Zer da ezker abertzalea?

Zer da ezker abertzalea? –

Zer da ezker abertzalea?

Gaztetatik aditu ditut osaba izebek kontatutako istorioak, frankismo amaierakoak, unibertsitate girokoak. Gaztetatik irakatsi didate errespetuz begiratzen abertzaletasuna, bai ezkerrekoa bai EAJrena. Gaztetatik egin naiz abertzale. Bakoitzari berea aizu. Liluratu nau hainbatek herri honekiko izandako konpromisoak, liluratu Idigorasen kongresuko diskurtsoak. Irriz aditzen nuen amama PPkoez nahiz PSEkoez gaizkiesaka Deuston telebista batera ikusten genuenean. Adi entzun, erbestean gudu zibilaren ostean igarotako denboran, pairatutako desgrazi eta anekdotak. Garaikotxeari bozkatzen zion amonak, El Correo erosi.

Baina iristen da une bat, non, zuk jarraitu behar baituzun irakurtzen; handik eta hemendik xurgatzen. Justua eta injustuaren arteko sokan ekilibrista. Zeure iparra zein den galdetzen zeure buruari. Eztabaidan lagunekin nahiz aitarekin, lagun berriak egiten, ezberdin pentsatzen dutenak. Gehiago eztabaidatzen, sutsuago, lasaiago batzuetan… Errealitate andana daudela konturatzen. Erreala zer den sekula jakingo ez duzula asimilatzen.

Eta galdera bat datorkit orain burura: Nire amama ezker abertzalekoa al zen? Joño! Nire amonak aspaldi errefusatu zuen ETAren indarkeria, bizi baitzuen nahikoa gurasoengandik bananduta ahizpa bixkiarekin frantzian zehar ibili zenean. Bizi baitzuen nahikoa anai-arrebak Caracasera ihesi joaten ikusi zituenean. Aralarrek 2001ean errefusatu zuen. Batasunarekin apurtu zuen, jada gehiago jasan ezin zuen sektore batek. Hor dira Julen Madariaga, Patxi Zabaleta eta Iñaki Aldekoa besteak beste. Hor dira jaso dituzten bozak. Eta orain Sortuk adierazi du ETAren indarkeria errefusatzen duela. Badirudi guztiek, bakoitzak bere erritmoan, pausu bera eman dutela.

Zer da beraz ezker abertzalea? Zer izango da hemendik hamarkada batera? Zer nahi dugu izatea? Hemen ez dago ezker abertzale ofizial eta ez ofizialik, ezker abertzalea ez dira alderdiak. Herritarrak dira ezker abertzalea. Borroka estrategikoak direla medio, ETAren jardun armatuak sortutako saminak eta ulertu ezinak banandu du ezker abertzalea zati txikitan eta orain tokatzen da zauriak ixtea. Erakunde armaturik gabeko etorkizun batean, erakunde armatu hori errefusatu duten ezker abertzaleko sentsibilitate guztiak bat egin beharko dute, etorkizunik izango badugu. Perurenari gaur irakurritako esaldi batekin amaitu behar dut: “Bakerik nahi badugu, elkar ulertzeko gogoa behar dugu”.

Irudia | Telesforo Monzon | tellagorri | Creative Commons By SA
Zer da ezker abertzalea?

Ekaitza bainuontzi batean

12 pentsamendu “Zer da ezker abertzalea?”-ri buruz

  • […] This post was mentioned on Twitter by zuzeu, Oier Aranzabal. Oier Aranzabal said: Erakunde armaturik gabeko Euskal Herrian, zer izango da ezker abertzalea? http://t.co/5wCQO54 #sortu #legalizazioa […]

  • […] Herrian, zer izango da ezker abertzalea? Zer behar luke izan? Zer nahi dugu izatea? (Artikulu osoa ZUZEUN hemen) Bookmark It Hide Sites $$('div.d1379').each( function(e) { […]

  • Herritarrak dira ezker abertzalea. hortxen egia haundia. 

    beste guztia, helburura joateko moduak, bideak, ulerkerak. 

    lan haundia izanen dugu, hasitako bidetik, ezinikusiak gainditu eta ideien lurraldera berriz itzultzeko. eta ideien lurraldean ere izanen ditugu desberdintasunak.

    halare, bidea hasita dago, ametsen bidea argitzen doa, eta urrats bakoitzean argiago.  

  • Amonamantangorri 2011-02-13 21:49

    Borroka armatuari buruzko jarrera ez da izan Aralar eta Batasunaren arteko diferentzia bakarra, ezta ere, nik uste, diferentzia inportanteena. Hara bestela, Aralarreko militante ohi batzuek izenpetutako gutuna, datozen hauteskundeetan ezker abertzalearen alde agertzen: [http://paperekoa.berria.info/iritzia/2007-05-23/005/007/ezker_abertzalearen_alde_.htm Ezker abertzalearen alde].

    Bestalde, Sortuk borroka armatua (“eta bereziki ETArena”) arbuiatzea ez da hain harritzekoa. Aspalditik iragarri da ezker abertzaleak alderdien legea beteko zuen formazio berria aurkeztuko zuela. Harrigarria iruditzen zait aurkeztutako oinarrien atzean dagoen genialitatea, baina ez indarkeriaren gaineko adierazpena.

    Gogoan hartu, gainera, ezker abertzaleko militanteek batzarren bitartez estrategia berri bat hastea erabaki zutela. Sorturen sorrera hurrengo pausoa besterik ez da izan.

  • Amonamantangorri 2011-02-13 22:04

    “Hemen ez dago ezker abertzale ofizial eta ez ofizialik, ezker abertzalea ez dira alderdiak. Herritarrak dira ezker abertzalea”.

    Ezker abertzalea mugimendu politikoa da, eta mugimendu politiko guzti-guztiek dituzte beren hedabideak, intelektualak eta fakzioak, fakzio bakoitzak bere diskurtso ofiziala duela. Horiek gabe, ez legoke ezker abertzalerik.

  • Ezkerrekoa eta Abertzalea 2011-02-14 12:25

    Ezkerzaleak, eskuinzaleak, abertzaleak, ez-abertzaleak… Denok gizaki garen heinean giza-eskubideak behar ditugu oinarri. Zapaldua naiz, zapaltzea onartzen badut eta asko poztu nau, zapaldua ez izate horretan zapaltzerik onartuko ez duela esan duen alderdiarekin. Hala ere, askok aspaldidanik erabaki genuen ez bertokoek ez kanpokoek ez gintuztela zapalduko eta behin erabaki hori hartu ondoren harro egin dugu bidea, horretarako ezker abertzaleko alderdi bat sortuz eta egituratuz, pausoz-pauso eta ideiak aske ditugun heinean hauek isolatuko dituen ziegarik ez dela sinistuz. Bide horretan, gure askatasuna, ideietan hurbilen behar luketenek ezarri dizkigute muga gehien eta gogorra izan bada ere, aske jarraitzen dugu. Askatasun horretan ideiak eraldatzen dira, dogma guztiak ziega baino ez baitira bihurtzen eta horrela ezker-abertzalearen ideia kolektiboa eraldatzen doa poliki-poliki. Beraz, ezker-abertzalea honela defini genezake: ezkerrekoak eta abertzaleak diren ideiak dituztenen pertsona multzoa. Ez, ez herritarrek, herritarrek, sentsibilitate politiko ezberdinak baitituzte. Beraz, kolektibo zabal horren erakundeetako etorkizuneko ordezkaritza da definitu behar duguna, ez ezker abertzalea. Nere ustetan elkar errespetutik abiaturiko elkarrizketetik soilik zabalduko da ordezkaritza hau, garaipen politikoa ekidin eta sentsibilitate ezberdinak batuko dituen elkartze estrategikotik, eta ez gaur egun mahai gainean dugun proposamen taktikotik, non, ezker abertzaleko sentsibilitate zabal bati (Aralarri) etsai gixa tratatzen zaion, alderdi txikiei ordain elektoralak eskainiz eta batzuren helburua bestea desagertzea izanik. Aro berriari ateak ireki behar dizkiogu, baina, beti ere, pausoak lasai emanez, urteetan galdutako konfidantza berreskuratu ahal izateko. Gora Ezker Abertzale Zibil eta Zabala!!

  • Amonamantangorri 2011-02-14 13:58

    Julio Angitak esana: “Ezkerrekoa, gaur egun, bankuak nazionalizatzea da”. Erabat konforme. Neurri hori bere programan sartzen ez duen alderdi bat kosta egiten zait ezkerrekotzat onartzea.

    Eta bestalde, herri honetan “ezker” izena bezain inportantea da “abertzale” deitura, nahiz eta niri abertzaletasunaren mundu-iruditeria, uste ustel, liturgia eta pitokeria asko ez gustatu. Mitinetara Ituren eta Zubietako joaldunak eramatea, esate baterako, horterada absurdoa iruditu zait beti, besta horren testuinguruaz deus ere ez dakien euskalguai baten burutik aterea, baina bueno, gusto eta iritzi kontua da.

    Elkartu egin behar dugu, senitarteko aserreak gainditu, gure arteko diferentziak aberasgarritzat onartu, bai horixe.

  • Herri honetako ezkerreko eta abertzale ororen bilgunea

  • Idatziak eta iruzkinak sakontasunik gabekoak dira: saihesten dira benetako problemak: sozialismo iraultzailea (marxismoa?, leninismoa? troskismoa? Chegebarismoa?), latinoamerikanismoa, kulturaren definizio eza, ezkerraren ikuspegi sinplista, manikeismoa… Borroka armatuarena zerbaiten ondorioa da eta independentzia eta sozialismoa maila berean jartzea (txanpon bereko bi aurpegiak) umekeria da.

  • Gaur egun ETAren indarkeria gaitzezten duen mugimendu sozial bat, baina aldi berean indarkeria erabili duen ETAko kideei ongietorriak egiten diona.

  • Telesforo Montzonek burua altxako balu eta ezker abertzale hau ikusi…………..

  • ganbaratxotik 2017-10-26 21:18

    . Inkesten arabera Euskal herritarren gehiengoak bere burua kokatzen duen espazio polkitikoa, hots, egoera normalizatu batean zentralitate politikoaren eremua.

    . Kontrajarriak ziruditen bi tradizio politiko integratzen dituen mugimendua, zeinak ezkertzaletasuna eta abertzaletasuna uztarri berean jarriz herritarrak, Herria, Euskal Herria kohesionatzeko, integratzeko, eta eraldatzeko potentziala bait duen.

    . Egun aldedi politiko bakarrean (BILDU) egikaritzen den arren, epe erdira, osagarriak eta lehiakide lirakeen bi espresiobide izan beharko lituzkena, bata zentro ezkerrekoa eta bestea ezker muturrekoa.