Yann Arthus-Bertrand-en Home filma

Yann Arthus Bertrand, Mathieu Ramageren argazkian
Yann Arthus Bertrand, Mathieu Ramageren argazkian

Arranditsuak izaten dira Yan Arthus-Bertranden lanak. Irudi eder askoak, harrigarriak, gehienak munduko paraje eta jendeari eskainitakoak. Zeuk ere ezagutzen dituzu batzu-batzuk. Ala ez? Baietz ikusita eduki, han ez bada hemen, bihotz forma duen irlaren irudi hau. Ba halakoak milaka ageri dira Home filman.

oquendo
oquendo

6 miliards d’autres haren proiektua, ere ezaguna egingo zaizu seguruenera. Planetako jendearen ugaritasuna eta kultura aberastasuna erakustea ditu helburu. Inoiz edo behin irakurri izan diogu Arthus-Bertrand berari, Afrika aldean bakarrik zebilela —Paris-Dakar karreran oker ez bagaude—, istripu bat izan eta nola geratu zen hilzorian. Familia txiro batek zaindu zuen eta halaxe irten zela bizirik. Orduan erabaki zuela 6 miliards d’autres proiektua burutzea.

Ekologismoa, natura, jendea, animaliak, paisaiak… dira Arthus-Bertranden lanaren mamia. Orain helikopteroa erabiliz egin du filma, mundu guztiko zineetan eta telebistetan erakutsiko dena. 180 herritan jarriko diren 80 pantaila erraldoitan ikusiko da, leku seinalatuetan, gainera: New Yorkeko Times Square, Londreseko Trafalgar Squaren edota Parisko Marteko Zelaietan.

Munduan helikopteroz eta azken teknikaz jasotako irudi ikusgarriak dira, ekologismo global baten aldarrian egindakoa.

Interneten ere badago, ordea, eta horrexen aukera dakarkizugu ZuZeun. Bi kontu, hala ere: Ekainaren 14a arte soilik ikusi ahal izango da interneten, kendu egingo baitute ondoren, eta har ezazu kontutan ordu t’erditik gorako pelikula dela, patxadan ikusi behar diren horietakoa.

Egia esanda, guk ikusi dugu, eta iritzi kontrajarria izan ditugu geure artean: batzuri gustatu eta besteei ez hainbeste. Egia da plano zoragarriak daudela, sekula eskaini diren ederrenetakoak, kamera geldoak areagotutakoak, baina hainbeste edertasun errepikatzeak ere neka dezake, musika anpulosoegiak bezainbeste. Bestalde, helburua ondo betetzen du, planetaren alde zerbait egiteko gogoa pizten du, baina ez dugu uste dokumentalaren generoan eredugarri denik. Utz dezagun, ikusteak merezi du soil batean.

Gaztelaniaz, Salma Hayek-en ahots egiatian (hurjar esaten du, hurgar esan ordez, eta esdrujulak irentsi egiten ditu, besteak beste), edo jatorrizko bertsioan ikus dezakezu, euskaraz ez dugu aurkitu eta.

Making offa interesatzen bazaizu, ostera, frantsesez hementxe daukazu, ingelesez azpidatzita. Hau laburra da, behintzat.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Yann Arthus-Bertrand-en Home filma”-ri buruz