Streaming musika alternatibak

Orain egun gutxi jakinarazi zuten Spotify musika programaren kudeatzaileek mauka amaitzear zela. Debaldeko hogei ordu beharrean, hamar, eta abesti bakoitza bost aldiz gehienez. Aldaketarekin estututa bazaudete, egon lasai, badira beste programa batzuk ere antzeko zerbitzua eskaintzen dutenak.

Non eta Suedian asmatu zuten Spotify streaming musikako aplikazioa. Modu legalean eta dohakoan 13 milioi abestitik gora entzun daitezke, baita euskarazko musika mordoa ere: Mikel Laboatik, Esne Beltzara. Hilabete askoan Spotifyn erregistratzeko gonbidapena behar zen, baina libre egin zenetik milioika deskarga izan dituEuropan streaming musika programen erreferente bilakatuz. “Itunes hiltzaile” gisa ere bataiatu dute The New York Times egunkarian. Izan ere, musutruk milioika abesti eskaintzen ditu, eta musika sortzaileek eskupekoa jasotzen dute. Non dago ba trikimailua? Publizitatea entzun behar da hiru edo lau abestitatik behin. Hilabetero 10 euro ordainduz gero publizitatea saihestu eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu: sakelakoan erabiltzea, offline musika entzuteko aukera…

Baina, joan zen astean dohako zerbitzuan mozketak iragarri zituzten. Horregatik, beste streaming programa batzuen izenek oihartzun gehiago izan dute azken egunetan. Hemen horietako batzuk:

Lehen begiradako sentsazioak:

Streamdrag: Itxura oso sinplea du, erraz sortzen dira erreprodukzio zerrendak. Youtube ataritik elikatzen da, beraz abestien kantitate eta kalitate aldetik mugatuagoa da.

Mufin: Youtube-tik elikatzen da, baina hala eta guztiz ere diska eta taldearen araberako sailkapena egiten du. Mahaigainera deskargatu daiteke aplikazio gisa. Bilaketak egiterako orduan motela da, baina interfaze txukuna du.

Deezer: Abestiak eta albumak egoki sailkatuta daude, eta azkarra da bilaketetan. Erreprodukzio zerrendak erraz egin daitezke eta interfaze intuitiboa eta erabilgarria du.

Muziic: Mahaigainera deskargatu behar da Muziic eta youtube-tik elikatzen da. Bilaketa azkarra egiten du eta zerrenda luzea aurkeztu lehenengo begiradan. Bideoa ere erreproduzitzen du. Ez du musika abeslarika edo albumeka sailkatzen.

Grooveshark: Erreprodukzio zerrendak sortu eta kudeatzeko interfaze oso eraginkorra eta ikusgarria. Musika kalitate eta kantitate handia. Sare sozialen bidez musika elkarbanatzeko aukera ematen du. Abestiak diska eta taldeka sailkatuta daude.

“Euskal labela”

Lehenbizi euskal musikarien lagin bat aukeratu eta streaming musika zerbitzuetan agertzen diren ala ez aztertu da. Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa, Mikel Urdangarin, Berri Txarrak, Negu Gorriak eta Ruper Ordorika. Denek dute lekua programa hauetan (Deezer-ek ez du Negu Gorriak) baina kantitate aldetik askotariko aukerak daude. Zalantzarik gabe Spotify da osatuena. Oro har, youtubetik elikatzen diren programek dute aniztasun gutxien.

Streaming musikaren alorrean euskal musika zaleok ez dugu zertan kexatu.

Ia inon erreproduzitu ezin ditugun kaseteetako musikaz gozatzeko aukera eskaintzen du streaming musikak.

Irudia | Spotify logoa | Dotpod.com | Creative Commons By SA

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra