Alberto Yarini, Habanak maite zuen ‘chuloa’
Alberto Yarini, Habanak maite zuen ‘chuloa’ –
Habanan nintzela, Partagas tabako fabrikako mostradorean literaturaz galdetu nuen. Betaurreko zahar batzuren atzean zegoen iraultzaren adineko emakume hari irakurzale usaina hartu bainion Cohiba aroma gainetik. Aholkua non eskatu asmatzea ez da lan erraza hainbeste ziri dituen hiri batean. “Yarini Durruchaga”-ren biografia gomendatu zidan zalantza izpirik gabe. Baina nor da Yarini?
Puro garestien ordez, liburu zerrenda batekin atera ginen handik. Fabrikara sartu aurretik ere belarrira itsatsita genituen jineteroak atzetik eskaintza estranbotikoak botatzen ari zitzaizkigula, bidaia laguna eta biok “Yarini Durruchaga” hori nor demontre ote zen eztabaidan genbiltzan. Durruchaga, ez ote zen Gurrutxagaren moldaera bat? Jatorri euskaldunekoa ote zen Habanako chulo “maitatuena”, mostradoreko andreak esan zigun legez? Artean chulo bat zer zen ere ez genekien-eta, harroputza zela pentsatzen genuen inozo-inozo. Gure ezjakintasunean ez genbiltzan hain oker.
Kapitolioaren plaza zeharkatu aurretik emakumeak esandako liburu guztiak ondo apuntatu genituen papertxo batean, Yariniren izena letra larriz apuntatu ere. %95tik gorako hezetasuna ebakitzen, Habana zaharrera bidean jarri ginen liburu denda bila. Kuriosoa da Habana, ohitu arte zoratzekoa, liburu bera CUC batean (Euro bat baino apur bat gutxiago) eta 25 CUCtan topa baitezakezu denda ofizial ezberdinetan. Denda ez ofizialetan aldiz, zure traturako abildadearen araberakoa da salneurria, merezi duzun prezioa.
Hamaika ezezko borobil jaso genituen liburu denda ofizial guztietan. Yariniren izena aipatzearekin batera ezetz zioten guztiek, eta beste libururen bat eskaintzen ziguten antzekoa balitz bezala. Kolorez beteriko azala zuten Cubako prostituzioaren inguruko hainbat liburu eskaini zizkiguten. Guk ere ezetz erantzun bizkor, Yarini Durruchaga delakoaren bila genbiltzala. Horrela itzulika ibili ginen Armen Plazako bigarren eskuko liburu merkatura iritsi arte.
Armen Plazako liburu merkatutik dezente jendek jaten du. Ez dago konpetentziarik elkarri itsatsita dauden egurrezko estante artisauen jabeen artean. Batek daki agian guztiak bat dira eta elkargo antzeko bat dute egina. Kontua da, liburu bat eskatzen duzunerako, plaza osoak dakiela zeren bila zabiltzan. Eta horrela abantailaz hasten direla tratuan, edozein ale altxorra bailitzan salduz. Okerrena da, haiek jakin ala ez jakin, benetan altxor mordoa dutela han. Munduan beste inon topatu ezin diren altxorrak. Inolaz ere ordaindutakoa balio ez dutenak.
Souteneur habaneroaren izena aipatzerako, oso ondo muntatu zuten plana, eta bakarrik bi saltzailek erakutsi ziguten alea plaza osoan. Haietako batek azala hautsita zuen. “Mira hermano, este es un libro que no vas a encotrar en librerias del Estado”, eta gisako argumentuez limurtu nahi gintuzten salneurri ahalik eta puztuena jartzeko asmoz. Habanara iritsi nintzenean oso txarra nintzen erregateoan, baina ordurako zerbait banuen ikasia eta pare bat aldiz ezezko irmoan amaitu genuen tratua. Plazari azken buelta bat eman eta 5 CUCtan atera nion alea. “Son duros los vascos”, irriz berak. Ziur denei berbera esaten ziela, edo ez. Horrekin hilabete erdiz jateko bazuen, txitxarroi dezente erosteko-edo. Nik banuen zakukada liburu, eta tartean Dulcila Cañizaresen, ‘San Isidro 1910, Alberto Yarini y su época‘.
Durruchaga abizenik ez zen ageri inon Cañizaresen lanean, bere jatorri euskaldunaren hipotesia errefusatu genuen beraz. Alberto Yarini XIX. mende amaierako proxeneta famatuaren biografia zen hura, ikerketa lan bortitza, bera ezagutu zuen jendearen testigantzetatik eraikia. Kazetaritza lan brillantea. Oso nobeleskoa, lotzen zaituen horietakoa, beltza. Trinidadera bidean pintxazo bat aski izan zen liburua jateko lehen orrialdetik azkenera.
Garai haietan, mafiak irla karibearreko hiriburua hezurretaraino hartuta zuenean, prostituzioa industria bat zen. Gizonezkoentzako aisialdi sexualaren industria, ehunka emakume esklabu sexual bihurtu zituena San Isidro auzoko “bost zonetan”. Hastapenetan, “ofizio” horretan esklusiboki arraza beltzeko esklabuek jarduten zuten, baina, independentzia gudek ekarritako txirotasunak eta baliabide eskasiak emakumezko zurien portzentaia erruz igo zuen. Mundu osotik zetozen prostitutak, batez ere Hegoamerikatik eta Europatik, haietarik asko Madrildik eta Andaluziatik. ‘La Lucha’ egunkariko kazetari batek halaxe zioen: “Urreak erakarrita beti, batzuetan engainatuta, besteetan haien borondatez, taldetxotan iristen ziren kaira, morroi xahutzaile eta eder batek lagunduta. Honek ogibide bat promesten zien; modistena, kapeluginena, kamareroena… ondoren ‘bizi txarrera’ eramaten zituen (…)”. Guzti horri profesional frantsesen inmigrazioa gehitu behar diogu, ez baitziren otar bereko sagar. Prostituta frantsesek iraultza ekarri zuten, izan ere, sexu orala zekarten, ordura arte Cuban ezezagun zena. “Frantsesa”.
San Isidro esaten denean, Yarini esan behar da.
Famili onekoa bazen ere, souteneur bizitza hautatu zuen Alberto Yarini y Ponce de León jatorri italiar eta kanariarreko gazteak (Biografian ez zen Durruchagarik inon ageri, misterio bat da Partagas fabrikako emakumeak nondik atera zuen euskal abizena). “Oihal finenetan bilduta” jaio zen, Cañizaresek idazten duenez, Cirilo Jose Aniceto Yarini zirujau eta dentistaren eta Emilia Ponce de León emakume finaren amodio harremanetik. Aitaren pausuak segi zituen bere anaia Cirilori ez bezala, gaztaroan ez zitzaion ezer falta izan eta beti nahi zuena lortzera ohitu zen, inguru matxista eta patriarkal hartan. Kontua da Yarini Habanako jaun eta jabe egin zela sexu industrian, gizon errespetatua izan zen, lagun eta etsai mordoa egin zuena eta eragina izan zuena garaiko hiriburuko arlo guztietan, politikan barne. Alderdi Kontserbadoreko kidea zen eta garaiko burgesia dirudunenarekin zein herri xumeenarekin nahasten zekien. Diotenez beti zen edonori laguntzeko prest eta fina nahiz elegantea izateaz gain oso bortitza omen zen. San Isidroko putetxe guztiak bereak ziren, tolerantzia gunea kontrolpean zuen alajaina. Gerardo Taylor San Isidroko bizilagunak industria haren tamainaz ohartarazten gaitu biografian: “San Isidrori atera zaion diruarekin kale osoa urrez asfaltatu liteke eta espaloi bakoitzean harribitxi handiak jarri”. Zenbat emakune gaixoren negarra, odola eta bizitza kostatu ote zuen bidegabekeria hark?
Gaueko bederatzietatik aurrera, etxeak zabaltzen zituzten eta bertako argiek, zein, musika eskaseko kafe teatroek giro berezi bat ematen zioten San Isidrori. Egunez lasaitasun hutsa zena, gauez sua, sexua eta pornografia bihurtzen zen han. Hurrengo goizera arte. Gaueko izerdi eta gorputz jariakinen usain ustela soilik geratzen ziren eguneko lehen orduan, zuloen garbiketaren ondorio. Hori zen San Isidro.
José Basterretxea Zarduendo, Louis Letot eta prostituten guda.
Louis Letot souteneur frantsesaren agerpenarekin eta honen botere gosearekin zeharo lotuta dago Yariniren gainbehera. Letot izan zen chulo habanarraren etsairik handiena, elkar akabatzeraino. Eta istorio hau ezingo genuke ulertu Jose Basterretxea ‘Pepe’ gabe, Yariniren lagun mina. Altua, ile beltzekoa eta begi berdekoa; indartsua eta sudur zuzenduna zela kontatzen du Cañizaresek. Bere amaren negarren eta erreguen gainetik izan zen proxenetaren lagun fidelena heriotzera arte. Aitak, Jose Basterretxea Oiartzabal bizkaitarrak, 18 urterekin utzi zuen Euskal Herria karibera fortuna bila joateko eta Angela Zarduendorekin batera hamar seme-alaba izan zituen. Tartean ‘Pepe’.
Basterretxeak Jose Anicetoren dentista-kontsultan ezagutu zuen Yarini eta ordutik bat izan ziren 1910eko azaroaren 22 odoltsura arte. Egun hartan Habanako prostibulo ia denak bururik gabe geratu ziren. Louis Letoten eta Yariniren lehia ez zen soilik profesionala, amodioak etsaitutako bi gizon boteretsu ziren garaiko Habanan. Kubatarrak fama ona eta begirunea zuen hirian. Frantsesak botere gosea eta negozioaren zati handi bat. Azken txispa, dinamita lehertarazi zuena, “La Petite Berthe” izan zen. Letotek azken bigarren bidaian Frantziatik ekarritako prostituta gazte eder bat, sekulako fama zuena.
Habanan famatu egin ziren koplak:
“Franceses carentes de honor,
salid de Cuba en seguida,
si no queréis que Yarini,
os arranque vuestra vida”
Letotentzat esklusiboki egiten zuen lan Berthek, baina nagusia berriz bidaian Parisera joan zenean Alberto Yariniren luxuak ikusita, souteneurrez aldatzea erabaki zuen. Eta Yarinik onartu, nahiz eta jakin gudu baten hasiera izango zela hura. Frantsesa bidaiatik itzultzean Yarini pertsonalki joan zitzaion gertatu zena kontatzera, jada ezpata soinuak entzun zitezkeenean. Letoten chuloek kubatarra akabatu nahi zuten, ohorea berreskuratzeko bide bakartzat zuten hura.
Amaiera
1910eko azaroaren 22an Louis Letotek Yarini tirokatuta larriki zauritu zuen bere putetxeetako batetik atera zenean. Basterretxeak erantzun eta momentuan bertan akabatu zuen frantziarra, buruan asmatu baitzion Yarinik oparitutako errebolberrarekin. Aurrez ondo prestatutako ekintza izan zen, aurreko espaloiko teilatuetan kide frantsesak baitzituen lana amaitzeko.
Alberto Yarini Ospitalean hil zen eta notizia hiriburu osoan zehar hedatu zen ordu gutxitan. Bere hiletara 10.000 habanar joan ziren. Alberto Cárdenas hilerriko langileak zioen: “Inoiz ez dut ahantziko hileta hura, ikusi dudan handienetakoa baita”. Zaldi ederrez tiratutako luxuzko karroza batek zeharkatu zuen Habana, Yariniren jaiotetxetik hilerriraino, atzetik sekulako jendetza zuela. “Ez pentsa jende taldetxo bat zenik, masa erraldoi bat zen espaloitik espaloira etxadi mordo batean zehar”, zioen Cardenas ehorzleak. Heriotzak berak mito bihurtu zuen.
Basterretxea berriz, epaitu eta kartzelan sartu zuten. Ziegan denbora bat igaro ostean influentzia politikoak medio indultatuta atera eta lanpostu bat lortu zuen Loteria Nazionalean.
Cubak hori du lagun
Eta Habanara itzuli ginenean, berriz Zarautzera etorri aurretik, Yariniren kaleak zeharkatu genituen berriz ere. Detaileei eta historiari gehiago erreparatuz, beste betaurreko batzurekin begiratuz oro. Ikusi genituen XX. mende hasiera hartan prostituta etxeak zirenak, egun Habana turistikoan kamuflatuta. Esklabutza sexualaren auzoa, San Isidro. Alberto Yarini hil zuten lekua eta inguruak. Txundigarria izan zen. Aitzakia ederra Habana askoz ere hobeto ezagutzeko puntarik punta. Cubak hori du lagun, ordutik hona ez dela deus aldatu gauza batzuetan.
…
Beste erreferentzia batzuk:
- Dulcila Cañizaresen, ‘San Isidro 1910, Alberto Yarini y su época’. (Ederra)
- Pelikula txar bat egin dute istorioa aitzakiatzat hartuta. (Ez dizut gomendatzen ikustea)
- Requiem por Yarini antzezlana.
- Oraindik ere erabiltzen dute Yariniren mitoa. Hemen.
Ederra istorioa.