Ortzirale beltza

Ortzirale beltza –

Ortzirale beltza
LAB eta Ernairen mobilizazioa “ostiral beltza”-ren harira. Arg: LAB

Koldo Biguri idazleari irakurri diot Black Friday ekimenari “ostiral beltza” edo “viernes negro” izena jarri izan baliote inork ez lukeela “txitxarro bat ere” salduko.

Eta, bai, hala da. Erosketarik Gabeko Eguna deitzen zitzaion garai batean azaroko laugarren ortzegunaren ondoko ortziraleari. Elkarte ekologista eta antidesarrollistetan genbiltzanok, bederen, halaxe deitzen genion: Erosketarik Gabeko Eguna.

Halako egunerako kontsumo greba egitea proposatzen genuen, hau da, egun oso bat deus ere erosi gabe igarotzea. Eta aurreko astean truke azokak antolatzen genituen, edo kontsumismoaren aurkako hitzaldi eta tailerrak, ortziralekoa berotzen joateko.

Eta Erosketarik Gabeko Egun hartatik zer gelditzen zaigu? Bada, deus ere ez. Ezer ez. Kapitalismoak hezur-muinetaraino sartu digu Black Friday hori, eta lortu du egun hori izatea, hain zuzen ere, kontsumo handieneko eguna. Hori da marka hori!

Mugimendu ekologistak ez ohi du garaipen askorik izaten. Areago, trebea da porroten bilduma egiten. Baina ortzirale beltzarena itzela da.

Eta, bueno, gaurkoan istorio negargarri hau gogorarazi nahi nizuen. Bertzerik ez. Egun ona izan dezazuela.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 25ekoa]

Ortzirale beltza

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

Zer duzu buruan “Ortzirale beltza”-ri buruz

  • Ziria sartu digute hezur muinetaraino kapitalista zikin horiek. Black Friday beltza baino beltzagoa da, gure zabarkeria kontsumistaren ispilua. Batzuek gabonetako oparietan aurrezteko aitzakia bezala darabilte. Baina pentsa beherapen horien portzentaietan… Eta horietatik oraindik etekinak aterako dituzte seguruenik. Artalde etsituari telebista berria erostearen euforia baino ez zaio geratzen dirudienez.