Elhuyar aldizkaria saritu dute Tecnalia sarietan, interneteko kategorian

Elhuyar Aldizkariko lantaldea sariarekinElhuyar aldizkarian argitaratutako “Itxaropen bioartifiziala” lanak VI. kazetaritza-saria jaso du Interneteko kategorian, joan den urtarrilaren 30ean Miramon Teknologia Parkean egindako sari-banaketa ekitaldian. Erreportaje-bikoa 2012ko apirileko zenbakian argitaratu zen, eta Guillermo Roa Zubia da lanaren egilea.

Artikulu-bikoak egiten duen “informazio multimediaren erabilera” nabarmendu du epaimahaiak saria emateko, eta adierazi du horren bidez “transplanteetarako organoak zelula ametatik abiatuta neurrira egiteko ahalmena, itxaropena eta errealitatea hobeto ezagutzeko lan bikain bat” osatu duela egileak.

Bi erreportajek osatzen dute “Itxaropen bioartifiziala lana”. Lehenengoak zelula amak ditu hizpide, eta, haietatik abiatuta, neurrira egindako organo eta ehunak sortzeko bidean non gauden galdegiten du Roak. Egitura sintetiko baten gainean zelula amak haziz sortutako trakea baten transplanteak irekitzen du erreportajea, transplante haren bi protagonista nagusien bidez: trakearen hartzailea, batetik, eta trakearen sortzaileetako bat, bestetik. Bigarren erreportajean, organo eta ehun erabat artifizialetan jartzen du arreta egileak.

Lan jakin bati emandako saria izanagatik, Elhuyar aldizkariak webgunean egiten duen lanaren aitortzatzat ere hartzen dugu izendapena. Paperean jaso ezin diren baliabideen bidez Interneten informazioa zabaldu eta osatzea zen iaz Django erabilita garatu zen webgune berriarekin lortu nahi genuen helburuetako bat; beraz, bereiziki pozten gaitu saria orain eta interneteko atalean jaso izana.  Creative Commons lizentziapean aurkituko duzue lan saritua eta gainerako eduki guztia.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Zer duzu buruan “Elhuyar aldizkaria saritu dute Tecnalia sarietan, interneteko kategorian”-ri buruz