Goazen ohera (eta bi)

Goazen ohera (bat)

Eduardo Angulok Zientzia Kaieran loari buruz idatzitako artikulua jaso eta bitan banatu du salabardoak. Hauxe duzu bigarren eta azken atala:

.

“Loak ez badu inolako bizi-funtziorik betetzen, eboluzioaren akatsik handiena da”
Allan Rechtstaffen, 1971

Lo egitea misterio bat da. Hala diote adituek. Washingtongo Estatu Unibertsitateak Spokane hirian duen campusean lan egiten duen James Kruegerrek zuzendutako ikertzaile-taldeak, adibidez, lo egitea misterio zientifiko bat dela eta, beraz, haren funtzioaren edo funtzioen inguruko inolako adostasunik ez dagoen azken prozesu fisiologikoa dela adierazi du. Zergatik egiten dugu lo? Zergatik igarotzen dugu lotan gure bizitzaren heren bat eta laurden bat bitartean?

Goazen ohera (eta bi)
Johann Heinrich Füssliren (1741-1825) “Amesgaiztoa” lana.

.

Loa eta arazo kognitiboak

Beste adibide bat Alabamako Unibertsitateak Birminghamen duen campusean azkagurea ta guzti, mugek zuzendutako taldeak argitaratutako nerabeen loari buruzko azterketa da. Hartan, 84 boluntariok parte hartu zuten; batez beste, 13,3 urte zituzten, eta erdia neskak ziren. Haien lo-ordutegiaren eta loaren kalitateari buruzko autoebaluazioaren gaineko datuak biltzeaz gain, listuan kortisol-kontzentrazioa neurtu zieten haien estres-maila ezagutzeko.

Neskengan bereziki, kortisol-kontzentrazio altuak lo egiteko arazoekin lotzen dira eta, horrez gain, denbora gehiago eskaintzen diote lo egiteari: gauero 11 ordu ere igaro ditzakete ohean. Haien loaren kalitateari buruzko autoebaluazioa bat dator listuaren kortisol-kontzentrazioarekin, ohartzen baitira estresatuta daudenean okerrago lo egiten dutela. Haien autoebaluazioa gurasoek beraiek beren seme-alaben loaren inguruan egiten dutena baino zehatzagoa da.

Ikerketa zehatzen zerrendaketa amaitzeko, Singapurren kokatutako Neurozientzia Kognitiboko Zentroan lan egiten duen June Lok eta haren kideek loaren iraupenak 55 urtetik gorakoengan eragindako arazo kognitiboen inguruan argitaratu berri duten meta-azterketa ikus dezagun. Bertan, guztira 14 herrialdetako 97.264 pertsonako lagina aintzat hartzen duten 18 ikerlan aztertu dituzte, ametsari eta ahozko memoriari, lanari eta prozesu kognitiboei buruzko datuak jasoz.

Emaitzek, 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute. Hots, arriskutsua da gutxiegi zein gehiegi lo egitea.

Loaren iraupenari dagokion datua gehitu dezagun, baina, testua sobera ez zailtzearren, ugaztunak baino ez ditugu kontuan hartuko. Alde handia dago animalien artean, izan ere, 24 orduko ziklo bati gagozkiola, zaldien 2 orduetatik saguzarren 19.9 orduetara doa. Katuak, esate baterako, 12.5 ordu lo egiten du; txakurrak, 10.1 ordu; armadiloak, 18.3 ordu; eta txinpantzeak, 9.7 ordu. Mugikorrerako aplikazio baten bitartez jasotako datuetatik abiatuta, giza espezieak 7.5 ordu eta 8.1 ordu bitartean lo egiten du (Singapurreko, Espainiako eta Herbehereetako datuak dira, hurrenez hurren).

Bestalde, egia da alde handia dagoela pertsona batetik bestera, lo egitearen jarduerari dagokionez. Victoriako Monash Unibertsitateko (Australia) Bei Bei irakasleak eta haren lankideek aldez aurreko azterketa baten bidez 53 ikerlan aukeratu zituzten eta, ondoren, horien meta-analisia egin zuten.

Bakarkako aldakortasun handiagoa hautematen da gazteengan, bakarrik bizi direnengan, diabetesa edo bihotz-gaixotasunen bat dutenengan, Gorputz Masaren Indize altua dutenengan, estresaturik daudenengan, eta depresio edo insomnioaren sintomak dituztenengan.

Loa eta dieta, loa eta estresa, loa eta arazo kognitiboak. Hainbeste denbora eskaintzen diogun funtzioa izanda, argi dago loak esna gaudenean gure bizitzaren alderdi askotan funtsezkoa izan behar duela. Hala ere, ezer gutxi dakigu haren funtzionamenduaz, are gutxiago zergatik den ezinbestekoa gure biziraupenerako.

.

Zertarako lo egin?

Loa mugimendu mugatuko eta zentzumenen erantzun urriko egoera erregulatu gisa deskribatu dezakegu. Lo gaudenean, ezin dugu jan, bikotearekin sexu-harremanik izan edo gure burua babestu. Eta, denbora nahikoa lo egin ezean, loak ezinbestean hartzen gaitu. Lo egitea beharrezko eta derrigorrezko funtzio biologiko bat da eta, lo egiten ez badugu, neke handia, gorputz eta buru mailako desoreka eta, kasurik larrienean, heriotza pairatuko dugu. Hala gertatu da arratoi edo intsektuekin egin diren esperimentuetan.

Hasierara itzuliz, oraindik ere zergatik lo egiten ote dugun galdetzen diogu gure buruari. Zergatik gauden esna ere galdetu genezakeen (Matrix filma gogora ekartzea baino ez dago lo egotea erosoagoa dela konturatzeko), baina, esna gaudelako hain zuzen, badakigu egoera horretan jan egin edo ugaldu gaitezkeela; ez dugu, ordea, lo gaudeneko hainbeste informaziorik (adibidez, begiak azkar-azkar mugitzen edo amets egiten dugula), ezta gutxiagorik ere.

Hori dela eta, adituak ez dira ados jartzen loaren funtzioaren inguruan. Hainbat hipotesiren artean, gure jokaera alferrikakoa edo ezinezkoa denean, lo egiteak energia gastatzea eragozten eta ekintzarik eza bultzatzen duela aipatu izan da; kasu horretan, onena geldi egotea litzateke. Izan ere, egoera horrek oroimena sendotzen du; erdiguneko nerbio sistema garatzen du; esna gaudenean gure jarrera hobetzen du; ikerketaren egileen arabera, nerbio sistemaren loturak indartu edo ahuldu egiten ditu; burmuineko hondakin metabolikoak garbitzen ditu; eta, diotenez, sistema immunearen funtzionamendua berregokitzen du. Aitzitik, loak inolako funtzio espezifikorik ez duela ere esan izan da, azken finean modu dotore batean ezertarako balio ez duela adieraztea litzatekeena.

Loaren funtzioa edozein izanik ere, halakorik balu, hura garrantzitsua izango da eta hautespen naturalaren aplikazioan sortu ohi diren presio negatiboek eragindakoa baino eboluzio mailako abantaila handiagoa eskaini beharko du, bestela aspaldi desagertua izango zelako. Eta, hala ere, animalia espezie gehienek lo egiten dute, eta haietako zenbaitek duela milioika urte jokatzen dute horrela. Loak ez du hautespen naturalaren bidez espezieen desagerpena laguntzen, horren ordez, ezagutzen ez dugun abantailaren bat eskaintzen die lo egiten duen espezieei. Azken batean, agerikoa da lo egitea edo, hobeto esanda, ondo lo egitea garrantzitsua dela.

.

Goazen ohera (bat)

Goazen ohera (eta bi) Goazen ohera (eta bi) Goazen ohera (eta bi)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.