Mugikortasun aukerak: Trenean hiriguneraino

VanessaZein mugikortasun eredu ditugu aukeran eta zeintzuk dira herritarrok gustukoen ditugunak? Vanessa Zumarragan bizi da eta Donostian egiten du lan, 57 km-ra. Trena aukeratu du egunero lantokiraino iristeko.

Zergatik trenez?

Trenak Zumarragatik Donostiako erdiguneraino eramaten nau, lantokitik 5 minutura oinez. Alde horretatik oso erosoa da. Gainera, bidaia beste gauza batzuk egiteko aprobetxatzen dut, irakurtzeko, adibidez, edota lagunekin hitz egiteko. Beti topo egiten dut ezagunen batekin trenean. Horrez gain, trenak autobusek edo autoek baino askoz ere gutxiago kutsatzen dute.

Askok esango dute trenez denbora gehiago behar duzula Donostiara iristeko, baina auto-ilarak direla eta ez direla, aparkatzeko ematen duzun denbora eta abarrak; azkenean, merezi du autoa etxean uztea.

Badu alde txarrik trenez bidaiatzea?

Bai, noski. Ordutegi bati lotuta ematen dut eguna, ez du autoak ematen dizun askatasun hori. Gainera, neketsua izatera irits daiteke, egun osoa bidaiatzen ematen duzula dirudi. Batzuetan ere, atzerapenak izan ohi dira, edo trenak hondatu eta geldituta geratzen zara. Baina, tira, autoz joanda ere gauza berbera gerta dakizuke; are gehiago, errepidean trenbidean baino ezbehar gehiago egoten dira!

Zenbat denbora ematen duzu trenean egunero?

Zumarragatik Donostiara, ordubete justu. Gero, tren geltokitik lantokira, bost minutu oinez. Guztira-guztira, etxetik irteten naizenetik etxera berriro sartu arte, bi ordu eta erdi behar dut joan-etorrietarako.

Zenbat diru kostatzen zaizu hilero trenean bidaiatzea?

Treneko hileroko txartelak 71,90 euro balio du. Baina egunen batean autoa hartu behar badut, gastuak gora egiten du: gasolina, bidesariak, aparkalekua…

Trenez bidaiatzea gustuko duzula esango zenuke?

Baietz esan beharko… Zazpi urte daramatzat trenean gora eta trenean behera!

Zer iruditzen zaizu Euskal Herriko garraiobide publiko sarea?

Europan bizi izan naiz eta argi dago oraindik gauza asko ditugula hobetzeko. Txartel bakarraren gaia, esate baterako. Aspaldi egon behako luke martxan. Eta prezioena… Nola da posible, Renfek ikasleentzako prezio berezirik ez izatea aldirietako trenetan? Madrilen badago, baina Gipuzkoan, adibidez, ez. Ulertezina da.

Horrez gain, Euskal Herria hain lurralde txikia izanik, nahiko gaizki komunikatuta dago, hiriburuak kenduta. Zumarragatik Bilbora joan nahi badut, egunean bi autobus besterik ez ditut, bata goizean eta bestea arratsaldean. Eta berdin Gasteizera joateko, egunean bi tren. Eta Zumarraga ez da herri txiki bat!

Gauza onak ere baditugu. Bidegorri sarea nahiko ona da eta sarea zabaltzeko etengabe ari dira lanean.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.