#U21 hauteskunde azterketarako tresnak (I): baliodun botoak eta eserlekuak

Gaurko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bereziak dira. Ikuspegi desberdinetatik begiratu daitezke eta seguruenik guztiak dira interesgarriak. Baina, bakoitzak bere obsesioak ditu eta nirea abertzale eta espainolisten arteko borroka da. Abertzaleek inoiz lortu dituzten emaitzarik hoberenak 1986koak izan ziren. Ordutik, boto portzentajean izan duten gainbehera amaigabekoa izan da. Tendentzia garbia da, denborazko serieak aztertzerakoan ez dago dudarik grafikoan ikusi daitekeen bezala. Argi eta garbi, 1986tik 2009ra abertzaleek duten joera beheranzkoa da. Inflexio puntu bakarra 2005ean izan genuen, orduan abertzaleek apur bat egin zuten aurrera, ezer gutxi hauteskunde desbideratua bezala kontsideratzeko. Gauzak horrela, baliodun botoen %67,7tik %52,7era (baliogabekoak kontatuak izan dira) pasatu ziren epealdi osoan. Espainolistek aldiz, kontrako ibilbidea egin zuten, %31,3tik %46,1era.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak: abertzaleek eta espainolistek izan duten boto portzentajeen garapena

Orain, 26 urte beranduago, garbi dago joera aldatu egingo dela. Kontua da jakitea zein eskenatoki irudikatuko den. Hauteskunde deialdietatik ateratzen den batez bestekoei so egiten badiegu, abertzaleek baliodun botoen %59,1 lortu dute eta espainolistek %39,1. Beraz, lehenengo irakurketa bat datu hauekin egin genezake. Bi segmentu soziopolitikoak beraien batez bestekoan gainetik edo azpitik egongo dira?

Abertzaleen botoak %60aren bueltan egongo badira, emaitza onak izango dira. Baina, kontutan izan beharko dugu emaitza horiek batez bestekoaren antzekoak direla, beraz, ezingo da esan emaitza historikoak direnik abertzaleentzat. Historikoak izan behar badira, gutxienez XX. Mendeko 80. Hamarkadan (1990 hauteskundeak barne) abertzaleek izan zuten baliodun botoen batez bestekora (%65,6) gerturatu beharko lukete. Aldiz, 90. Hamarkadan (2001 barne) izaniko batez bestekotik gertu geratzen badira (%54,6), ezin izango da esan abertzaleek emaitza oso onak izan dituztela. Kasu honetan, lege kanporatzeen garaia etorri aurretiko lehengoratze hauteskunde batzuk baino ez ditugu izango.

Datu erlatibo hauek beste modu batetara ikustea da eserlekuen banaketa aztertzea. Honetan abertzaleek izan duten gainbehera nabaria da ere bai. 1986ko sabaia 52 diputaturekin izan zuten, hau da, Eusko Legebiltzarreko eserlekuen %69,3a abertzalea zen. 2005ean, 39 baino ez ziren (%52a). Bestalde, badakigu espainolisten artean badirela gutxi batzuk erradikalki demokratikoak direnak eta beraz, autodeterminazio eskubidearen alde daudela. Honen arabera aztertzen baditugu eserlekuen banaketa, gainbehera txikiago da autodeterminazioa defendatzen dutenen artean, sabaia 1986an abertzaleek zuten berdina da eta emaitza kaskarrena 2005eko 42 diputatuak izan ziren, hau da, Eusko Legebiltzarreko eserlekuen %56a baino ez.

Laburbiltzeko, 80. Hamarkadan abertzaleek zuten indarra parlamentuan 50 eserlekuren bueltan egon zen, 90. Hamarkadan 45etik gertu eta XXI. Mendean 40 inguruan. Esan dugun bezala, garbi dago aldaketa datorrela joeretan, baina zein eskenatokira bueltatuko gara indar harremanenen joko honetan? 80. Hamarkadara? 90. Hamarkadara? Tarteko bide batetara? Aurresateko zenbait pista emango dizkigu parte hartzeak (hurrengo artikulua).