Gure kargu publikoen hizkuntza publikoaz

Gure kargu publikoen hizkuntza publikoazZe hizkuntza hitz egin behar du jendaurrean gure kargu publiko batek? Eman dezagun, Gipuzkoan, Euskal Herriko lurralde euskaldunenean, jada 2001ean biztanleen %71,1 euskaldun zuena (%51,5 euskaldun oso, %19,7 ia-euskaldun, euskaraz ulertzen zuena gutxienez), eta soilik %28,9 erdaldun elebakar, nahiz hauetako askok ere, zeinek gehiago zeinek gutxiago, zerbait behintzat ulertzen duen. 2011n ~%80 inguru izango gara euskaldun. Edota Donostian, gure hiribururik euskaldunenean, 2006an %67 euskaldun (%40,4 euskaldun oso, %26,6 ia-euskaldun)? Edo Andoainen, edo…?

 

Politikariak, berak nahi duen hizkuntza hitz egingo du. Ez? Funtzionarioak, herritarrak eskatutakoa egin beharko du. Egin beharko luke, euskara baleki behintzat. Eta herritarrak espainolez aritzeko eskatuz gero, espainolez egin beharko dio. Baina politikariak, berak aukeratu lezake hizkuntza bere jendaurreko azalpenetan. Ez dio inork inposatzen. Eta ezin du soinean euskaraz bizi nahi dut lema eraman, pankartan euskara hautatzeko askatasuna eskatu, eta gero, bere esku duenean, prentsaurrekoa, ETB2ko eztabaida, zeinahi elkarrizketa, espainolez egin. Itzuli diezaiotela, nahi badute. Ez gara beti gu izango gure hitzen itzultzaile.

Gure politikariak jendaurrean beti euskaraz egitea hautatzen badu, hedabide guztiek euskarazko hitzak jaso beharko dizkiote beti, zuzenean erakutsi nahi badute, nahiz gero bere hitzak itzuli beste zeinahi hizkuntzatara. Baina politikariak erakutsiko du, bagarela, ahal dugunean, euskaraz bizi nahi dugun hiritarrak. Eta euskaldun bihotzekook harrotasuna sustraituko dugu gure bihotzetan. Ia-euskaldunak euskalduntzeko nahia areagotuko. Eta ez dakienari, ikasteko beharra sortuko dio, zuzenean ulertu nahi edo behar badio behintzat, besteak beste kazetariak. Eta ikasi nahi ez badu, ez du orain arte egin duen baino ahalegin gutxiago egingo gu ulertzeko. Noski, hedabideek manipulatu ahal izango lituzkete gero politikarien hitzak. Baina ez al dute jada orain ere beste hainbeste egiten, nahiz hitz guztiak apropos eman espainolez?

Gure politikariak aldiz, jendaurrean espainolez egitea erabakitzen badu (nahiz euskaraz ere egin), erakusten du bera ez dela ahal duenean “euskaraz bizi nahi duen” horietakoa. Ez duela erabiltzen bere askatasuna, “euskara hautatzeko”. Baizik eta, berak ere ondo dakiela hainbat balio jartzen bere euskal nortasunaren eta hizkuntzaren gainetik, eta nahiago duela balio horiek, badaezpada ere, espainolez komunikatu. Euskaldunok ondo segituko dugu ulertzen, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Donostiako Alkateak, zinegotziek, diputatuek, ondo asko segitzen dutela jakiten “gauza inportanteak espainolez egin behar direla”. Nahiz gero (edo lehenago) euskaraz ere egin. Eta orduan berdin izango dio sentimenduz egiten duen, edo dekorazioz.

Baina ez al zen horixe orain arte “beste” politikariek egiten zutena? Eta Bildukook ez al ziren ba guretakoak? Gero, hauek ere, guri etorriko ote zaizkigu berriro beti euskaraz egiteko eskatzen, beraiek egiten ez dutenean. Martxa hori ordea ezaguna zait. Nola ez dio ia-euskaldunak alferreko irizten segituko erabat euskalduntzeari, euskaldun “eredugarriek” espainolez egiten badiogu! Ez dakienak, nola ez du euskaraz ikasi gabe jarraituko lasai. Zertako ikasi, Bilduko erradikalenek ere lehenago edo geroago dena espainolez ematen segitze badiote?

Ez ote da gizabidezkoa dena euskaraz egitea? Lotsagabea ote da gure hizkuntza gutxienez ulertzeko eskatzea? Eta zer ote da orduan Euskal Herrian bizitza osoa egitea bere hizkuntza inposatzen guri euskaldunoi beraiekin bizi ahal izateko? Hori al da gizalege?

Politikariok botoak galduko ote dituzue, aurretik hainbeste aldarrikatu duzuena betetzeagatik? Nolatan hainbeste espainol zuen ahotan? Errespetuagatik egiten duzuela? Nori errespetu? Gero zuek ere pribatuan katalana hitz egiten duzuela zuen bileretan, edo Madrilen euskara zuen bikotekidearekin? Eta zer? Hori ia zuen bizitza pribatua da. Maoria hitz egiten baduzue bezala, edo zuberera ederra. Hiritar pribatuarekin ere egin beharko duzuen bezala. Baina publikoan…

Orain, ahal duzuenean, zuek zuen lan publikoa ez baduzue euskaraz egiten, gero nori eskatu behar diozue egiteko? Nori eskatu behar diogu? PPkoei? PSOEkoei? Euskararekin ezer gutxi jakin nahi duenari?

Edo orain, edo inoiz ez. Animo.

P.S. Artikula GARA egunkarian agertu zen joan den uztailaren 13an (eta BERRIAra ere bidalia da, nahiz ez duten oraingoz argitaratu).

Gure kargu publikoen hizkuntza publikoaz

4 pentsamendu “Gure kargu publikoen hizkuntza publikoaz”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague 2011-07-18 16:26

    Bitxia da batzuen ahotik portzentaiak, inposaketak eta, orokorrean, hizkuntza eskubideak norbait urrezko araua urratzera ausartzen denean baino ez direla entzuten; alegia, Bittorrek esan bezala, politikariak-edo adierazpenak euskaraz baino egiten ez dituenean. Orain dela gutzi, adibidez, El Pais egunkariko kazetariak artikulu bateko izenburuan bertan salatu zuen Andoaingo alkateak euskara inposatu zuela prentsaurrekoan, zergatik eta euskaraz bakarrik hitz egin omen zuelako. Kazetari hori euskalduna da, hemengoa, baina ez daki euskaraz. Eta, zergatik ez: gerta liteke euskal (elebidun) hiztunen batek inoiz eta inon euskara inposatzea (ez kasu hartan, behintzat). Euskaraz ez dakienak, ordea, beti inposatzen du espainola edo frantsesa, nahi ez badu ere, hitz egin dezakeen bakarra delako. Salbuespenak salbuespen, noski, baina argi esan behar da pertsona hori hemengoa bada, edo hemen urte asko badaramatza, euskararekiko kontrako jarrera aktiboa hartzen duela, inkestetan euskararen aldeko agertzen bada ere. Ez da bertsotan aritzeko adinako mailarik eskatzen, baina gutxinezkoa bai, behintzat ulertzeko, komunikatzeko… Hori edonork lor dezake ahalegina egiten badu. Baina lehendabizi euskal hiztunok euskara lehenetsi behar dugu, kaleko herritarrak zein politikariak. Gero, ikasi nahi ez duenari gauza bakarra esango diogu erdaraz: “Si no sabes, tú impones”.
    Argi eduki behar dugu benetako normalizazio prozesu batek kontra-eraso bortitzari aurre egin beharko diola. Euskarak indarra eta tokia hartu ahala, agerikoagoak izango dira kontrako jarrerak gure artean.

  • Uste dut geure buruaz nahasmen hadi samarra daukagula. Gonzalok aipatzen du euskaldun bat euskaraz ez dakiena, eta ondoren euskal hiztunak, elebidunak. Bide horretan hitzek esanahia galtzen dute eta ez dakigu zertaz ari garen. Iruditzen zait euskal herritar hitza egokiagoa dela Euskal Herriko biztanlea izendatzeko. Ez dut uste euskaraz ez dakien euskaldunik dagoenik.

  • Gonzalo Etxague 2011-07-20 16:43

    Onartzen dut latza dela belarriarentzat “…euskalduna da, baina ez daki euskaraz”. Baina demagun: Donostia batean Manuel euskalduna dela esaten badidate, euskaraz dakiela ulertuko dut, baina Argentinan izanda, zalantza egingo dut. Ez dut zalantzarik izango, ordea, Berrian horrelako albistea irakurtzen badut: “Euskaldunen erdiak ados daude zereko zerekin”. Nik neuk “euskaldun” hitza euskaraz dakiena izendatzeko lehenesten dut, baina errealitatea, bai kalean bai hiztegian, bestelakoa da. Hala ere, iruzkina egitean komunikazioa hobetsi nuen, horregatik euskalduna/euskal hiztuna bereizketa. Baliteke asmatu ez izana. Espero dut egunen batean “euskalduna” esatean herritartasuna eta hizkuntza, biak batera, jasotzea; eta, halere, orduan ere “euskal hiztuna” beharko dugu euskara ikasi duen alemaniar peto-petoa izendatzeko.
    Eta hau guztia esanda, gehituko dut amorrua ematen didala haria zein erraz galtzen dugun ikusteak, gaia bestelakoa baitzen. Lexikoaren inguruko eztabaidek, garrantzitsuak badira ere, dena lohitzen dute.

  • Errealitatea moldaerraza da oso horretarako hedabideak eta dirua edukiz gero. Euskalduna hitzaren esanahia baino gauza argiagorik… Euskalduna=euskaraduna=euskaraz dakiena. Euskalduna=euskal herritarra konbentzio politikoa da, españolismotik eta abertzaletasunaren sektore batzuetatik bultzatutakoa, tamalez gero eta zabalduago dagoena. Baina ez da “errealitatea”, errealitatearen erabilera interesatua baizik, euskaldunak (euskaradunak) ezikusi bilakarazten dituelako. EAEn guztiok omen gara euskaldun… Eta Nafarroan?
    Lehen barre latzak botatzen nituen zenbait abertzalek (askok tamalez) euskalduna definitzeko garaian egiten zituzten filigranak irakurrita. Euskalduna izateak ez omen zuen euskararekin zer ikusirik. Euskalduna omen zen / da langilea, hitzekoa, zintzoa…
    Euskaldun alferrik, gezurtirik edo aldrebesik ez legoke beraz.
    Jada ez dut barrerik egiten. Ni euskalduna naiz (a ez, orain nafarra naiz eta), Rosa DDiez euskalduna da eta Mayor Orexa (aitonak euskara ikastetik salbatu zuen hori) ere, euskaldun oso-osoa omen da. Hara (kiri)!