Aisureta zabalduko dute Aulestin

Eskultura bat, Aisuretan
Eskultura bat, Aisuretan

AISURETA naturan egindako interbentzio artistiko baten emaitza da. Erdi erorita zegoen harresiak sastrakak irentsitako zuhaiztia inguratu eta gordetzen zuen; leku hori biziberritzea izan du helburu arte egitasmoak, Lea ibilbideari beste gune erakargarri bat eskainiz bidenabar. Lea ibilbidea bultzatu duen Learri erakundearen eskariz
diseinatu eta burutu dut proiektua.

Proiektua asmatu eta burutzerakoan, naturaz daukadan ikuspegiari leial izaten saiatu naiz, hau da, naturari gutxiengoa hartuz gehiengoa emateko filosofiari. Espazioan burutu den lan nagusia bertako materialez harresia konpondu eta basoa garbitzea izan da, lekuan bertan zeuden zuhaitzak gordeaz eta lurra belarberrituz.
Eskultura-esku-hartzerakoan ere, lekuan zeuden baliabideak erabili ditut, basoan behera datorren errekastoko ura edo lurpean galduta zeuden burdina harriak, adibidez. Lekuak eskaintzen zituen gune ezberdinak nabarmendu eta baliatu ditut eskultura triptikoa osatzen duten hiru bolumenak paisaiarekin ongi bat eginda ager daitezen.
Bolumen horiei forma emateko nire eskulturgintzan  ohikoak diren hiru materialak, harria, egurra eta burdina erabili ditut.

Ohikoa den bezala, hiru gorputzak material bloke bakarrean lortu ditut oraingoan ere. Esan behar da pieza hauek espazioko eszenatokiak  edo edukiontziak direla ura, aire eta sua elementuentzat, nire sormen-filosofian era honetara elkarkidetzen direnak lurreko material osagai nagusienekin: harria-ura, egurra-airea eta burdina-sua.
Filosofia eta pauso hauek jarraituz espazio berri bat sortu da, AISURETA, artearen bidez natura ikusi, sentitu eta maitatzeko gunea.

Gozatu lekuaz eta ibilbideaz. Laster arte. Besarkada bat.

Mikel Lertxundi eskultorea
Mikel Lertxundi eskultorea


Eskultorea. Artista

Zer duzu buruan “Aisureta zabalduko dute Aulestin”-ri buruz