Prest al daukazu argazki kamera oporretarako?

Argazki bat ateratzen
Argazki bat ateratzen

Urtero kontu berdina. Oporralditik etxera itzuli, familia eta lagunekin elkartu, ateratako argazkiak pantaila handian begiratzen hasi… eta azalpenak eman behar: “argazkian ez da ondo ikusten, baina harri horiek Partenoiaren zatiak dira”, “txik-txiki ikusten diren horiek gu gara” eta abar. Aurtengo udan holakorik gertatu ez dadin Internetera jo dugu, han (hemen) baitago galdera guztien erantzuna eta arazo guztien soluzioa (ez al zenekien?).

Hasteko, ondo etorriko zaizkigu edozein argazkilarik ezagutu beharko lituzken oinarrizko 78 arauak. Adibidez: kendu ezazu tapa objektibotik argazkia atera aurretik. Hementxe arauaren zergaitia:

Gaizki eta ongi
Gaizki eta ongi

Oinarrizko ezagutzak barneratu ondoren, eman dezagun urrats bat gehiago: sortu dezagun guk geuk behar dugun materiala. Jakina da objektiboek joko handia ematen dutela argazkiak egiterakoan, baina oso garestiak dira. Zenbat aldiz egin dugu amets arrain-begi objektibo batekin? Oporren ostean ez zaizula dirurik gelditzen? Ez larritu: kortxo zati bat eta behatxulo bat baino ez duzu behar zure arrain-begi objektiboa sortzeko.

Eta, azkenik, dakizkizun trukuak eta sortzen zaizkizun zalantzak beste batzuekin konpartitzeko foro baten izena ematea ere ondo etorriko zaizu. Hori bai, zure kamaren marka zein den kontuan hartu beharko zenuke zuri dagokizun foroa zein den jakiteko. Aspaldi sortutako, Canonista eta Niconista foroei Pentaxero eta Sonysten foroak gehitu zaizkie, eta orain, Olympistena ere sortu da.

Guzti hau kontuan hartuta, zure jatorrizko trebetasuna jartzea baino ez zaizu faltako. Izan ere, jakina da euskaldunok esku ona daukagula argazkilaritzan (baita argazkilaritzan ere, esan nahi dut). Bestela, esan diezaiotela Mikel Ortega 31 urteko errenteriarrari, berak irabazi baitu Wikipediako 2008ko argazki libre onenaren saria.

Badakizu, emandako aholkuak jarraitu, egin klik eta gozatu oporretako argazkiekin!

Biandintz eta zaldiak, by Mikel Ortega
Biandintz eta zaldiak, by Mikel Ortega
aholuak, argazkiak, uda

Kazetaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude