Nafarróa

Nafarróa –

Azken urteotan, nahiko jarduera ohikoa bihurtu da entzutea “Nafarróa” hitza, horrela, azentu grafikoa balu bezala, betiere espainieraz hitz egiten edota irakurtzen ari direnean, eta, segur aski, hori esaten duten pertsona horiek, pentsatuko dute, azentu horrek oso euskaltasun handia ematen diela beren hizketaldiei.

Nafarróa
Arg: Marco Verch

Niri, betidanik, belarrietan, halako kolpetxo desatsegina gertatu izan zait horrela entzutean. Are gehiago, oso oker ez banago, orain dela aste batzuk, Onintza Enbeitak berak ere, bere zutabe batean, antzeko zerbait aipatu zuen.

Izan ere, euskal azentuazio estandarrari buruzko gaietan, ni batere aditua ez banaiz ere, Txillardegi, Iñaki Gaminde eta beste autore ospetsuen azalpenei jarraituta, hala nola, ETB1en erabiltzen dutenari eta Berria egunkariaren audioetan entzuten denari ere kasu eginez, behinik behin, ez zait iruditzen modurik egokiena izan daitekeela, “Nafarróa” hitza horrela ahoskatzea, alegia, doinuera horrekin.

Beraz, pentsatzen dut, ez legokeela batere gaizki, ohitura kaskar eta ez gomendagarri hori, pixkanaka-pixkanaka, hasiko bagina aldatzen eta zuzentzen, modu egokixeago batez entzuteko. Adituen arabera, euskara estandarrarentzat, jakina, aproposagoa omen da honela: “Nafárroa”. Ea noizbait sumatzen ote dugun aldaketatxo hori! Bururatuko ote litzaiguke esatea, konparazio baterako, “Berastégi”? Bada, oker ez banago, antzekoa omen da.

Nafarróa

Auritz. Idazlea

18 pentsamendu “Nafarróa”-ri buruz

  • Ez zaizu arrazoirik falta, baina euskaldun askok, gaztelaniaz hitz egiten dutenean, basko samarra deritzen azentuazioa erabiltzen dute hiru silabatik gorako euskal hitzak eta deiturak ahoskatzean: “hoy desde Nafarróa y Zuberóa han venido Arrizabalága, Azurméndi, Etxebarría y Sarrionandía”. Eta okerrago dena, sarritan (ETB lekuko) baita euskaraz hitz egiten dutenean ere: “gaur etorriko dira Arrizabalága, Azurméndi, Etxebarría eta Sarrionandía”.

    Zure deituraren kasuan ere egingo nuke jende askotxok “Be-gi-ris-tá-in (erdaldunen batek, akaso, Begiristaín) aparece en Zuzeu” diotela erdaraz aritzean, eta “gaur Begiristáin agertzen da Zuzeun” euskaraz mintzatzean.

    Baina ez dugu erremediorik.

    Eta badaezpada ere, gurea gozatzea eta disfrutatzea baita hizkuntza hegemonikoak eskuzabaltasunez eskaintzen digun unibertso unibertsalaren baitan, ez dugu egonezinik sor diezagukeen ezertxo ere irakurriko eta hausnartuko. Atzokoan Odriozolak kaleratutako artikulua, esaterako: https://www.berria.eus/paperekoa/1896/012/001/2021-08-27/hizkuntzaren-ispiluan.htm.

  • Neuc batzutan Naffarróa ahoscatzen dut eta berce batzutan Naffárroá.

  • Eta zein da, orduan, oro har euskarak erabili beharreko ahozkera? Bizkaitarra, Nafarra, Zuberoakoa, kastellanizatua, frantzestua??? Gure grafiak azentu markak erabiliko balitu arazo gutxiago batzuek ikasterako orduan.

  • Bai, nik uste dut batzutan azentu gráfikoa erabiltzen hasi beharko genukeela halako kasu nahasgarrietan,batez ere bi eta hiru silabako hitzetan. Hobe da intonazo narrasari.aurrea hartzea.

  • Ez dakit baina azentu mota hori ezker abertzaleko mundukoa da. Otegi bera hedabideetan agertzen zenean azentu mota horrekin hitz egiten zuen eta neure buruari galdetzen nion ea hauei zer gertatzen zaien. Otegi bezala bere orbitako guztiak. Beti xelebrearena egiten ibili behar hor zehar!

  • Zein da zuzena: “eskerrik askó” edo “eskerrik ásko”?
    Ezjakintasunetik galdetzen dut .

  • Nire ustez, Euskal ezentua hitz bereko SILABA BATEN BAINO GEHIAGOTAN GERTA DAITEKE.

    eskErrikaskO, adibidez

    Intonazo musikala
    Edo Dantza.doinua

  • Euskahaldun 2021-08-30 11:46

    Euskara hizkuntza diatonikoa da, beraz ez dauka zentzurik azentuak jartzea, esaldiaren arabera azentuaren kokapena aldatu egiten bait da. Hizkuntza bat ikastean, azentuak baino hizkuntzen entonazio eta musikalitateari garrantzi gehiago eman behar zaio.

  • Mikel Haranburu 2021-08-30 13:04

    Azentua eta tildea edo zeinu grafikoa bereizi behar dira. Euskararen azentuazio nagusia, Txillardegiren azalpenean ikasi nuenez, “plus 2 minus 1” da; alegia, bigarren silaban eta azkenean, honetan bigunagoa izanik. Hizkuntzalariek baiezta ala ezezta dezatela. Hortik E(n)úskara eta ez Euskéra. Nahiz eta tradizioan denetarik aurkitzen ahal dugun.
    Azalpenari jarrraiki, Euskaraz azentu-unitateak daude, ez hitzak; azentu unitateetan bi hitz egoten da sarritan. Alabaina, bi silabako izenetan ziuraski “plus 1” egiten da (Íker Góñi Bílbon). Batzutan bi eratara: Áritz, Arítz.
    Dena dela, intonazio horiek ez dira, fonetikoki, erderetan bezain gogorrak, ez behintzat Gaztelaniaz tildeak agintzen duenaren pare.

  • Arazoa da EUSKERAREN intonazio dantzari hori zurrun bihurtu dela erdal ukitua duten gune ASKOTAN.

    Hortaz, klitxe gaizto asko sortuz doa gero eta gehiago.
    Printzipio.eta arau teorikoez at, egiazko errealitate gaizto horri erantzun behar zaio.
    Hortik nire AZENTU GRAFIKOAREN proposamena.

  • Iñigo Agirre Mendieta 2021-09-02 09:57

    Zuzen zaude Xanti, osoki. Ahoskeraren inguruko alarma-hotsa bizkor zabaldu beharra dago. Euskara batua zeharo gaixotu du azentuazio berri arrotz honek.

    Euskalgintzan pisua duten pertsona publiko asko (euskaltzain batzuk, Jakin-eko norbaitzuk, Topaguneko norbait, politiko ugari, zenbait euskal idazle ospetsu, hainbat ekintzaile eta abar) ‘konparazíoa’, ‘askatasúna’, ‘elkarrekíntza’, ‘zoriontasúna’, ‘euskalgíntza’, ‘teoría’, ‘nireústez’, ‘nireetxéa’ eta antzekoak jaurtitzen entzuteak amore emateko gogoa sortzen du. Jada ez du amorrua ere sortzen. Sinpleki, etsigarria da. Orain dela 25 urteko edozein euskaldun lotsarazteko moduko ahoskera darabilte euskararen etorkizuna eskuetan daukaten askok. Zinez da tristea. Txillardegik edo Mitxelenak hau ikusiko balute… ai ene haien aieneak!

    Hau guztia euskarak hizkuntza moduan bizi duen barne-desegitearen eta usteltzearen adierazgarri izan liteke (Hualderen “extinct” teoria). Beste adierazle bat gehiago. Azkenean euskara espainolaren eraginez apurka-apurka inplosionatzen dabilela lirudike. Azentuazioaren hondamendia etorkizun ilunago baterantz emaniko urrats bat gehiago besterik ez ote den beldur naiz.

    Orain dela 25 urte agerikoa zen euskara batuarentzat azentuazio egokia zein zen. Guk txikitan ETB1en ikusten genituen marrazki bizidunetako azentua, hori da euskara batuaren azentua. Ez dago oso urrun joan beharrik. Azentu egokia hor geneukan jada, lortua zegoen, gaixotasun batek harrapatu eta metastasiatu duen arte.

    Halarik ere, gaiak ertz asko ditu, eta ez nuke nahi sinplea dela diodala iduri dezan. Hainbat azentuazio desberdin dira onargarriak euskara batuan, ez inondik ere bakarra. Euskal azentua ikaragarri konplexua da, eta horregatik ez da ezer arautu, hautua norberaren gain uzten delarik. Haatik, onargarria/gomendagarria zer ez den ongi identifikatuta dago: ‘Nafarróa’ eta gisakoak, hain zuzen ere. Ziurtasunez esan daiteke hauek ez direla egokiak forma estandar baturako (orain dela gutxira arte euskaldun orok zekien moduan). Euskaltzaindiaren gomendioak argiak dira, nahiz eta zoriotxarrez euskaltzain batzuek ere gomendiook betetzen ez dituzten.

    Euskalki/azpieuskalki jakin batzutatik edota erdaratik datozenen kasuan azentuazio horren erabilera ulergarria da, baina gehiengoaren kasuan ez. Gehiengoaren kasuan asimilazioa besterik ez da. Hizkuntzaren usteltzea eta endekatzea.

  • Arrazoi faltarik batere ez, Xanti.
    Hori bai, ez zaitez Bizkaira hurbildu, zeren eta belarriak odoletan haziko baitzaizkizu. Bizkaian bai entonazio, ahoskatze eta euskararen era guztietako higaCHea… Barka! Higatzea esan nahi nuen.

  • Etb2an are okerrago oraindik. Iparraldeko herri eta irien izenak frantsesez ahozkatzen dituzte betitik. Eta gainera bi izen dituztenei, Anglet-Angeluvesaterako, beti lehengoaren alde egiten dute. Erakunde horretan ez du inork guzpiderik jartzen. Zer egin dezakegu ETB1 eta ETB2an ageri den kolonialismoaren kontra?

  • Garai batean “ Dragoi bola” eta horrelakoak izaten zuten arrakasta! Zergatik kendu zituzten? Buruari bueltak eman izan dizkiot eta burutik ezin kendu: kentzeko arrazoi bakarra zuten arrakasta behar zuen izan. Ez dut beste arrazoirik aurkitzen.
    Emaitzarik ez duten beste txiringito batzuetrako, aldiz…
    Barnean dugu etsaia

  • JJ,

    Uste dot Bizkaiakoa izango zarela, osteratzean ez dot ulertzen bizkaiera izendatzea hain zuzen be intonazio txarraren eredu moduan

  • Izan ere, nahiko egur jasotzen dago bizkaiera azkenotan, UPVko jende dotore zenbaiten aldetik.

  • Bizkaitarra naz, bai. Horregatik aitatu dot, hain zuzen be. Bizkaiera beti izan da baztertua eta horren ondorio be bada gero eta hedatuago dagoan ahoskatze kaxkarra, sarri,ez ikastetxeetan eta euskaltegietan, ez jakolako arretarik eskaini. Oso deigarria egin izan jat beti, Bizkaiko eskola-ume eta euskaldun barri askok TZ EZ ahoskatu izana, eta aldiz Nafarroa, askoz baldintza okerragoetan askoz ahoskera zainduagoa izatea bai haurrek, bai euskaldun barriek be. Min emoten dau, ez soilik bizkaitar euskaldun barriei,ç, gero eta gehiago euskaldun zaharrei be, TZrik ahoskatu ez eta dana TX bihurtu izana. LarrabeTZutik LarrabeTXura eta ArraTZutik Arratxura, aTZotik aTXora, alTZotik alTXora… igaro gara urte gitxitan, eta inor gitxik esaten dau ezer…

  • Eztabaida interessant haur irakurriric, pensatzen nago ecen nere inguruco bizcaitar anhitzec, euscaraz eguiten dutela accentu gaberic.
    Costaldean minçatzen ohi da halaco forma cantatuan.
    Nere ustez, espainiar içaiteac marcarzen draucu halaco tonicitatea. Espainiaco gaztelera standardac marcatzen du cein içan behar den sillaba tonicoa. Francesac ez duque hala eguiten, bainan ahozquera berhecia dute ere.
    Euscaraz nere ustez nahi erarat ahosca daiteque, cehaz ez deçagun bitartean hitzen berheizqueta bat intonationearen arauerat.
    Costaldean ascatassunez intonatzen duten euscaldunec hala daguite ceren ez bait dute gazteleraz pensatzen.
    Beno, interessant gaia.
    Adeitassunez