Flotila edo ontzidien moda

Badirudi azken aldian modan jartzen ari direla flotila edo ontzidiak. Denok dugu gogoan nola Israelek, Mediterraneoko nazioarteko uretan, ilegalki eraso eta abordaturiko ontzidian hildakoen azken hatsak, haserrezko haizete bihurtu ziren munduko hainbat hiritan, eta nola haizete horrek puztutako belaz hornituta, hamaika ontzidi berriren proiektuak ezagutu genituen, izenez eta jatorriz baizik izan ez bazen ere. Egia da azkenean pare bat proiektu edo errealitate egin direla, prentsak belak horrenbeste puztu ez dizkien arren. Orain, lehen ontzidiko ontzirik handienean zihoazen bi aktibistak, Laura Araun kataluniarrak eta Manuel Tapial espainiarrak, bandera espainiarraren pean nabigatuko lukeen ontzidi berri bat antolatzeko asmoa agertu dute.

Baina itzul gaitezen orduko hartara. Egun haietan denok sentitu ginen aktibista. Ez esan ez zela polita, ez zela erromantikoa, zeure burua mediterraneoan irudikatzea, soldadu israeldarren ontziz inguratuta, Gazako haur palestinar gaixoei jostailuak helaraztearren bizia emateko prest bazeunde bezala… Kresala aurpegia, ileak aidean, eta etxeko sofan edo filmetan bakarrik existitzen den determinazioz beteta.

Gero, egun pare baten bueltan, (txoro)haize denak apaldu ziren, eta horrenbeste maite dugun egunerokotasun madarikatuak gertuagotik eragiten ziguten kontuetara desbideratu zuen gure nahi erromantiko hura. Orain, berriz ere, inor ez gara aktibista, eta ez gaitu haserretzen soldadu Israeldarren balek hildako palestinarren eguneroko dosiak. Pare bat, hiru, zazpi asteburuetan…

Baina kontuz! Ez dezala inork pentsa askatasunaren ontzidia deitu zenaren aurrean Israelek izan zuen erantzunaren aurkako sentimendu haiek ez zirela Palestinar herriaren giza eskubideen defentsa porrokatu bat izan, e! Garbi gera dadila ontzietako aktibisten artean europar mordo bat joateak ez zuela inolako zerikusirik izan!

Mjk4OQ==

Gaur, AEB-ek beren flotila partikularra bidaliko dute, baina beren estiloan. Bereziak dira, badakizu, yankee-ak. Israeldarrak laguntzat dituztela eta, beste leku bat bilatu behar izan dute bere ontzidia bidaltzeko. Gerra egoera etengabean bizi den beste estatu bat, bere muga kontsideratzen dituenen inguruan tontokeriatan ibiltzea gehiegi gustatzen ez zaiona, eta AEB-ekin ondoegi eramaten ez dena. Bai, Ipar Korea.

Behin helmuga finkatuta, ontzidia osatuko duten barkuak eta barkuotan joango direnak aukeratu behar izan dituzte. Badakigu amerikarrek tamainarekin duten konplexu moduko horrek ez diela gauzak bere txikitasunean ederrak izan daitezkeela ikusten uzten, eta hala, behin hasita, lau arrantzontzi txoro itsasoratu ordez 20 ontzi militar bidaltzea deliberatu dute, USS George Washington hegazkin-ontzi nuklearra buru dutela. Militanterik ez eta 8.000 militar izango dira ontzidian joango direnak. Bakarrik senti ez daitezen, 200 gerra hegazkinek lagunduko diete. Pentsa ze nolako elkartasun giroa piztu duen proiektuak, Hego Koreako militarrek lagun amerikarrei jarraitzea erabaki dutela.

Hala ere, Mavi Marmara ontzia buru zuen ontzidi haren eta honen arteko ezberdintasunik handiena, antolatzaileen nahia da. Haiek blokeoa gainditu nahi zuten. Hauek eraso diezaieten nahi dute, gerra hotzetik zintzilik geratu zitzaien gerra bakarra behingoz bukatu eta Txinari bere muturren aurrean garbi uzteko hemen, oraindik, inperio zaharrak agintzen duela.

Irudia | USS George Washington hegazkin-ontzia | U.S. federal government | Creative Commons By SA