Oraingoan ez da broma: Hotmail itxi egingo dute

1997 urtean Microsoftek 400 milioi dolarren truke Hotmail.com web-posta zerbitzua erosi zuen. Gaur, 2012 urtean, 157 aldiz bere gezurrezko itxiera iragarri ostean, 76garren aldiz ordainpeko izango zen mehatxuak jaso eta gero, kontaktu guztiei birbidalitako 23 e-mail kateen ondoren, Hotmail desagertzera doa. Ez da broma.

Erraldoien gainbeheraren paradigma den Microsoft multinazionalak Hotmail.com ordezkatzea erabaki du. Outlook.com izango da izen berria. Urte gutxian Hotmail ia gainditu egin du Google etxearen gmail.com posta zerbitzuak.

Adios a Hotmail mundu mailako TTa biltzen ari da erabiltzaileen iritziak. Gehienek Hotmail vintage esperientzia bilakatu zela nabarmentzen dute, alegia, zaharkitua gelditu dela. Horretaz jakinaren gainean zeuden Microsoften eta hori erakusten du zerbitzu berriaren aurkezpen bideoak: “E-mail maitea, zergatik gure espektatibak hain txarrak dira? Zer edo zer berriarentzako ordua da…” Ikusi beharko da Hotmail-ek galdutako ospea berreskuratzeko gai izango den Outlook ala Gmail-ek betiko egingo dien ihes.

Aldaketak: Outlook.com

Interfazean aldaketak egiteaz gain (euskeraz jarraitzen du), Twitter, Facebook eta Skype zerbitzuekin integrazioa ekarriko du Redmoneko multinazionalaren Outlook.com apustuak. Informazio gehiago dakarte Engadget edo El Paiseko artikuluek posta elektroniko zerbitzu berriari buruz. Momentuz, denbora tarte batez, Hotmail-ek martxan jarraituko du, baina erabiltzaileen gehiengoak jauzia egin orduko itxiko dute, betiko. Interneten hastapenetako klasiko batek agur dio. Lasai egin lo, Hotmail badoa, mila posta ustel birbidalita ere ez du atzera bueltarik.

2 pentsamendu “Oraingoan ez da broma: Hotmail itxi egingo dute”-ri buruz

  • Ba ni oso pozik nengoen nire hotmail kontuarekin! Outlook hori probatu dut eta simpleegia iruditzen zait

  • Baina zer gertatzen da gure hotmail kontuekin? Gazldu egiten dira? helbide horrek ez digu balioko aurrerantzean? kontuan ditugun kontaktuak eta abar…dena galduko dugu?milesker, aklaratzen ez den bat