Zentsura eta kontrol gehiago txinatarren “Twitterrentzat”

Lan kontuak edo aisia direla eta Txinara bidaiatu baduzu, Twitter erabiltzeko zailtasun askorekin egingo zenuen topo. Izan ere, Txinak ezartzen dituen kontrol baldintzak hain dira zorrotzak, non txoritxo urdinaren sare sozialak hara iritsi bezain pronto buelta hartu eta Kaliforniara itzultzea erabaki zuen.  Baina Txina ez zen geratu mikroblogging sarerik gabe, eta 2009an Weibo izeneko mikroblogging sare soziala sortu zuen, Twitterren eta Facebooken arteko made in China nahasketa. Txinako internauten %30ek erabiltzen dute eta 300 milioi erabiltzailetik gora ditu.

Weibok kritika ugari jaso ditu bai Txinan zein nazioartean bere kontrol zorrotza eta zentsura politikak direla eta. Gainera, aurtengo apirilean gobernuak hiru egunez itxi zuen sare soziala altxamendu politiko eta soziala bultzatzen zituzten “zurrumurru toxikoak” zabaltzen ari baitziren.

Eta orain, albiste dugu berriz ere mikroblogging sareak ezarri duen “erabiltzailearen kontratu” berria dela eta. Kontratu berri horrek sare sozialeko informazioaren gaineko kontrola handitzea du helburu, duen adierazpen askatasun eskasa are gehiago murriztuz.

Erabiltzaile txinatarrek Weibon zer egin dezaketen eta zer ez zehazten dute kontratuko jarraibideek baina klausulak oso modu anbiguoan daude idatzita; nahita, noski. Modu horretan, gobernu txinatarrak internauten mezuak nahi bezala interpreta ditzake legea nahi bezala eta komeni zaion modura aplikatzeko.

Hona hemen “erabiltzaile kontratu” berriaren 13. artikuluak jasotzen dituen debekuak:

  • Konstituzioaren oinarrizko printzipioei aurka egitea.
  • Nazioaren batasuna, burujabetza eta lurralde osotasuna mehatxatzea.
  • Herriaren segurtasuna arriskuan jarriko dituen sekretuak argitara ematea, edo herriaren interesak edo ohorea mehatxatzen dituztenak.
  • Diskriminazio edo gorroto etnikoa bultzatzea eta etnien batasuna edota haien tradizio eta ohiturak mehatxatzea.
  • Gizarte ordena eta oreka suntsituko duten zurrumurruak zabaltzea.
  • Irakaspen maltzurrak eta superstizioak bultzatzea.
  • Jarduera ilegalak bultzatzea; adibidez, jokoa, indarkeria edota krimenak egitera bultzatzen dituztenak.
  • Desordena soziala bultzatzea bilkura ilegalen bitartez, elkarteen eraketaren bitartez edota protesta, bilkura masibo eta asanbladen bitartez.
  • Legeak debekatzen duen eduki oro zabaltzea.

Zenbait puntuk zentzuzkoak diruditen arren, argi da gobernu txinatarrak erregimenaren aurkako iritziak emateko eta biltzeko eskubideak zapaltzea dituela helburu.