'Izarrak' Donostian

Julia Robertsek Donostia saria hartzerakoan jasoko du txalo zaparrada. Merezitakoa. Izarren Argia amaitu eta filma posible egin duen taldeak jaso duena, aldiz, hori baino gehiago izan da. Sentimendua, errekonozimendua, besarkada beroa. Bost minutu, harrizko bihotza duen bakanen bat kenduta, gainontzekook malkoak lehortzeko baliatu ditugun bost minutu. Flashak itzali egiten dira, segunduan. Oihuak galdu, airean. Baina Ana Moralesekin, Saturrarango emakumeekin partekatu dugun momentua, hori betirako geratuko zaigu.

Ezin aipatu gabe utzi, film osteko solasaldian jazotakoa. Filmak Saturraranen kartzelaratutako emakumeen drama erakusten du, seme-alabak nola kendu zizkieten, nola jaso zituzten tratu txarrak, bortizkeria, umilazioa. Mikel Rueda zuzendariak esan duenez, beharrezkoa zen film hau egitea, Saturraranen gertatutakoa berriz gerta ez dadin, Ana Moralesek bizitakoa beste inork berriz bizi behar ez dezan. Urteak pasa dira, baina ikusleon artean zegoen ama batek gogoratu behar izan digu, euskal preso politiko baten amak, hain zuzen ere, tratu txarrak, bortizkeria eta umilazioa eguneroko kontua direla gaur egun ere. Frankismoaren gau ilun hartan gertatutakoak, demokraziaren zeru urdinpenan errepikatzen ari direla.

Aitor Abaroa

'Izarren argia' filmearen errodajearen irudi bat

Irudia | 'Izarren argia' filmearen errodajearen irudi bat | Irekikom | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

3 pentsamendu “'Izarrak' Donostian”-ri buruz

  • Ez zait filma gustatu. Kontatzen den istorioak beste tratu bat merezi zuela uste dut. Ez zait sinesgarria egin, nahiz eta benetako istorio bat izan. Espero dezagun asteazkenean botako duten dokumentala hobeto egotea. Saturraranen egon ziren emakumeek merezi dute.

  • ni ere izan nintzen atzo “izarren argia” filmaren proiekzioan. kontatu behar zen istorioa da saturrarangoa eta hunkitu egin ninduen ni ere. baina, bat nator anderrekin, ez baitzait trataera eta doinua pelikularen une guztietan gustatu. edonola, ez dezagun ahaztu zuzendariaren opera prima izanik, ez dela batere txarto ibili.
    bestalde, oso sentsazio txarra gelditu zitzaidan neri ere pelikularen ondoren izandako mintzaldian. izan ere, moztu egin zuten ama hura bere azalpena amaitu aurretik. “frankismoaren gau luzeari argia emango geniola” esan zuen filmaren ekoizleak, eta pelikula ezkertiar eta errebeldea zela ere erantsi zuen. zinikoa iruditu zitzaidan pelikulan ikusi genituen tratu txar, bortizkeria eta umilazioa beste une eta leku batean gertatzen dela oroitu eta salatu zuen emakumearen aurrean, hainbat pertsona hain deseroso sentitzea, eta ikaragarrizko errespetu falta berari hitza kentzea.

  • […] gogorarazten zuen filmaren gogortasunak tentsioan mantendu zuen zine areto osoa. Mikel Ruedaren Izarren Argiak kontatu behar zen istorioa erakutsi zigun: Saturrarango kartzelako emakumeena. Ikusleak gehien […]