2.200 ikasle baino gehiago Book Trailer Lehiaketan
Dagoeneko, amaitu da 2014-2015 Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako Ikastetxeen Kategorian izena emateko epea. Ikasturte honetan, guztira, 21 ikastetxe eta DBHko lau mailetako 2.243 ikasle ariko dira lehiaketan parte hartzen. Horien egitekoa: maila bakoitzerako proposatuako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko.
Norbanakoen kategorian parte hartzeko nahikoa da azken eguna baino lehen (2015eko martxoaren 13a) book trailerra web gunera igotzea.
Ikasturte honetan, gainera, parte hartaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat izango dute Liburu Gaztea web gunean ikusgai urritik aurrera. Modu horretan, orain arte ikastetxez ikastetxe eman izan diren formazio saioetako azalpenak publiko zabalagoarengana helarazi nahi ditu Galtzagorri Elkarteak, lehiaketako partaidetza izena eman duten ikastetxeez haratagokoa baita. Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortu du bideo tutorial hori Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan.
Parte hartzea hazten eta zabaltzen
Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2012-2013 ikasturtean abiarazi zuen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa, mende hasieran sortutako Liburu Gaztea Sariari jarraipena emanez. Ikasturte honetakoa hirugarren edizioa izango da eta geroz eta parte hartze handiagoa du.
Iaz 20 ikastetxek hartu zuten parte eta horietako 1 Bizkaiko San Jose de Calasanz (Santurtzi) izan zen. Bigarren saria eskuratu zuten, gainera. Bada, ikasturte honetan, 21 dira izena eman duten ikastetxeak eta 4 dira Bizkaikoak: San Jose de Calasanz (Santurtzi), Abadiño BHI (Abadiño), Txintxirri Ikastola (Elorrio) eta Juan Orobigoitia Institutua (Iurreta). Lehiaketa nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen, bizkaitarren parte hartzea salbuespen moduan onartzen du, lehiaketak sustatu duen interesa ikusita.