Nanozientzia, onurak eta zalantzak

Nanozientzia, onurak eta zalantzak –

Ze antzekotasun dago gurpil inteligente eta eguzkitarako krema berezi baten artean? Ze harik lotzen ditu plastikoa bezain arina izan daitekeen altzairua eta kablerik gabeko etengailu bat? Ze kidetasun izan dezakete kolorez aldatzen den jantzi isotermiko batek eta zikinkeria egozten duen pinturak? Kasu guztietan erabili dira nanoteknologiaren aplikazioak. Forbes aldizkariak hamar produktu hauek aipatzen zituen duela hamabi urte; pasa den urtean Lurederra enpresa nafarrak kotxean bisibilitatea hobetzeko produktu bat komertzializatu zuen, aplikazio nanoteknologikoekin.

Nanozientzia, onurak eta zalantzakNanoteknologiak material eta osagai asko sortzeko ahalmena du, batez ere elektronikarako, medikuntzarako eta energiaren sorrerarako. Nanometro bat metro baten milloiren bat da, hau da, metro baten 10-9a (10-9 = 0,000 000 001). Wikipedian adibide ederrak daude neurri hau ulertu dezagun:

  • Paperezko orri baten lodiera 100.000 nanometrokoa da.
  • 25.400.000 nanometro daude hazbete batean.
  • Gizaki baten ile baten lodiera 80.000 – 100.000 nanometroko da.
  • Urrearen atomo bakar baten diametroa nanometro baten hirugarrena da.
  • Nanometro bat hain handia da gure azazkal bat segundo batean zenbat handitzen den bezalakoa.

Atomo edo molekula kantitate txikiz osaturik daude, eta beren ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak itzelak dira: erresistentzia, flexibilitatea, arintasuna eta informazioa biltzeko gaitasuna daukate. Materia, elektronika eta biologiaren bateratze honek sekulako aukerak zabaltzen ditu. Gizateriak inoiz ezagututako iraultza teknologiko handienetakoa garatzen egon daiteke une honetan  Tokion, Grenoblen, edo zergatik ez, Los Arcosen eta Donostian.

Baina iraultza honek, iraultza guztien gisan, hamaika galdera eta zalantza sortzen ditu. Kezka handia dago nanomaterial horiek osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak izan ote litezkeen ala ez, eta eztabaidak amiantoaren edo GEO (Genetikoki Eraldatutako Organismoa, transgenikoak, alegia) delakoen afera du gogorarazten; ez zela kaltegarria, ezetz, eta azkenean bai, baietz.

Beren tamaina txikia dela eta ez dira soilik arnasbideetatik sartzen, baita azaletik ere, eta zelulen nukleoetara sar daitezke inongo trabarik gabe. Milioika lagun daude nanopartikulen eraginpean. Lan taldeak osatu eta munduan zehar gaia lantzen den arren, arriskuen kontrol mekanismoak nanoteknologiaren garapena baino geldoagoak dira; eta garapen hauek, oso maiz, ezezagunak dira iritzi publikoarentzat, izan sekretu industriala, izan sekretu militarra tarteko.

Nanozientzia, onurak eta zalantzak

Nanozientzia, onurak eta zalantzakLe Monde Diplomatique egunkariak mito bat aipatzen du nanoteknologien inguruan hitz egitean. Jakintsu bati gertatuko kondaira da Faustoren tentaldia, Johann Spies frankfourtarrak 1587an argitaratutako liburuan kontatzen dena: Johann Fausto doktorearen historia. Beranduago Christopher Marlowek idatzi zuen bere buruz, baita Goethek ere; Wagnerrek zazpi kanta konposatu zituen Goetheren obraren lehen zatiarentzat. Fausto jakintsua etsita dago, gizakiaren jakinminak bere humanitatearen mugarekin egiten duelako talka etengabe; artega, deabruarekin hitzarmen bat adosteko deliberoa hartu zuen: bere arima sekretu guztien ezagutzaren truke. Jakintzak botere gosea sortzen du Faustorengan, ondoren Jainko izan nahi baitu, eta izaki guztien gainetik egon.

Honekin ez da “zientzia VS erlijioa”, edo “aurrerapena=deabrua” paradigma planteatu nahi. Faustok izaki perfektua izan nahi zuen, baina ordaindu beharreko prezioa garestia izan zen oso. RFID irrati frekuentzia sistema ingurumena zaintzeko erabili daiteke, lapurreten aurkako jarraipenak egiteko, eta nahi izanez gero, etsai politikoa edota herritar xumea zelatatu eta bere aurka jotzeko.

Nanozientziak inoiz emandako jauzi handienetakoa egitera eraman dezake gizateria, eta bertigoa sortu; agian, oreka apur bat bermatze aldera, ona litzateke erantzunkizun sistema bat egotea komunitate politikoaren, zientifikoaren eta industrialaren artean afera hau ardatz hartuta. Arma nuklearraren garapenak sekulako aldeak sortu zituen berau daukaten estatuen eta ez dutenen artean; nanoteknologiak ere antzeko ezberdintasun bat sortuko du, ez badu dagoeneko sortu.

Nanozientzia, onurak eta zalantzak

Eztabaida beraz, ez nuke nanoteknologia bai edo ez eremuan kokatu nahi, agerikoa baita gure bizitzak hobetu ditzakeen zientzia dagoela atzean; kontua da nola, zertarako, eta zeren truk.

Ene ustez Black Mirror telesailerako atal bat egiteko mamia bada hemen.

Nanozientzia  Nanozientzia  Nanozientzia  Nanozientzia

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.