Ez daukagu beste biderik erresistentzia zibilarena baino

1165602380_30e50d5ee9_b—-Txinatarrak dira haiek eta tibetarrak gara gu, labur esanda. Espainiako Epaitegi Gorenak erabakia hartu berri duen honetan, ez dago erraza gauzak tentuz eta behar besteko arnasaz erabakitzea, baina sekula baino argiago geratu da gauza bat: Espainia eta euren bitarteko guztiak, Auzitegi, Legebiltzar, komunikabide, polizia eta bestelako oro, urruti daude oso euskal herritarrongandik. Antipodetan

Inork zalantzak baldin bazituen, bistan geratu da zeharo: Espainia gauza bat da eta gu beste bat. Haienak ez digu guri balio eta eurek ere askoz hobe dute gu gabe.

Geure borondatea zein den erabakitzeko bidean, erresistentzia zibila antolatzeko garaia iritsi da.

PPk bere poza adieraziko du datozen orduetan, PSE-EEk epaitegiek diotena errespetatu beharrekoa dela esango digute eta Egiguren aterako da bazter batetik berari erabakia ez zaiola atsegin esateko. Betiko kontu zaharrak baino ez guretzat.

Ikusi egin beharko da Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Aralarrek zer esan eta egingo duten Maiatzaren 22ko hauteskundeak direla eta. Erronka handia dute koherentzia agertzeko unea etorri baitzaie atariraino, alferrik izango ditugu hitzak. Ni euren lekuan banengo, erretiratu egingo nituzke zerrendak, salatu egingo nuke Europan faxismokeria baino ez dena, uko egingo nioke antzerki sasi demokratiko honetan eskuartzeari. Arzallus berak ez al du esan bigunegi jokatu zutela Alderdien Legearekin?

Irudikatzen duzue abertzaleen aldetik soilik EAJ eta Aralarrek irabazitako udal edo diputazio bat? Zenbatekoa lukete legitimitatea? Ezin dute bidean segi ezer gertatuko ez balitz bezala. Zirt edo zart, ez dute besterik, irentsi ala ez irentsi. Eta irentsita eta jokoan sartuta, ez dirudi atarramendu onik etor dakiekeenik, batez ere Aralarri, ezen, zein aurpegitxo aurrerakoirekin irensten da halako zaporik?

Sortu/Bildu ingurutik ikusi egin beharko da zein dituzten hurrengo pausoak, baina direnak direla, itxura batean, ez du merezi denbora gehiago galtzen ibiltzeak: ez gaituzte maite, ez gaituzte ezagutzen, ez dakite nor garen ere, menpeko soil garen neurrian balio diegu zerbait… Zertan behar dugu egon haiei begira?

Espainiako Auzitegi Gorenak hartutakoa erabakia politikoa da zinez, errealitatea bera ukatu nahi duen erabaki politiko anker eta zapaltzailea. Orain Konstituzionalren zain geratu gara denok baina jada denok dakizkigu kontu batzuk.

Gure proiektua -dena delakoa delarik ere-, ezin gauzatu daiteke haien alboan. Gezurra da aukera politiko guztiak posible direla dioen kontu hori. Bistan geratu da: eurak dira txinatarrak eta gu tibetarrak, irudi agian sinpleegi horrek adierazten duen guztiarekin.

Demokraziaren kalitatea ez da nehoiz ikusi hain gradu beheitituan, eta bada garaia datorrenari aurre egitekoa. Faxismoa ez zaigu laket. Egia da ez dakigula batzen, elkartzen traketsak garela, ez dugula asmatu gauza izaten indarrak bildu eta pausoak aurreratzeko orduan, baina geuk ere ikasi dugu bidean eta badakigu betiko jarduerak ez garamatzala inora. ETAren desagertzeko hitzak, indarberritu egin du euskal gizartea,  edo bere zati handi bat bederen. Deskongestio moduko bat bizi dugu…

Agian politiko profesionalak atzentzeko garaia ere iritsi da eta gizarte zibilari trepetak ematekoa. Hainbeste Rufi, Urizar, Matutes, Urkullu eta Zabaleta… Alderdiek egin dute euren bidea eta porrota baizik ez digute ekarri. Sistema ustela dela geratu da agerian.

Gutako herritar bakoitzari egin digu Supremoaren erabakiak burutik behera zirina. Deliturik egin gabe, zigorra dagokigu, ez besterik. Geu gara Justizia eta Demokraziaren izenean ezinduak, geure eskubideak erabiltzera debekatuak. Gutako bakoitzari dagokigu, beraz, erantzuna.

Egia da zaila dela gizarte zibila aktibatzea, mila ahalegin alferriakoren nekea dugula gainean zama bihurtuta, baina beste biderik ez da gaurgero: erresistentzia zibila da bidea.

Baina gaizki diot, bada beste aukera bat ere, ez gaitezen desespera: ahantzi tibetarrak garela eta txinatarrak garela onartu. Horrelaxe datorke bakea.

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

3 pentsamendu “Ez daukagu beste biderik erresistentzia zibilarena baino”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2011-05-02 06:38

    Eta nondik hasi? nola egin?

  • Gotzon Barandiaran 2011-05-02 07:13

    egunon lagunok

    Sarea dateke herritarron erantzuna antolatzeko bideetako bat. Egin dezagun berton desobedientzia zibilerako ekintzen zerrenda, auzolanean. Hasteko, oker ez banago, Eskubide zibil eta politikoen mugimenduak biharko, maiatzaren 3rako, herri guztietan mobilizatzeko deia luzatu du. Mobilizaziootan parte hartzeko deia ahalik eta gehien zabal genezake.

    PSOE-PSEk afera juridikikoa izan dela argudiatuko dute baina guk ederto batean dakigu arrazoiak politikoak izan direla, besteak beste, PPkoek agerian utzi legez. Egoera honen erantzule bakarrak PSE-PP dira. Halandaze, bi alderdi horietako hautagaiak eta buru politikoak baliogabetu behar ditugula uste dut. Gorena, konstituzionala eta enparauak alde batera utzi eta egin dezagun indarra PSE eta PPkoei zilegitasuna kentzen. Ozen errepika dezagun eurak direla gure instituzioetan egon behar ez direnak, eurak direla kutsatuak baino gehiago, ustelak, izen eta guzti, Basagoiti, Pastor, Lopez, Egiguren, Barreda…
    Greba Orokorra egiteko nahikoa arrazoi ere badagoela uste dut.
    Hauteskundeek dirauten artean, astero ordubeteko geldialdiak.
    PSE eta PPren egoitzak okupatuko nituzke.
    PSE eta PPren hauteskunde kanpainako ekitaldietan gure desadostasuna erakutsiko nuke.
    9 epaile frankista horiek diotenez, BILDUren izenean aurkeztu direnak ETAren testaferroak dira, terroristak. Nik dei egingo nieke hautagai guzti horiei salaketak jar ditzaten epaile horien aurka.

    Eztabaidagaietatik erauzi duten arrazoi nagusia berreskuratu behar dugu: Gatazka politiko eta armatua gainditzeko aukerak sortu direnean, PSEk eta PPk konponbidearen aurkako neurriak hartu dituzte. Urteak eman dituzte soilik bide politikoak erabilita edozer defenda daitekeela esaten, urteak eman dituzte indarkeria utzi eta politika egiteko eskatzen. Ostera, une hori heldu denean milaka euskal herritar eskubide zibil eta politiko barik utzi gaituzte.

    Amorrua, inpotentzia, gorrotoa… bideratu eta garaitu ditzagun lagunok eta batez ere, egin dezagun PSE eta PPren kontra.

  • Desobedientziaren Bulegoa 2011-05-02 08:33

    Hauek alderdi, sindikatu eta erakundeek bultzatu behar dituzte:
    – Deitzen diren mobilizazioetan parte hartu
    – Greba orokorra
    – Lanuzteak

    Guk (momentuz gu laurok, ea ados jarri eta bola handitzen dugun) hauek bidera ditzakegu:
    – PPSOEren egoitzak okupatu: Egoitzak aukeratu eta data-ordua jarri.
    – Joan gintezke epaitegietara eta gure burua entregatu ETAkoak garela esanez, hori frogatzen duten argudioekin (preso lagunari idazten diogula, herrikoan poteatzen dugula…).
    – M22an nola jokatuko dugun pentsatzen hasi behar dugu: Hauteskundeak oztopatu behar ditugu, nola edo hala. Kateaketak, eserialdiak…

    Hasteko PPSOEren egoitzen okupazioa egoki ikusten dut.

    Eneko Garaialde