Londres pirateriaren aurka

Gordon Brown, Britainia Handiko lehen ministroa
Gordon Brown, Britainia Handiko lehen ministroa. CC-by IMF.

Europako herrialde gehienak bezala, internet bidezko pirateriari aurre egiteko deliberoa hartu du Britainia Handiak. Eta ez du zalantza izpirik agertu bere jarreran, Lord Carter-ek, Komunikazio sailburuak, aurkeztutako txostenari so: “Hau onartezina da. Gobernuaren iritziz pirateria lege hauste larria da. P2p bidezko legez kanpoko deskarga edo artxiboen sareratzea, lapurtzeko beste era bat baino ez da. Eta hori barkaezina da”. Digital Britain izeneko txosten hau Parlamentuan aurkeztu zuen atzo sailburuak.

Pirateria %70 jaistea du helburu Gobernuak, eta horretarako Ofcom izeneko erregulatzailea erabiliko dute. Honen laguntzarekin, internet hornitzaileek arreta deitu ahal izango diete lege hausteak egiten dituzten internautei. Honetaz gain, erabiltzaile guztien datuak mantenduko dituzte enpresek, behar izatekotan, epaitegietara bidali ahal izateko legea urratze larriak egiten dituzten internautak.

Muturreko neurriak hartu aurretik, konexio hornitzaileek interneten abiadura jaitsi ahal izango dizkiete “gaizki portatutako” nabigatzaileei, edo zenbait webgunetara sartzeko debekua ezarri ahal izango dute. Baina badu oinarri sendo bat Carter jaunaren proposamenak: izatez, urtean 180 milioi libera galtzen ditu musika merkatuak Britainia Handian pirateriaren eraginez, eta 152 milioi libera zinema industriak.

Arazo hau mundu mailakoa izanik, lurbira osoko herrialdeek tentu handiz ikertuko dute Britainiarren lege berri hau, are gehiago, Frantziako Konstituzio Kontseiluak Sarkozyren legea atzera bota duenean.

Lord Carter-en txostena, alabaina, ez dute oso ondo jaso herrialdeko zenbait eragilek. Deseroso sentitu diren lehenak internet hornitzaileak izan dira, nabigatzaile guztien datuak mantentzea sekulako dirutza suposatuko baitie. Bestalde, interneten adituen iritziz, legeak ez du eraginik izango, erabiltzaileek bide berriak aurkituko baitituzte deskargak egiten jarraitzeko. Alegia, sakoneko arazoa konpontzeko –internetek mundua ulertzeko eta antzemateko era irauli egin duela- ez duela balio.

Kazetaria.