Zer egingo zenuke ikusezina bazina?, edo anonimotasuna interneten

Zer egingo zenuke ikusezina bazina?, edo anonimotasuna internetenZer egingo zenuke ikusezina bazina? Bankua lapurtu eta beste justizia batzuk egin ondoren, zer gehiago? Txantxa batzuk egin edo jakin-min batzuk ase ondoren, zer gehiago? Alde argira ala alde ilunera jo zenezake, edo halako alderik ere ez dagoela pentsatu; besteen onurako ala besteen kalterako erabil zenezake, edo alde bakarra zu zeu zarela pentsatu. Nolanahi, goiz ala berandu, dohain ahaltsu horrek zure arimaren benetakotasuna erakutsiko lizuke. Nolakoa izan zaitezkeen erakutsiko lizuke, edo benetan nolakoa zaren. Erabakitzeko gaitasunak arima biluzten du, adixkide. Deabruak ez al zintuen ohartu kontratua eskaini zizunean?

Demagun, beraz, dohaina daukagula, eta dohaina anonimotasuna dela, eta horrek dakarren inpunitatea, erantzukizunik eza. Lasai joka dezakegu inolako ondoriorik jasoko ez dugula jakinda. Edo, inolako ondoriorik gabe ez bada ere, oso probabilitate txikia dagoela jakinda. Hona iritsita, zientzia fikzioa ez da beharrezkoa, ezta bidegurutzetako deabrurik ere, ikusezintasunaz aparte, anonimotasuna ezkutatzeko modu asko daude eta.

Adibidez, kotxea hartzen dugun bakoitzean antzeko prozesu mentala nozitzen dugu: nahitaez anonimoak gara, ez erabat, baina supermerkatuko ilaran besteekin lehiatu behar dugunean baino askoz ere anonimoagoak. Kotxe barruan, aluminiozko eta beirazko azal batek ustezko segurtasuna ematen digu, baina errepidearen jariotasun geldiezinak benetako aukera ematen digu uneko erantzukizunari ihes egiteko. Horrela, ezezagun baten aurrez aurrean inoiz izango ez genukeen jokaera ia ezinbestekoa irudi lekiguke, gizalegea harraren ahuldadetzat ere har liteke, emeen jokabidetzat, besteen turutek gogoratua eta zigortua. Hemen ere erabakitzeko gaitasunak arima biluzten digu, noski, eta gupidagabe. Inor ez dago salbu proba honetatik, kopilotuak barne.

Polita da kotxeak inposatzen digun ariketa: anonimotasuna ezinbestekoa zaigu-eta, mozorroa jantzita, norberak erabaki behar du horretaz baliatzea ala ez; baliatzera behartua sentitzen den ala eranzteko libre sentitzen den. Nolanahi ere, okerrenean, eskorpioiaren eta igelaren alegia hartan bezala, bolanteari helduta beti geratuko zaigu eskorpioiaren aitzakia.

Interneten, ordea, ez da halakorik gertatzen. Hemen anonimotasuna norberaren aukera da. Zergatik aukeratu? Asko izan litezke arrazoiak, gehienak zilegiak oso, noski: protagonismoa saihestu nahia edo izena agertzeko gogorik ez izatea, kasurako nortasunik gabe iritziak berak garrantzia izatea, lotsa, nortasun berria probatzeko gogoa, trollismo “osasungarri” eta aitortua, zehaztu gabeko beldurra, lanean edo inguruan identifikatua izateko beldurra, errepresioa nozitzeko aukera…

Zilegi al da, ordea, gizalegezko erantzukizun arrunta saihesteko norberaren nortasuna ezkutatzea gogoak ematen duen guztia esateko, zuzen ala oker hurkoa salatzeko, iraintzeko, susmoa pizteko, kontu pertsonaletan sartzeko, mintzeko, ahultzeko, politika ziztrina egiteko…? Horretarako guztietarako zilegi al da anonimotasunaz baliatzea? Interneten eskubidea al da anonimotasuna norberaren onurerako eta besteen kalte?

Nik ezetz diot, eskubidea ez dela, aukera bai, eta ondorioz kostuak jaso behar dituela ordainetan. Bestela, anonimotasunana zintzotasunez gorde nahi duenak bere jarduna mugatu beharko luke: gizalegez eta jende aurrean esango lituzkeen hitzetara mugatu beharko luke, anonimotasunari etekinik atera gabe, horretaz baliatu gabe. Azken finean, zertaz hitz egingo genuke aurrez aurre burka jantzita eta ahotsa distortsionatzen dion ezezagun batekin? Politikaz, gizarteaz, eguraldiaz? hari hikaz nola egin ere jakin gabe? Eta batez ere: zer sinesgarritasun merezi du arrazoi argirik gabe nortasuna ezkutatzen duenak?

Kontua ez da, noski, benetan solaskidea nor den jakitea. Ezizen baten ordez edonork izen-deitura faltsuak jar litzake. Agian nik neuk sarrera honetan bertan. Nola jakin? Horrek ez dauka garrantzirik, nire ustez. Egiten duenak bere buruari eta solaskideari esango die gezurra, horren jakitun, eta hor konpon. Kontua da anonimotasunaz baliatzen ez denak noraino onartu behar duen besteen anonimotasuna, noraino onartu solaskide. Galdera egin dut hasieran: “Zer egingo zenuke ikusezina bazina?”. Baina benetako galdera, erreala, hauxe da: Zer egingo zenuke zuk, denok ikusezinak bagina? Hemen denok ikusezinak garelako, eta besteei geure burua ikusten uztea benetako dohaina.

Ondo dakit nire jarrera tolesgabetzat har litekeela, ahul eta emetzat, naif. Baina benetako izenez sinatzen dudanez, horrek bestelako dohaina ematen dit. Eta plazer handia. Etsipenean plazer bakarra. Plazer emea.

Gonzalo Etxague

Zer egingo zenuke ikusezina bazina?, edo anonimotasuna interneten

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

12 pentsamendu “Zer egingo zenuke ikusezina bazina?, edo anonimotasuna interneten”-ri buruz

  • Ez al da oso zaharra (eternoa) kontu hori?
    Hona gehiegi arakatu gabeko bat: http://www.blogari.net/klig?s=anonimo

  • Nere paranoia da edo Zuzeun norbaitek arazoren bat du anonimotasunetik komentatzen duen jendearekin?
    Ze egingo nuke anonimotasunetik? Hemen idatzi.

    • “anonimotasunana zintzotasunez gorde nahi duenak bere jarduna mugatu beharko luke: gizalegez eta jende aurrean esango lituzkeen hitzetara mugatu beharko luke jarduna, anonimotasunari etekinik atera gabe, horretaz baliatu gabe”. Paranoia nirea da, lasai.

  • Anonimotasuna gordetzen ez duena ez du bere jarduera mugatu behar ala?
    Jendearen aurren esandakoak? Jendeari entzuten dizkiodanak internetera plazaratuko balituzte, ehundaka mila gartzelan eon beharko zian.

    Ala ta guztiz azaldu behar izan nun nere kritika ez zala artikulu honi zuzendutako kritika bakarrik, Zuzeun azkeneko boladan anonimotasunetik komentatzen dituztenei buruzko artikulu batzuei zuzendutakoa zan, badirudi anonimotasunetik komentatzen dutenak zilegitasun gutxigo daukatela, edo beraien iritziak gutxigo balio dutela.

    Eta Gizalegez komentatu behar bada, zure izena jarrita biba Franko esan dezakezu, beste zerbait erraten badezu, kartzelara, eta nahiz eta anonimotasunetik komentatu, ziur bilatzen zaituztela.

    Baina beno esan dudanez, nere paranoia izan like.

    • Kontua ez da inoren askatasuna mugatzea, baina bere jarduera bere gain hartzeko prest dagoenak sinesgarritasun handiagoa dauka beti, bai eta zilegitasun handiagoa ere. Horretaz gain, anonimotasunak aukeratzen duenak gutxienezko enpatia eduki beharko luke izenaz agertzen denarekin, anonimotasuna armadura bada, izena larru azala besterik ez. Nik hori pentsatzen dut, nik, ez Zuzeuk, eta horregatik sinatzen ditut nire iritziak, besteak beste, nireak direla argi uzteko, ez beste inorenak. Nolanahi ere, hau ez da arazo teorikoa. Praktikan, anonimotasunak muturreko jarrerak agertzera, alderdikerietara eta, orokorrean, eztabaida pobretzera eraman ohi du, hara iristeko bidea erraztu, behintzat, ez baita eragile bakarra. Foro guztietan, eta hemen ere bai, denboraren joanak eta anonimotasunak endekatze prozesu batera eramaten dutela dirudi. Areago, anonimotasunak anonimotasuna bera endekatzen du: lehen izena, gero ezizen “finkoa” edo nicka eta, bukatzeko, iruzkin bakoitzeko berria: Bat, Beste bat, Donostiarra, Donostiarra 2… Bidezkoa ala ez izan, horrelako eztabaida guztiek, oilategia izateaz gain (horregatik, azken finean), elkar mokoka aritzeko baino ez dute balio. Oso bide egokia izan liteke Deiako eztabaidetan, eztabaida eta iritzi trukea sustatzen direla irudikatzeko, baina benetan kontrakoa lortzeko asmoz. Hau bezalako foro baterako, ordea, onartu ezin den luxu asiatikoa da, hau bukatuta besterik ez dagoelako. Eta ez dago besterik ez euskaraz ez erdaraz, ziur aski Zuzeu Euskal Herriko fororik irekiena delako, baina euskaraz, gainera. Horregatik ere ez dauka etsai gutxi. Beraz, anonimoa ala ez izan, denok zaindu beharrekoa, beste inork zainduko ez du eta.

  • Zilegitasuna argumentuak ematen dituzte, ez anonimotasun eza. Urdacik aurpegia ematen zun eta ea nork ikusten zion zilegitasunik bere argumentu edo gezurrei.
    Esaten ari zea muturreko jarrerak anonimotasunik gabe ez dutela debatea pobretzen baina bestela bai? Ba ez dut ulertzen. Argumentuak dira debatea pobretzen edo aberasten dutenak. Eta zer da muturreko jarduera? Bakoitzarentzako ezberdina izango da ez?

    Armadura? Herritar solilak identifikatu behar dira iruzkinak bidaltzeko? Zergatik? Ez dut lertzen zergatik ez dirudi zilegia (edo zilegitasun gutxiago) dakala izena jartzen ez duena eta jartzen duna bai.
    Nik askotan ez dut ikusten nork bidaltzen ditun iruzkinak, ezta artikuluak ere, ez zaidalako gustatzen irakurri baino lehen aurreiritzirik izatea. Eta horrexegatik iruditzen zait azkeneko boladan gehiegi aipatzen dela anonimotasunetik komentatzea ez dela zilegia (edo hobeto esanda ez dela hain zilegia). Horregatik jarri dut Zuzeuen paranoia dutela iruditzen zaidala, baina kasualitatea ere izan like.

    Ala ere ez dakit zertarako idazten dudan, anonimotasunetik esaten dudana ez bait dauka zuk izan dezakezun “zilegitasuna”. Eta “gutxiago” banaiz….

    Ongi izan.

    • Sugar, gaia gehiegi pertsonalizatzen ari zarela esango nuke. Horregatik eta txapa luzea datorrelako, lehenik eta behin esango dizut posta zuri erantzuteko eta, batez ere, eztabaidak sortu dizkidan ideiak plazaratzeko erabiliko dudala. Ez hartu, beraz, esango ditudan guztiak erantzun zuzentzat hartu . Are gutxiago, anonimotasunaz aritu naizean, zurea bezalako kasuez aritu ez naizelako. Kontua ez da “Gonzalo Etxague” ala “Sugar” sinatzea, modu batean ala bestea gizalegez aritzea baizik. Baina anonimotasunak gizagabekeria errazten duelakoan nago, askotan inpunitatea; eta horregatik, kontrola behar dela aldarrikatzen dut, autokontrola eta gizarte-kontrola, alegia. Eta berriro diotsut, ez da zuregatik, ezta Zuzeuko eztabaidengatik bakarrik ere. Orokorrean, diot.
      *
      Kontua hobeto uler dezazun, adibidea jarriko dizut: egoera berezi eta ezohiko batzuetan salaketa anonimoak kontuan hartzea bidezkoa izan liteke; adibidez, norbaitek bizilagun bortitza ertzain-etxean salatzea emaztea edo seme-alabak jipoitzen dituelako, biktimak beldurtuegi horretarako ere. Horrelako egoera batean salaketa anonimoa edonori irtenbide egokia iruditu lekiguke, ekintza altruista eta ongilea, akatsik gabekoa. Baina zer gertatzen da benetako salaketekin batera salaketa faltsuak agertzen hasten badira, gero eta gehiago, gainera. Azkenean, ezin da jakin zein den benetakoa eta zein faltsua. Baina egoera horretan norbaitek salaketa sinatuko balu, sinatzegatik bakarrik, sinesgarritasun handiago izango luke eta zilegiagoa izango litzateke horri kasu egitea. Orduan, aurreko salaketa anonimo guztiak faltsuak ziren? Ez, baina ez zegoen fidatzerik. Horrenbestez, salaketa anonimoak baztertzen dira.
      *
      Interneteko eztabaidetan, ordea, anonimotasuna ezin da saihestu, ezin da debekatu, gaur gaurkoz eta zorionez. Horrek handitasuna ekartzen dio sareari, erabateko askatusuna herritar arrunten artean aritzeko (bestelakoa da estatuen aurrean, noski, haiek ederki baitakizkite nire izena eta zurea, Sugar, horretarako aparteko neurrik hartu ez baduzu). Baina, aldi berean, horixe da sarearen ahuldaderik handiena. Arazoa da anonimotasunak eztabaida askatasuna eta eztabaida bera suntsitzea ekar ditzakeela, biak. Orain arteko praktikak ezinbestez bigarrenera daramala esango nuke. Orduan zer egin? Nik esango nuke arazoa ez dela anonimoa izatea ala ez, heziketa baizik. Nik Suitzako kale jendetsu batean ez dut lurrera paperik botako besteek kargu hartuko didaten beldur, baina Euskal Herriko kale bakarti batean ere ez dut botako, baina gizalegez, heziketaz, besteekiko errespetu falta delako, nire kontra ere egingo nukeelako… Eta beti egongo da, noski, noiznahi eta nonahi lurrera parera botako duenik, heziketa bide luzea eta bukaerarik gabekoa baita. Baina ez da ezinezkoa. Wikipediaz fidatzen naiz ni, adibidez, erabiltzaileek berek kontrol hori ziurtatzen dutela uste dudalako, eta horregatik entziklopedia britainiarra baino fidagarriagoa iruditzen zait.
      *
      Alde horretan, kalea eta sarea kontrakoak dira, ispiluan elkarri begiratzen dioten bi buru: kalean, pertsona kontroletik abiatzen da askatasunerantz; sarean, askatasunetik abiatzen da… kaososera, kontrolerantz…? Kontrola eta askatasuna, biak ez dira berez txarrak, baina bai muturrak jendartean bizitzeko. Wikipedia askatasunak eta kontrolak egiten dute. Kalea ondo ezagutzen dugu, bertako kontrola eta autokontrola ere bai, batez ere errepresioa, kalea asmatu zenetik ezagutu ere, eta milaka urte pasa arren, oraindik gizakiok ez dugu orekarik topatu. Are gutxiago sarean, hain gaztea izanda, jaio berria, beti gurekin izan dela uste arren. Baina ikaragarri berria da aurrean daukan bidea kontuan hartzen badugu. Eta gu kobazuloetako gizakiak baino ez gara askatasuna eta kontrola arautzen, errepresioaren mehatxua burutik kendu ezinik, gainera. Alde horretatik pribilegiatuak gara, aitzindariak lurralde berrietan, baina betiko akats berberak egiteko arriskuan.
      *
      Arauak jartzeko, ordea, helburuak argi eduki behar dira: niretzat, horrelako foro batean helburuak eztabaida aberasgarriak sortzea izan beharko luke, sakonak zein arinak, aspergarriak zein dibertigarriak, ganberroak… batzuetan bala eta besteetan kale, baina loroen arteko elkarrizketatik ihesi beti. Gaur, helburu horretara hurbildu beharrean, urrundu egiten garela esango nuke, orokorrean, hemen eta sare zabalean, norabidea falta zaigulako.
      *
      Post luze hau bukatzeko, azken puntua aipatu nahi dut. Sinaduraren ordez argudioek sinesgarritasuna eta zilegitasuna ematen dituztela diozu. Horrela esanda, edo azken finean muina argudioetan dagoela diozu, ez argudioak idatzi dituen pertsonaren nortasunean. Arrazoia emango dizut eta aldi berean ukatu. Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Ezin da esan kasu guztietan anonimotasuna onartezina denik, ezta kasu guztietan sinadura derrigorrezkoa edo garrantsitsua denik ere. Niri neuri anonimotasuna onargarria iruditzen zait batzuetan eta beste batzuetan ez; izenpea, ordea, beti onargarria. Baina, sinesgarritasun eta zilegitasunaz aparte, kasu askotan egilea nor den jakiteak argudioak modu batean ala bestean ulertzera eraman dezake. Demagun: “Euskal Herrian ez dago askatasunik giza-eskubideak errespetatzen ez direlako”, “Herritar” batek sinatua. Baina herritar hori Basagoiti edo Permach izateak zentzua aldatzen dio esaldiari. Kasuz kasu osagarri bakoitzaren garrantzia aldatzen dela kontuan hartuta, ekintza komunikatibo baten mezua bost osagarrik egiten dute: helburua, enuntziatzaileak (egilea), enuntziatarioak (jasotzailea), testuak (hitzak) eta, batez ere, testuinguruak (lekua, garai, egoera…) . Bakar bat ere ezin da baztertu, baina bai ezkutuan utzi, testuinguruak berak argitzen duelako. Stop seinale batek erabateko zentzua dauka bidegurutze batean, baina mendiko larre baten erdian ez: ez dakigu zer esan nahi duen, nork jarri duen, zertarako… Beraz, argudioak bakarrik (“geldi zaitez aurrera jarraitzeko arriskurik ez dagoela ziurtatu arte”) ez du mezua osatzen.

  • Xabier Makazaga 2013-05-21 08:54

    Gonzalok aipatzen duenaren adibide egokia iruditzen zait « Best seller » sarreran norbaitek anonimotasunetik egindako iruzkina :
    https://zuzeu.eus/2013/05/13/best-seller/
    “Xabitxu” ezizeneko batek hara nola hasi zuen bere iruzkina: “Ezker abertzalekoa banaiz ere…”
    Nire erantzuna: “Ba ni jeltzalea banaiz ere, Xabitxu ezker abertzalekoa den bezainbeste bai behintzat…”
    Ez dit erantzun.

  • Ulertzen dut esandakoa Gonzalo, nitzako ez da inolako txaparik, mezu motzak idazterakoan askotan gauz asko gelditzen dialako eta azkenean iruzkin asko bidaltzen dia berdina errateko.

    Ulertzen dut eta ados nago eta ez, badakit jendea aprobetxa daitekela anonimotasunetik, bainan erran dezunez, badakite nortzuk garen.

    Salaketa faltsuena zentzu asko du bainan berriro gaude erran duen zilegitasunean eta ez frogetan, salaketa faltsu asko jartzen badia, poliziak jakin beharko zun salaketak bereizten, edo bestela denak ikertu. Eta zer gertatzen da anonimotasunetik emakume baten aurkako bortizkeri faltsua salatzen bada behin ta berriro? Poliziak ez zun ikertuko nundik datozten? Asko badira? Gutxi badira ba errazago ikertu beharko dituzte.

    Permach eta Mintegi, edo Basagoiti ez dia herritar soilak, ez dut uste berdina denik, baina bai anonimotasunetik esandakoa beste zentzu izan like beraiek erraten badute.

    Bat nator zurekin edukazio gauza dela, horretan guztiz ados. Bainan anonimotasuna ere askotan behar da, batik bat hainbeste lege ez zilegi daudenean. Eta ez hori bakarrik, hiritar soil askorei iritzia plazaratzea gustatzen zaie bainan ez dute gustoko bere irudia publikoa egitea, eta ezer irabazten ez dutenez…

    Adibide bat jarriko dizut:

    Interekonomian sartzen bazea, horko iruzkinetan badago jendea bere izena jarritaz Franco goraipatzen duela, Franco motza gelditu zela erraten dutenak eta jende gehio erahil behar zuela erraten dutenak.

    hori ez da ilegala eta ez da “ezer” gertatzen. Baina badago jendea beste pozizioak izaten dituztela eta plazarazterakoan, Francoren jarraitzaileak mehatxatzen dituzte poliziari salatzearekin.

    Mezu hoeik idazten dituztenak konturekin ibili behar dia, eta salatzen badituzte arazoak izan ditzazkete, agian ez dituzte kartzelan sartzen bainan arazoak izan ditzazketela ziur.

    Bukatzeko, agian konturatu gabe pertsonalizatu dut, baina esan dizudanez, azkeneko boladan anonimotasunetik komentatzen ditugunekiko artikulu batzuetan, zilegitasun gutxiago daukagula aditzera ematen zan (edo hori iruditu zitzaidan niri),eta nola askotan ez dut ikusten nortzuk idazten dituzte artikuluak (Zuzeuen idazten duten jendearen izenak ez dakizkit, 2 edo 3 izan ezik),ba Zuzeuko paranoiarena idatzi nun, baina kasualitatea izan dela suposatzen dut, agian horregatik nigan ere pertsonalizatu dut.

    Ongi izan.

  • Eta ez dakat ezer Zuzeun kontra, foroa aske eta irekia daukala iruditzen zait, eta horregatik kontrako iritziak ditudanean plazaratzen ditut ere.

  • Eskertzekoa da lorategitik atera gabe bilatzen zen belarra topatzea: https://zuzeu.eus/2013/05/24/lehen-lerroa/