M-11: gezurraren ordaina

gezurraren ordaina –

Bihar martxoak 11 ditu. Buruan iltzatuta dugun data. Une latza. Jihadistek egindako atentatuetan 192 pertsona hil eta beste 1.500 inguru zauritu ziren. Ikaragarrizko drama. Zirrara.

gezurraren ordaina

Shock egoera oso momentu zehatza da. Naomi Kleinek honela definitu du: gertaera bat jazo eta berau esplikatzen duten kontakizunak agertu arte igarotzen den tartea. Une hori funtsezkoa da. Gakoa. Erabakigarria. Bitarte horretan nagusitzen diren narratibek gerora sekulako garrantzia izan dezakete. Burua argi eduki behar da. Hotz. Hil ala bizikoa da momentua. Espainiako politikagintza kasu. 2004ko martxoaren 11 eta 14 bitartean —Al Kaedak atentatuak burutu eta hauteskunde orokorrak igaro arte— jazotako gertaerek azken bi hamarkadetako Espainiako giro politikoa trakestu dute. Markatu dute. Orduko zirimola urakan bihurtu da. Jakina denez, Jose Maria Aznarren Gobernuak eta Espainiako komunikabide gehientsuenak (PPren gobernua sustengatzen zutenak bereziki), aldez edo moldez, inolako eskrupulurik gabe, saiatu ziren iritzi publikoa nahasten, gezurra zabaltzen, atentatu lazgarri haien egiletza ETAri leporatuz.

Oraindik ere, 20 urte geroago, egia begi bistan aspaldi geratu arren, batzuek berearekin jarraitzen dute konparatiboaren teoriei haizea emanez. Eta inork ez die konturik eskatu. Ez politikariei, ezta kazetariei ere. Ez dute inolako autokritikarik egin. Teoria horien ariete izan ziren ustezko kazetari haiek —Pedro J. Ramirezek, Federico Jimenez Losantosek, Casimiro Garcia-Abadillok eta enparauek— hor jarraitzen dute, beren komunikabideetan ardura handiak izaten, Espainiako iritzi publikoa bideratzen, kazetaritzaren inguruko lezioak emanez… han eta hemen, tertulietan espazio zabalak izaten. Areago, gerora ere Pedro J. Ramirezek sariak jaso ditu Alemanian (2006an Tubingako Unibertsitatean), Israelen (2007an Isaiah Berlin saria) eta AEBetan (2013an First Amendment Award saria). Zergatik saritua? Prentsa eta adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik! Harri eta lur.

Jordi Evolek egindako azken saioan, orduan protagonista izan ziren kazetari batzuk elkarrizketatu ditu. Horietako bat Cruz Morcillo ABCko kazetaria eta idazlea izan da. Ezbeharretako berriemailea zen orduan eta Poliziarekin hartu-eman zuzena zuen. Morcillok, erasoaren egileak jihadistak zirela jakin zuenean, bere zuzendaritzari —Jose Antonio Zarzalejosi— jakinarazi zion, baina kazetak bertsio ofiziala lehenetsi zuen orduan. Triste ageri da Evoleren aurrean: «[gezurrak] Ez du inolako kosturik izan. Inork ez du barkamenik eskatu. 200 hildakoekin gezurra esan badezakezu… horrek esan nahi du edozein gezurri bide eman diezaiokezula». Jose Antonio Zarzalejos desenkusatu da programa horretan esanez… hasierako momentu nahasi haietan bertsio ofizialari, instituzionalari, nolabaiteko sinesgarritasuna eman behar zitzaiola, nahiz eta ondotxo jakin hutsune nabarmenak zituela… Aitortu egiten du Aznarrekin hartu-eman zuzena zuela, baita haren gertuko kolaboratzaile zen eta anaia duen Javier Zarzalejosekin ere. Gerora, apurka, ABCk egiari atea ireki zion, eta… Jose Antonio Zarzalejosi ere atea seinalatu zioten, harik eta zuzendaritza utzi arte.

Otegiren lekukotza

Martxoaren 11ko lehen bonba 07:36an lehertu zen. Hasierako ordu haietan, nahasmena ikaragarria izan zen. Aznarren Gobernuak eta eragile politiko gehien gehienek —baita Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere— ETAri seinalatzen zioten bitartean, ahots disidente bakarra agertu zen: Arnaldo Otegi. Garbi mintzo zen: «Ez helburuak, ez modus operandi-a, ez dira ETArenak». Inork gutxik sinetsi zion. Denetik esan zioten. Miserable, hiltzaileen konplizea… SER-eko Hoy por hoy saio erreferentzialaren zuzendari Iñaki Gabilondok berak ere ez zion zuzenean sarbiderik eman bere programan. Arnaldo Otegik berak deitu zuen SERera Gabilondorekin hitz egin nahian eta donostiarrak ukatu zion: «Esaiozue esan dezala ETA izan bada baita kondenatzen duela ere». Esaiozue esan dezala… Otegik ez zuen zuzenean hitz egin Gabilondoren saioan. Evolek galdetu zion: «Otegiri sinetsi zenion?». Gabilondok, urduri samar: «Bai, baina, momentu hartan hura ez zen garrantzitsuena. Orduan zertara geunden? Bada gertatzen ari zena kontatzera. Gerora argituko zen nor zen egilea».

Martxoak 11 egun zituen orduan. Hiru egun geroago hauteskundeak izan ziren, martxoaren 14an. Inkesta guztiek iragartzen zutenaren aurka, Jose Luis Rodriguez Zapatero garaile atera zen. Hiru egun horietan PPren gobernuak ehundu eta zabaldu zuen gezur masiboak ez zuen bilatzen zuen efekturik izan.

Jose Manuel Garcia Margallok, Rajoyren gobernuetan atzerri ministroa izan zenak, duela lau urte bere Memorias heterodoxas de un político de extremo centro (2020) liburuan, honela gogoratu du momentua. Orduan Aznarren oso gertuko kolaboratzaile ziren Pedro Arriola eta Paco Villar-ekin izan zuen solasa. «Galdetu egin nien —dio bere liburuan— baina… ba al dakigu nor izan den [atentatuen egilea]. Oraindik ez, esan zidaten. ETA izan bada mapatik aterako gara. Jihadistak izan badira, etxera goaz». Eta horrela izan zen. Aznar etxera eta Zapatero Moncloara.

Konspirazioak. Era guztietakoak daude. Mekanismo itzelak dira. Naomi Kleinek aipatu duen bezala, konspirazioek ez dute koherentziarik behar. Pagotxa informatiboak dira. Arazo konplexuak modu azkar eta errazean azaltzeko gai dira. Inkoherenteak direla? Sinisteko zailak? Nori axola dio? Bizi garen zoramen mundial honetan edozer eginaraziko digute sinesgarri, baita Gazan hildako umeak Hamaseko militanteek berek erail dituztela ere.

M-11ko atentatuen inguruan ehundutako konspirazioaren teoriek argiki agertzen dute zein den Espainiako prentsaren kalitate demokratikoa. Nola liteke horrenbeste gezur, horrenbeste min, lanbideari horrenbeste kalte egin dioten profesionalak oraindik ere kalitatearen eredu bezala agertzea? Azken batean, zein da gezurraren ordaina?

Hor, nonbait, gezurrak ez du axola.

berrian argitaratua

gezurraren ordaina  gezurraren ordaina  gezurraren ordaina  gezurraren ordaina

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude