[Urpeko Bonbarda #055] Iazko gogokoenak

[Urpeko Bonbarda #055] Iazko gogokoenak –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Berrogeita hamabosgarren saioan, iazko lanik bikainenak ezagutzeko saio sortarekin bukatu dugu, Badok atariaren araberako 2021eko euskal diskorik gogokoenak mintzagai hartuta.

Euskarazko hedabideetan musikaz idatzi edo hitz egiten duten hamairu kazetariri 12 diskoko zerrenda bana eskatu die Badok atariak, iazko euskal lanik gogokoenak ezagutzeko asmoz; berau aletu dugu Urpeko Bonbardan, zerrendetako taldeak gure apetaren arabera hautatuta.

[Urpeko Bonbarda #055] Iazko gogokoenakSaio hasieran eta bukaeran, aspaldiko lagunak entzun ditugu, eskarmentu handiko musikari bi: “Egon edo ez egon” (Zakurraren Bibolina) plazaratu berri duen Joseba Tapia eta azken diskoa “Amour eta toujours” (Elkar) duen Ruper Ordorika; lau zerrendatan aipatu da lasartearra, eta bitan oñatiarra. Eta hauekin batera, zutabe nagusi ahotsa duten bi lan, Maren eta Verde Prato emakume gazteen diskoak; zerrenda bakarrean ageri da lehena, eta hirutan bigarrena.

“Ia aho batez, Joseba Irazoki eta Lagunak-en III diskoa aukeratu dute hainbat hedabidetako musika kazetariek 2021. urteko diskorik gogokoena” dio Badok atariak, eta “Ikusezina” entzun diogu berako gitarra joleari. Eta beste kantu bana goraipatuenetakoak izan diren talde hauei ere: -Gailu (sei zerrendatan ageri da), Liher, Madeleine eta Diabolo Kiwi (bost zerrendatan ageri dira).

Saioa osatzeko, beste bi talderen lanak aipatzea baino ez zaigu falta: Seiurte taldearen “Cabo Cañaveral” (bi zerrendatan aipatua) eta Abereh bakarlariaren “Joan-etorrian” (lau zerrendatan aipatua).

.

Elkarrizketatuak

Badokeko 2021eko lanik gogokoenen artean, badira iaz Urpeko Bonbardan elkarrizketatu ditugunetako batzuk: Ibil Bedi (UB#9), Eneritz Furyak (UB#12) eta Olatz Salvador (UB#24); ez ditugu berriro gurera ekarri nahi izan. Tatxers bai ordea (lau zerrendatan ageri da), Durangoko Azokaren atarian beraiekin solastu ginen arren (UB#48), urteko agerpen freskagarriena begitandu zaigu-eta.

Badokeko gogokoenen zerrenda gehienak jada 40ak beteak dituzten gizonezkoek atondu dituzte. Guztira, 65 dira bertan izendatzen diren diskoak!

.[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify     Apple Podcast    Stitcher    Google Podcast      Ivoox

[Urpeko Bonbarda #055] Iazko gogokoenak

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!