Irribarremetroa

Japonian irribarrea puntuatzen dute
Japonian irribarrea puntuatzen dute

Irribarrea unibertsala eta doakoa bada ere, leku askotan luxuzko delicatessena bihurtzen da.  Nori ez zaio noizbait gertatu jesukriston ilara itxaron eta gero lehiatila batera iritsi eta, odolgabe edo desatsegin batekin topo egitea? Harakiria egiteko modukoa.

Usadio zahar eta mingarriak alde batera utzita, Japoniarrak irribarre perfektua asmatu nahian dabiltza. “Irribarremetroa” izeneko scanerra medio, japoniar trenbide sarean lanean dauden langileen aurpegiak kontrolpean dituzte, bezeroei emandako arreta egokia den ala ez neurtzeko.

Txismea, kamara digital bat da, langileari ateratako argazkiak software batera pasatzen ditu eta egindako keinuen seriea aztertu eta gero, “irribarre puntuazioa” deritzona lortzen da.

Irribarre biribila 70/100 puntuazio tartean dabilena da, hortik gora daudenak (hau da, bezeroarekin graziosilloak egiten direnak), oso arriskutsuak izaten dira, bezeroa kikildu egiten omen dutelako.

Bien bitartean, inbentuaren aitak, bere defentsan esaten du, ez duela langileak kontrolatzeko asmoarekin sortu, norberaren jarreraren ebaluaketa egoki eta positibo bat egiteko baizik.

Tramankulu klase hau alde batera utzita, dudik ez dago irribarreak aurpegiko muskulu pila mugitzeaz gain, endorfinak sorrarazten dituela. Bizipoxa ematen digutela. Eta norberaren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, besteena ere onera egiten duela.