Memoria

Memoria

Badu momentu bat jada buruan bueltaka ideia bat dudala, bete arte pakerik ematen ez duten ideia horietako bat. Zuri buruz idazteko ideia sinplea. Anonimotasunetik, zure izena aipatu gabe, argitan egotea ez zaizulako gustatzen, gaurkoan ibilbide bat beste hainbesteren artean hitz batzuekin jantzi nahi dut. 62 udaberri, uda, negu ta udazken pasa dira jada. Bakoitzari berea eman diozu. Lehengoan oroitu nintzen zutaz ta geroztik buruan zaitut bueltaka, ezin asetu, hitzak jarri arte, paperean finkatu arte. Ariketa hau ez zait gustatzen ez dudalako ongi harrapatzen zer den nirea ta zer den gurea. Hala ere garrantzitsua iduritzen zait, egin beharrekoa, betebeharra. Gogoratzen naiz pareta horrek zuen 3 zentimetroko zulo bakarretik entzundako historio guziak, anekdota ta kantuak. Batek baino gehiagok maiz errana dizu liburu bat idazteko. Memoria lantzen den atala delako, herriarena irabazten da. Nora goazen jakiteko jakin behar da nondik gatozen, errepikatzen zenidan maiz. Ta ni entzun ta entzun. Azken berrogeita hamar urte hauek ezagutu dituzu, urrunetik edo hurbiletik, memoria bizia. Esplikatu didazu nola herria eta euskara desagertarazten saiatu ziren, desfileak hemendik debekuak handik. Baina bazineten bai banda ederra, itsaskumeak ta beste.

Memoria

Badakit momentu tristeak, bortitzak, bukaezinak, latzak…esaldi bakar batekin esplikatuko dituzula beti, « gogorra zen ». Pentsatzen dut ere, publikoki, bizitako guziaz ez duzula inoiz ere hitz bat erran nahiko, zure izenean ez duzula hitzegingo inoiz. Beraz nik hitzegingo dizut. Eta bai, horretarako ere gaude gazteak zuek zaharrak behar denean mugiarazteko. Zuen historia idatzi beharra dago, ahantzi ez dezagun, detaile bakoitzak, momentu guziak, sentimenduak. Badakit urte luze eta luzetako lana izango dela, erdi itxi, erdi ireki, ahantzi edo ezabatu nahi diren zauriak izan daitezkeela, baina eginbeharrekoa. Akatsetatik ikas dezagun, herri gisa memoria ez dezagun berriz gal. Egiazko memoria ez baita sinetsiarazi nahi izan diguten bezala datekin, ministeriozko liburutan idazten dena. Memoria pertsonek egiten dutelako, ahotik belarrira, batetik bestera, norberak bere parte sentitzen duena. Ariketa arautzen duen lege bat dago bakarrik, zer den norberarena eta zer den herriarena. Noiz jarri behar diren hitzak eta noiz isiltasunaz gozatu behar den. Ariketa zaila baina ezinbestekoa dela uste dut.

 

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA