Argi bat itzali da

Argi bat itzali da –

Michel Bidegain, Enbatan.


Jakes zendu da. Ipar Euskal Herri honek altxor bat galdu du. Abertzaletasunaren argi bat itzali da. Argi hori orain dela hirutanhogoi urte piztu zen, Jakesek eta beste gazte multzo batek, Iparraldeko lehen mugimendu abertzalea sortu zutenean: Enbata. Bai ta lehen aldizkaria ere, izen berarekin. Zinez argi bat izan dira Jakes eta bere lagunak. Zenbat trufa, zenbat laido ez zuen Jakesek jasan urte haietan! Nola bada euskaldun ez zen bat, fededun ez zen bat, gainera Miarritztar bat, izan zitekeen euskaltzale?

Argi bat itzali da

Kritikatzaile horiek ez zuten Jakes ezagutzen, haren inteligentzia, haren bertutea, eta guziz haren fedea, katolikoa ez bazen ere: euskaldunek beren hizkuntzaren eta kulturaren geroa bere gain hartu behar zutela.

Bere bizi osoan ez du besterik egin Jakesek, mugimendu politiko abertzaleak sortu, erakunde kulturalak eta ekonomikoak eraiki edo sustatu. Beste batzuk nik baino hobeki aipatuko dituzte Jakesen ekintza horiek oro.

Hiruzpalau hamarkada behar izan ziren Iparraldeko gizarteak eta frantses botereak euskaltzaletasuna, abertzaletasuna eta euskararen defentsa onar zitzaten. Jakesen argia baitezpadakoa izan zen bideak eta izpirituak argitzeko.

Ez zen bakarrik, ez, bainan ororen aintzindari eta eredu bai, dudarik gabe. Garai haietan gazte ginen askok Jakesi zor diogu abertzaletasunaren bideetan barna abiatu izana.

Beste ainitz bezala, Jakesen bidelagun izan nintzen lehenik Euskal Batasunaren sortzean, gero Abertzaleen Batasunaren ibilbidean.

Enbata aldizkaria egiten lagundu dut Jakes, urte luzez. Ze gozamena izan den haren kultura, haren zorrotztasun politikoa eta jendartekotasuna partekatzea astero. Ainitz ikasi dut haren saietsean.

Nola ez oroit Enbatako laguntzaile hasi nintzan lehen urtetako astelehen iluntzetako bilkuretaz. Bilkura hortan egiten genituen Tartaroak, Roger Idiart eta Ttanttorekin (zorigaitzez biak goizegi zenduak). Ze irri karkailak, nigar egiterainokoak, egiten genituen, zeinek astakeria haundiena aterako zuen aritzen ginela. Beharrik hor genuen Jakes, beti argitzaile, beti moderatzaile ere, ez ginezan nehor laidosta edo zikint. Alabainan, bazekien zenbat gosta izan zitzaizkion garai batez frantses estatuarenganik jasan behar izan zituen mehatxu eta kondenak.

Aita batek bere haurra zaintzen duen gisan zaintzen zuen Enbata bere umea. Jakesek eritzi ezberdinak, ikuspegi arraroak, bilduko zituen aldizkaria nahi zuen. Oroz gainetik, abertzaleen arteko eztabaiden kokaleku izan zedin nahi zuen. Beti zion ere Hegoa eta Iparraren arteko elgar ezagutza baldintza ezinbestekoa zela Euskal Herri bateratu bat eraiki nahi bazen egun batez.

Zenbat abertzalek ez dute aitortu Hegoaldeko berrien jakiteko iturri bakarra Ellanderen kronikak zituztela. Hegoalde eta Iparraldearen arteko zubi ikusten zuen Enbata Jakesek.

Berdenboran, euskal gizarteari idekia zitzaion aldizkaria nahi zuen. Azken urte hauetan, Enbatak Iparraldeko gizarte ainitzari hitza gehiago ematen dio, guziz Aldaren bitartez. Bihurgune hori Jakesen izpiritu zabalaren izpilu da ere. Zubiak eraiki sinesteak ukatu gabe.

Oscar Wildek erran zuen, bere umore zorrotzarekin, hilharriak beren burua baitezpadakotzat zaukaten jendez beteak zirela. Jakes ez zen bere buruaz hartua, ez du bere burua sekulan baitezpadako ikusi, bainan bere ibilbide osoa baitezpadakoa izan da abertzaletasunaren erroak Iparralde hontan finkatzeko eta, polliki polliki, abertzaleenganako gizartearen ikuspegia aldarazteko.

Egin duzun guziarendako milesker Jakes, agur eta ohore zuri.

Argi bat itzali da  Argi bat itzali da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.