Zer egin hainbeste tomaterekin?

cc-by: zuzeuphoto
Arratsaldeko uzta. cc-by: zuzeuphoto

Gordinik gatz apur batekin, olio parrastada baten laguntzarekin, entsaladan… era guztietara jan duzu dagoeneko eta aspertzen hasita zaude. Jabetzen zara zure ortu txikia, harro xamar ibili dela aurten eta sekulakoak eman dizkizula. Lagunak, auzoak, etxekoak… denak tomateztatu dituzu. Zer egin oraindik geratzen zaizun guztiarekin?

Oroitzen zara lehenengo urteetan, tomate saltsa egin eta kontserba potoak egiten zenituela. Baina orain ez duzu nahi halakorik. Bo, saltsa egitea ondo iruditzen zaizu, bai baitakizu hemendik hilabete batzuetara atseginez erabiliko duzula zeuk egindako tomate saltsa bikaina, baina ez duzu orain potoak esterilizatzen eta egosten ibili nahi. Alfertuta zaude: saltsa bai, baina besterik ez, esan diozu zeure buruari.

Horixe egin duzu, tomate saltsa. Eta poto batean gorde duzu datozen egunetan jateko beste: pastarekin, almandrongilekin, edo beste mila gauzarekin. Baita pare bat arrautza frijitu eta urdaiazpiko zati eder batekin ere.

Arreba batek esan dizu, gainera, plastikozko poltsan izozten jar dezakezula tomate saltsa, potoak egosteko lanik hartu nahi ez baduzu. Eta halaxe egin duzu, alde batetik potoan gordetakoa daukazu datozen egunetarako beste eta zorroan izoztutakoa aurrerago erabiltzeko. Klik: argazkia.

cc-by: zuzeuphoto
Potoan eta zorroan izozturik. cc-by: zuzeuphoto

Baina erokeria bat ere otu zaizu. Askotan etxean, pare bat goilarakada tomate saltsa baizik ez da behar izaten prestakizun edo plater bat aberasteko. Umeetako batek tomatearekin nahi du zerbait eta besteak ez, eta horrela. Potoan zenuena amaitu zaizu eta poltsan izoztuta daukazuna gehiegi da. Ez duzu dena desizoztu nahi. Zer egin?

Hara hemen asmakizun ikaragarria: tomate kubotxoak izoztuta.

cc-by: zuzeuphoto
Kubotxoak egiten. cc-by: zuzeuphoto

Bai, whiskia eta gintonikarentzat izotza egiteko erabiltzen dituzun ontzietan bertan jarriko duzu tomate egina. Eta izozten utzi, argazkikoak bezala. Gero kubotxoak atera eta beste ontzi batean gorde. Egin behin eta berriz, beldurrik gabe eta gorde kubotxoak zorro edo ontzi batean. Azpiko argazkian dituzu egindako batzuk.

Eta gero behar ahala erabili, esate baterako labean sartzen dituzun makarroi batzuekin edo mikrouhin labean berehala urtuta, zeuk nahi bezala eta behar besteko neurri zehatzean.

cc-by: zuzeuphoto
Tomatesaltsa kubotxoak. cc-by: zuzeuphoto

(Bai, badakit, neuri ere laranja kolorekoa geratu zait tomate saltsa eta aitor dut: irabiagailua erabili dut, pasadoreak behar zuen lekuan. Ez nekien gero zuei erakustea bururatuko zitzaidanik. Bestela finago ibiliko nintzen. Ederra fama irabazi behar dudana! Baina sinets iezadazue, kubotxoena ideia ona da, oso erabilgarria).

elikagaiak, gastronomia, kontserba, tomate saltsa, tomatea
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Zer egin hainbeste tomaterekin?”-ri buruz

  • Uau, lehenago ez okurritzea ere… bikaina, ideia.

  • Hau edozein saltsarekin egin daiteke: lapikoan ondo loditzen utzi ondoren, teknika hori erabili eta Starlux pastilen beharrean, izotz kubo natural horiek izan ditzazkegu etxean. 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude