 08:05

      Esker mila zure iruzkinagatik. Irudipena dut -eta ez da gertatzen zaidan lehenbiziko aldia- pertsona desegokiarekin eztabaidatzen ari naizela; hau da, desegokia, segur aski nahiko ados gaudelako. Niri bertsolaritza ez zait gehiegi interesatzen, baina ez dut gorroto; ez nau erakartzen, bertzerik gabe. Halere, bada joera bat, edo, hobeki erranda, nik nire inguruan bertsolaritza ia-ia zeregin mistiko gisa hartzeko joera sumatu dut, euskaltasunaren gailurra balitz bezala, eta horrek, egia erran, kirrinka egiten dit.
      Erran gabe doa, ez dut zugan horrelakorik ikusten, eta sentitzen nire hitzek mindu bazaituzte. Eta bai, egunen batean ikusi beharko dugu elkar, kafe bat hartzeko eta nahi duzunaz mintzatzeko.

      • Igor Elortza 2014-04-19 11:12

        Tangente honetatik sartzea zilegi zaidalakoan: bertsogintza euskarazko sorkuntza adierazpen garaikide bat da, ezer garrantzitsu samarra izatekotan; eta gutxi gehiago izan daiteke. Mistikotasunari dagokionez, badakizu joera horrek dena harrapatu dezakeeka: historialaritza, edoskitzea zein katastrofe naturalak…
        Besarkada bana!

  • Amonamantangorri 2014-04-18 02:29

    Amets bat badut: egunen batean, akaso hemendik gutxira, ekitaldi politiko masibo batean norbaitek tauladu gainean testu politiko-poetiko eder, perfektu bat errezitatuko digu, euskaraz, Galeano edo Benedettik sortutakoen mailakoa, edo bederen kalitate onekoa.
    Momentu hori iritsi bitartean, mitinetan burua beste nonbait dudala egoten naiz, ixilik, bertso-txapa parea noiz bukatuko zain.
    Eta niri ere gustatzen zaizkit bertsoak. Baina batzutan enpo nago bertsoz.

  • SANTI LEONERI ETA ZUZEURI GUTUN AGERIA
    Nik ere frikia izan nahi dut euskaraz. Euskaraz egindako produktuak behar ditut nire arima frikia elikatzeko. Funtsean guztiz bat nator artikuluan horren egoki eta ongi diozunarekin. Ez nadin gehiago luza ordea. Noan harira: Santi, gizon jantzia zaitugu bai idazkintzan bai zine frikian. Gainera, “Euskal Herri imajinario baten alde” gogoangarrian frogatua duzunez, afera historiko-politikoez zertxobait baino gehixeago dakizula ezin uka. Hortaz, zergatik ez zara Nafarroaren egoera soziopolitiko ezinago frikiaz zine-gidoi erabat frikia prestatzen hasten? Nik uste dut erabakigarria izan litekeela Barcina bere aulkitik eroriarazi eta kulero bistan uzteko. Behingoz.
    Nire proposamena zera da, eta orain ZuZeukoei ere luzatzen diet planteamendua: ZuZeun maiztasun handiagoz edo txikiagoz idazten dugunok zine-gidoi horretarako ideia, pasarte, pasadizo, esketx eta era orotariko ekarpenak -hau da, brainstorm erraldoi bat- egitea ZuZeun bertan horretarako prestatutako atal berezi batean, eta gero zuk, Santi, horri guztiari forma ematea Nafarroan kokatutako gidoi hiper-katxondo batean. Behin ekarpen guztiak jaso ondoren gidoia egina duzunean, crowdfunding potente bat jarri genezake martxan, beti ere ZuZeu plataforma horretarako erabiliz. Erakundeetako dirulaguntzak ere, behar izanez gero, eska litezke, jakina, zertarako-eta filma egiteko, noski, eta ahal bada, zure zuzendaritzapean, Santi.
    Pentsa: Amonamantangorri, I. Larrea, Sugar, Menditarra… eta Josu Lavin eta bere komando frikia (!)… denak filmerako beren ekarpenak egiten! Nork bere aletxoa jarriz gero, denok sentituko ginateke filmaren partaide. Munduan hala sortutako lehen filma litzateke, agian. Baina denon ekarpenak bateratzeko zure lana ezinbestekoa da. You are the man, Santi.
    Nik neuk azido kontzentrazio handiko produktu lehergarri bat egingo nuke. Baina egurra banatzean, kontenplaziorik gabe eman bai nabarristei bai Nafarroa Handiaren defendatzaileei… eta gero, tartean, Bartzinakeriak, Jimenezkeriak, zona baskofonoak eta ez-baskofonoak, Urzainki, Del Burgo, zonbiak, CAN, Itoiz, desagertutako koadroak… Inspirazio iturria amaieragabea litzateke.
    Hara nire lehen aletxoa:
    -Komedia erromantikoaren haria presente izatea. Protagonistak: batetik, Tuterako muturreko ezker abertzalean dabilen mutil/neska (zortzi abizen “maketo” dituena), euskaltegian dabilena; eta bestetik, Baztango mutil/neska UPNko eta Espainiazale amorratua, dakizkien abizen guztiak -ena atzizkiz amaitzen zaizkionak, ia-ia euskaldun monolinguea izanik ere, erderaz -oso gaizki- egiten tematzen dena. Biak elkarrenganako maiteminak astindurik… Aze orgasmikoa! Bueno, neska/mutil beharrean, mutil/mutil edo neska/neska bikote gay bat izatea ere ez litzateke gaizki egongo… ala?
    Ba horixe, hor doa nire lehenengo harri(kad)a. Ontzat jotzea eta erabiltzea, zure esku, Santi.
    Inor apuntatzen al da? Santi, zeuk esan. Amonamantan, Larrea… zer deritzozue?

    • Santi Leone 2014-04-19 08:06

      Ona zure ideia, baina uste dut horrelako zer edo zer martxan dagoela dagoeneko…

  • Igor Elortza 2014-04-18 15:57

    Ondo. Primeran. Dabilenari ezin zaiola ez dabiltzanen (zabiltzatenon?) hutsik egotzi: horixe besterik ez. Hori kenduta, ondo, primeran.

    • Amonamantangorri 2014-04-18 19:13

      Dabilenari ezin zaiola ez dabiltzanen (ez gabiltzanon) hutsik egotzi, dudarik ez. Esaldi borobila eta gainera oso ongi esana iruditzen zaidak: deus egiten ez dutenak dituk (gaituk) denetan kulturgile txarrenak. Ordea, esaldia bestelakoa balitz, adibidez, “ez dabiltzanek ezin diotela dabilenari hutsik eragotzi” edo antzeko zerbait, orduan ez nengoke hain ados hirekin.
      .
      Ni hire publikoa nauk. Ez nauk hire laguna, ez hire burkidea. Edo agian banauk, baina ez nauk zertan izan beharrik. Oroz gain, bezero eta ikuslea nauk eta eskubidea diat txalotzeko eta ez txalotzeko. Eta ikuskizuna oso-oso txarra denean, ziztuka hasteko eskubidea ere badiat, euskaldun militantearen kontzientzia txarrik batere sentitu gabe.

      • Igor Elortza 2014-04-19 09:15

        Bat nator diozun guztiagaz, Amamamantangorri; ekitaldi politikoetako bertsoei buruzkoa barne, nahiz eta deitzen didatenean, tarteka, joaten jarraituko dudan

  • Oxandabaratz 2014-04-18 17:06

    Ados Amonamantangorrirekin.

    Hortik aurrera gaineratuko dut, bertsozalea eta abertzalea naizen aldetik, bien arteko sinbiosi horrek, askotan behartua egiten delarik, askotan oka egiteko gogoa ematen didala (sinbiosiak, edo sinbiosiaren behartzeak: bertsolariak berez edonon intellingentsia euskaldunaren abangoardia gisa ezartzeak, “way-of-life-abertzaleak” bertso-saioetara “ni ere hemen nago” esateko animoarekin joateak, eta abarrek)

  • Ba zer nahi duzue esatea… Ni neu asper-aspertuta nago behin eta berriz errepikatzen den eztabaida antzu honekin. Esateko zegoena aspaldi esan zen eta nire ustez ez dago deus berririk gehitzeko, baina besterik ez dagoenean, badirudi bertsolaritzaren inguruko eztabaidatxo honek bakarrik pitz dezakeela kulturaren kar ttikia; bueno, honek eta Beleiako aferak, nori berea.
    Nik neuk nahiago nuke film frikiaren gidoiaz hitz egitea, Barcinak bere oheko maindireen artean ukan lezakeen fantasia erotikoaz, alegia, nola Iturengo joaldunek, joareei eragiteari utzi gabe, Nafarroa Garaiko lehendakariari sekulako bukkakea egin zioten Molaren mausoleoan… baina bertsolaritza kuestionatzen/defendatzen dutenen arteko matrakak dena estaltzen du, antza.
    Bide batez, sar nadin ni ere orean: bertsolaritza mistifikatzen dutenena bezain kirrinkaria egiten zait, belarri ertzean, bertsolaritzaren zer-nolak eta nondik norakoak zalantzan jartzeari gustua hartua diotenen jarrera “cool” hori.

  • .izan frikia euskaraz
    .izan jatorra euskaraz
    .izan azkarra euskaraz
    .izan maitatua euskaraz
    .izan ergela euskaraz
    .izan ausarta euskaraz
    .izan gorrotagarria euskaraz
    .izan alaia euskaraz
    .izan eroa euskaraz
    .izan argia euskaraz
    .izan gaiztoa euskaraz
    .izan naturala euskaraz
    .izan zarena eusakraz