HiztegiAPP: mugikorretarako aplikazio berria

HiztegiAPP: mugikorretarako aplikazio berria

Hiztegiak eta bestelako zenbait hizkuntza-baliabide kontsultatzeko aplikazio berri bat kaleratu du Elhuyarrek mugikorretarako: HiztegiAPP.

Dagoeneko eskuragarri dago Google Playn, Android mugikorretarako, eta laster egongo da erabiltzeko moduan iOS mugikorretarako bertsioa ere App Storen (une honetan, beta bertsio bat dago).

HiztegiAPP: mugikorretarako aplikazio berriaHiztegiAPP hiztegi bat baino gehiago da; zehazki, 36 hizkuntza-baliabide aldi berean kontsultatzeko aukera ematen du. Tartean, euskarazko hiztegi elebidunak, eleaniztunak, sinonimoen hiztegiak, corpusak, Xuxen zuzentzaile ortografikoa eta abar eskaintzen ditu. Lehenespenez, 8 hizkuntza-baliabide hauetan egiten du kontsulta:

• Elhuyar Hiztegia
• Euskalterm
• Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua
• Labayru Hiztegia
• Orotariko Euskal Hiztegia
• UZEIren Sinonimoen Hiztegia
• Zehazki Hiztegia
• Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa

Nahi izanez gero, bilaketak baliabide horietan guztietan batera egin ditzakezu, edo kontsultarako baliabideen zerrenda pertsonalizatu dezakezu, eta nahi duzunean aldatu, unean uneko beharrak kontuan hartuta. Hautatzen dituzun baliabideen arabera, hizkuntza-aukera bat baino gehiago dituzu, betiere tartean euskara dela (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, latina, japoniera…).

Aplikazioa erabilerraza da oso, eta bilaketak euskaratik egiten badituzu, gainera, bilaketa “lematizatzeko” ahalmena ere badu HiztegiAPP aplikazioak. Alegia, erabiltzaileak “nentorkizun” hitzaren esanahia ez badaki, adibidez, bilaketa egin aurretik, “etorri” erroa zein den topatuko du HiztegiAPPk, eta azken horren bilaketaren emaitza ikusiko du zuzenean erabiltzaileak. Horretarako, baliabideen zerrendaren amaieran agertzen den “lematizazioa” aukera aktibatu besterik ez da egin behar.

HiztegiAPP eskuratu nahi izanez gero, zoaz Google Playra, Android sistema eragilea duen mugikorra baldin baduzu, edo App Storera, iPhone edo iPad bat baduzu. Bertako bilatzailean “HiztegiAPP” jarri, eta zuzenean deskargatu dezakezu mugikorrera, zentimorik ordaindu gabe. Animatu eta probatu!

HiztegiAPP: mugikorretarako aplikazio berria

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Zer duzu buruan “HiztegiAPP: mugikorretarako aplikazio berria”-ri buruz

  • Joseba González pavon 2016-05-30 23:15

    Euskaldunentzako laguntza ona da.
    Euskaraz bizi nahi dugu