Altsasuko udalak euskaldunoi barre

Udalak dira herritarrongan eragin handiena duten erakundeak, egun.
Hala iruditzen zait udaletxean bolada batez jardun nuenetik. Beste arlo batzuetan bezala, hizkuntza politikan ere bai: udala eta herritarren arteko harremana bera, ikastetxeekiko harremana, enpresari, merkatari eta tabernariekikoa, hizkuntz paisaia (funtsezkoa, alderdi abertzaleek ez, baina PP-k, UPN-k eta PSOEk ondo dakiten bezala), kultur eta kirol ekitaldiak, udal zerbitzuak, polikiroldegia, liburutegia, eta abar.

Altsasuko armarriaHerritarron eguneroko jardunean eragin zuzena duten gai asko eta asko udaletik kudeatzen dira eta udalaren ardurakoak dira. Beharbada horregatik ere, Altsasun euskarak ez du burua jasotzen.

Altsasuko udaleko alderdi unionistentzat euskara lehentasunezkoa da
: euskarari lotutako edozein erabakiri arreta handia jartzen diote… traba egiteko.
Altsasuko udaleko alderdi abertzaleentzat aldiz, euskara geroko geroan kudeatu beharreko zama astuna dirudi.

Zuzentasun politiko abertzalearen izenean gutxieneko batzuk betetzen ahalegintzen dira, baina euskararen berreskurapenerako funtsezkoak diren  esparru gehienak bazterrera utziz, herritarrekiko harreman idatzia tartean.

Sarritan espainiera hutsez idatzitako gutunak heltzen zaizkigu Altsasuko udaletik. Hala, behin baino gehiagotan eskatu diegu, idatziz,  mesedez eta arren gutunak euskaraz bidaltzeko guri (Vascuencearen Legeak horretarako eskubidea aitortzen digu erreserba vascofonoan bizi garenoi), alabaina erantzunik eman ez, eta hurrengo gutuna ere Cervantesenean helarazten digute, hasi eta buka.

Horixe bera gertatu zaigu asteon ere, ez herritar, ez auzo, “contribuyente” hutsak omen garen etxekook, “Escrito de comunicación de inicio de actuaciones inspectoras de comprobación e investigación, bla, bla, bla…” delakoa jaso dugularik, “actuario” delakoaren (diruzaina) eta “inspector jefe” delako zinegotziaren eskutik.

Hurrengo baterako gutunaren edukia, tonua, eta erabilitako terminologia, horiek ere, hausnarketa merezi dute eta.

Bidegabekeria iruditu zaigu gure eskubidea dena behin eta berriro gogorarazi arren, espainiera hutsez idatzi izana berriz ere; barre egiten digute, eta hara, aski da.

Handia da gero Bilduri ere hau exijitu behar izatea, baina tamalez halaxe suertatu da:
Euskaldunoi errespetua!

 

Oinezkoa

31 pentsamendu “Altsasuko udalak euskaldunoi barre”-ri buruz

  • Galder Gonzalez 2013-03-14 10:18

    Hara! Gure transfuga eternoa! Orain ze alderditan zabiltza?

    • JonJo Agirre 2013-03-14 11:37

      Hara gure komisario betikoa. Zu zeu lehengo lepotik, ezta?

      Dena dela, puntualizazio bat: puru-puru-purua ez nonbait, baina transfuga inondik ere ez naiz izan sekula.
      Osasuna, motel.

      • Galder Gonzalez 2013-03-17 13:11

        Bai, noski! Komisario izan garenok beti mantentzen dugu koherentzia. Zelan doa Equo? Suposatzen dut laster ihes egingo duzula beste nonbaitera.

        • JonJo Agirre 2013-03-17 13:43

          Galder, ez daukazu inongo argudiorik idatzitakoei erantzuteko ezta?
          Bitxia da, bestalde, nire ibilbideak eragiten dizun jakinmina. Ez ginen ba garai berrietan murgilduta? Besteen aukerak errespetatzen ikastea kostatuko zaizue batzuoi, bistan da. Segi peskisan, aspertuta dirudizu eta.

    • Don vito galderone, cosa nostra, omertá.

  • Nire herriko aldizkaria euskara hutsez bakarrik publikatzen da. Pertsona asko ezagutzen ditut ezer ulertzen ez dutena.

  • Bilduk ere ikasi beharko du kritikak onartzen eta okerrak zuzentzen, ala?

    • Bai Amaia, Bilduko zenbaitek ikasi beharra du, eta kritika hoiek pozoindunak direnean (nabarmenki kasu honetan edo Xabier Eskisabelen idatzietan, esate baterako) ere ikasi beharra du hala dena hala dela onartzen eta hobeto egiten saiatzen. Halere, gauza guztietarako denbora behar da. Beste talde nagusiek (nolabait talde “ezagunenak” bereiztearren) oraindik ez dute ikasi, nire esperantza da Bildu besteak baino gehiago izatea horretan. Ez da zaila, baina honekin ez dut ezer justifikatuko.

      • Barka maier, zergaitik diozu kritika hau pozoinduna dela?

        • Irakurri dudalako.

          • miletoko tamileto 2013-03-15 08:55

            JJ, argi dago. Ezker abertzaleko batek beste talde politiko bati egindako kritika, kritika konstruktiboa eta razonatua da. Alderantziz gertatzen denean, kritika pozoinduna da.

      • Banengoen ba ni…

        • Hoooorixe, ikusten dut ulertu duzuela, ez nuen gutxiagorik espero.

  • Galder, ez dakit euskara zinegotziak intimitatean zein hizkuntzatan hitz egingo duen, zuk jakinen duzu ongi, baina pubikoan ari denean euskaraz oso gutxitan. Nik esango nuke ederki kostata egiten duela euskaraz. Beraz, ez da harritzekoa, euskara politika hutsaren hurren izatea herrian. Bi urte dituzte aurretik herri plangintza zertxobait itxuratzeko. Egindakoa ikusita ez da gehiegi behar hobetzeko. Borondate kontua izango da.

    • Alpargatero 2013-03-15 17:32

      Ni Bilduren boto-emale komentzitua naiz, besteak beste euskarari dagokionez alerdi politiko aldekoagorik ez dagoelako. Baina koherentzia eskatzen (exijitzen) diet koalizio horretako arduradunei. Kritikak, pozoitsuak zein ez, ongi etorriak izan behar dute, eta zuzenketarako erabili behar dira, gauzak hobeki egiteko.

      • Kritikak ongi etorriak…hori gehiegi esatea izango da ba…kritikak entzun, dioten egia onartu eta norberaren jarduna hobetzeko erabili, hori dena bai, noski, baina helburua min ematea duen kritika (pozointsua deitzen dudana, kritika bezalako gauza onuragarria min emateko xedeaz erabiltzen duelako, ez gaizki dagoen zerbait zuzentzeko) bat ez dut uste ongi etorria izan behar denik, aurretik esan dudana bai, baina ongi etorria inondik ere ez. Hori bai, probokazioetan ez erortzen ikastea oso garrantzitsua dela uste dut.

  • Ados kritikak onartu behar direla esaten duzuenean.

    Kritikak bai. Inbutuaren legea ez.

  • Sakanako herri askotan (Altsasu, Olazti, Irurtzun, Ziordi, Iturmendi, Arakil aldeakoak…) euskararen egoera hil ala bizikoa da. Horietan gehienetan, alkatetzan egon direnean talde abertzaleek ez dute neurria eman. Euskara ez da egon lehentasunen artean. Izan Nafarroa Bai, ala Bildu izan. Eta egoerak okerrera egin du nire ustez. Euskararekiko atonia hori egonkortu egin da. Gutunak español hutsez bidaltzearena oso sintoma esanguratsua da. Ez zaie batere ardura, eta hori bezain lan xinplea dena (gutuna ez da pertsonalizatua, herritar askori bidali zaie eredu bera), sikiera itxura egiteko balioko liekeena, hori ere ez dute zaintzen.
    Olaztin ere, duela hilabete batzuk margoketa lehiaketa baten sari banaketan izan ginen; alkatea eta kultur zinegotzi abertzaleak sari-emale,… hitzik ere ez zuten esan euskaraz. Españolez hasi eta bukatu, publikoan dozenaka haur elebidun, baita gurasoetako batzuk ere, baginen arren.
    Altsasun udal kultur programazioa erdalduna da %80-90ean. Bai Nafarroa Bairen eskutik, bai Bilduren eskutik ere. Polikiroldegian etengabe entzuten den musika ere, erdaraz dago ia beti. Herriko tabernetatik apenas bakar batean entzun daiteke tarteka euskarazko musikarik. Beste guztietatik erabat desagertu da, duela 10 urte sarri entzuteko aukera zegoelarik…
    Kaleko paisaia ere aldatuz doa. Duela urte gutxi nekez ikusten zen pankarta bat españolez Altsasun. Egun euskarazkoei gailentzen zaizkie aisa. Atzo bertan hiru mugak baterakoekin errausketaren aurkako manifan izan ginen. Leloa bera ele bietan zen baina española nagusi: “No a la imposición de la incineración en Portland. Herriaren hitza errespetatu”, sinadura bilketarako orriak, español hutsez: nombre, apellidos, eta abar…
    Luze jarrai genezake. Pozoinak pozoin, eta inbutuak inbutu, Sakanan euskararen berreskurpena stand by dago, udaletxe guztietan abertzaleak agintean izan arren.
    Nire uste apalean, Sakanan euskara ez bada berreskuratzen, Nafarroan euskararenak egin du. Beste alde batera begira jarrai genezake, baina egoera dena da.

    • Josu Larrea 2013-03-17 14:48

      Eskerrik asko, JJ, herriz herriko huts nabarmenen berri emotearren. Ia inbututik, pozoin potetik edo dena jaso leiken paperetik hartu eta bideratzea/zuzentzea lortzea dagoen.

      • Ez naiz Sakanan bizi, baina salatutakoen erdia ere egia bada, IKARAGARRIA iruditzen zait. Ondo argi eduki edozein txokotako abertzaleok: euskaratik eta euskara gogoan egunean 28 orduan bizi izan ezean, Euskal Herria deritzon proiektua irlandatze-gainbehera-atzera-buelta- bakoan sartuko da. Nik neuk, beti abertzale bozkatu duen honek, halako zinegotzi-alkate arguragabeari nire babesa erreteriratzen lehena izango naiz. Eta, orain, segi dezatela batzuek mezularia akabatzen!!

  • Niri ere ona iruditzen zait eman denaren berri ematea, zalantzarik gabe Bildu eta ezker abertzale inguruan asko dago hobetzeko euskeraren inguruan, eta askotan ez ahalmen aldetik, lehentasun mailari dagokionez baizik. Zenbait tokitan Jainkoa Eta Lagizarrakoek garrantzi handiagoa ematen diote gure hizkuntzari, eta hau mingarri zaigu askori (daitort). Garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke euskal abertzale ezkertiarren artean.

    • Ez dakit ondo aditzen den, kontua ez da apur bat gehiago hemendik, apur bat gehiago handik. Lehentasun erabatekoa eman ezean, EZ GARA, KITTO!! Talibanak deituko digute, baina izan, izango gara. Beren hizkuntzak onik dauzkaten estatu guztiak bezala: ez dute SEKULA ERE huts egiten eurena lehenesten, talibana edo santokristo etiketatuta ere.

  • Zein erraza den munduko erradikalenaren papera hartzea…udaletxe batean lanean ari denak betebehar asko ditu, lehentasun ERABATEKOA zein den horrela eta horrenbestez botatzeko…
    Bestalde, nik Taliban ez dizut deituko, Talibanetaz dudan informazioa oso kutsatua dut eta susmoa dut oso arin eta oker ez ote dugun erabiltzen…

    • Maierrek esan du “Zein erraza den munduko erradikalenaren papera hartzea…”
      Dirudienez, Maier, batere erraza ez dena da urtetan erradikalenaren papera egin dutenek beren botika hartu beharra beste batzuen eskutik.

      • Je, je, ez ezazula zalantzarik izan, aldaketa handiak egon dira, oposizio gogorra izan denarentzat ez da erraza besteen oposizio gogorra jasatea, eta noski, orain arte “demokratenak” izan direnentzat ez da erraza lehengo erradikalenak orain eurak baina demokratago direla ikustea…hau dena oso modu orokorrean eta umorerik galdu gabe esanda, noski.

  • Nik ikusi dut Jonjo Agirreren gutun hori. Beste edozein alderdik gobernaturiko udalen batetik jasoz gero, jesukristorenak botako genituzke hemen idatzi dugun guztiok. Zergatik ez kritikau udal abertzale bat, espainolgintzan jarduten duenean? Ze immunitate klase da hori?

    • Nik dakidala kudeaketa egokia eta nork bere hizkuntzan aritzearen artean ez dago inongo talkarik, edo ez luke inola ere egon beharko, milioika udalek eta erakundek erakusten duten bezala munduko hamaika txokotan.Beste guztia, aitzakia merkeak. Eta erraztasunaz hitz eginda, proba ezazu Bilbo Handian 24 orduz euskaldun jarduten eta esango didazu.Berriro diot, ez dugu bide luze hau penatan egin, lau ganorabako, potrojorran ikusteko.Sakanan ez dago aitzakiarik: %40 euskaldun eta gehiengo abertzalea izanda, txispak atera behar zaizkio euskalduntzeari.

      • Ados nago Jonjo Agirrek guttun horretan adierazi zuenarekin. Niri gauza bera gerturatu zitzaidan, Altsasuko udaletxean errekurtso bat jarri nuenean, Bildu udaletxean izanda. Harriturik geratu nintzen!!!!!!
        Ez dago eskubiderik!!!!

        • Alpargatero 2013-03-18 16:11

          Abertzaleok, behar bezalakoak izango bagara, kritika hauek eskertu eta okerrak zuzentzen hasteko erabili behar ditugu une honetan bertan hasita.

      • Irala, talkarik ez dago, eta ez dut halakorik idatzi. Lehentasuna erabatekoa izan ala ez, uste dut bion eztabaidaren gakoa hor dagoela, ez ditzagun gauzak bere onetik atera. Nik ez dut sinesten erabateko lehentasunengan, ongi ezagutzen dut udaletxe batetan nolako lana egoten den, eta gauzak hori baino erlatiboagoak dira (baina aurretik idatzi izan dudan kritikak hor dirau, “alderdi abertzale ezkertiar gehienetan” ez zaio behar besteko garrantzia ematen euskeraren mailari eta erabilerari, toki gehienetan).

    • Nork kritikatu du ba kritika?