Zientzia.net webguneak itxura berritu du, eta atal berriak eskaintzen ditu

screen-capture

Elhuyar Fundazioak publiko orokorrarentzat ekoizten dituen edukiak bilduko dituen plataforma izango da Zientzia.net.

Zientzia.net webgunea goitik behera berrituta dator. Itxura eta funtzionalitate berriak ditu, eta baita atal berriak ere: zientzia-telebista, zientzia-irratia, elkarrizketak eta argazki-galeriak. Zientziaren eta teknologiaren bilgunea izango da Zientzia.net, eta ia 15.000 edukitik gora aurkituko ditu erabiltzaileak artikulu-, audio- eta bideo-formatuetan eta gaika banatuta: ingurumena, osasuna, teknologia, biologia, bioteknologia, astronomia, fisika…

Elhuyar Fundazioak publiko orokorrarentzat ekoizten dituen edukiak bilduko dituen plataforma izango da Zientzia.net —Teknopolisen, Norteko Ferrokarrillaren eta Elhuyar aldizkariaren edukiak bilduko ditu besteak beste—. Gainera, edukiak baloratzeko, iritzia emateko eta iruzkinak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. Bestalde, zientzia-dibulgazioko liburuen gomendioak ere kontsultatu ahal izango dira Liburutegia atalean, eta zientziaren eta teknologiaren agenda ere izango dute eskuragarri. Harpideek astero-astero jasoko dituzte zientziaren eta teknologiaren berriak beren posta elektronikoan, Zientzia.net-en asteko buletinaren bidez.

Zientzia.net webgunean 600 bat erabiltzaile erregistratu dira, eta 30.000 bisita inguru jasotzen ditu hilean.

Elhuyar Fundazioak 2001. urtean jarri zuen martxan Zientzia.net sarea, zientziari eta teknologiari buruzko berriak euskaraz emateko. Urte hauetan guztietan, hutsik egin gabe erreparatu dio Euskal Herriko eta munduko zientziaren egunerokotasunari, eta zientzia eta teknologiari buruzko albisteak, erreportajeak, agenda… argitaratu ditu.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.