Gurpil gainean ez goaz beti azkarrago

Gurpil gainean ez goaz beti azkarrago

Pasa dira sei-zazpi urte lehenengoz zapata gurpildunak ikusi nituenetik. Ordurako nire ume garaia pasata zegoen, eta penaz edo nostalgiaz begiratu nion lehen aldiz zapata horiek soinean ikusi nizkion neskatoari; ze inbidia. Gero modan jarri zirela ohartu nintzen, oinez baino irristatzen ibiltzen zirela zenbat gazte kalean gora eta behera.

Gurpil gainean ez goaz beti azkarragoPista galdua nien aspaldi patinen eta zapaten hibrido honi, eta orain dela pare bat egun Berrian irakurritako erreportaje batek ekarri zizkidan berriro gogora. Gauza goxoak beti neurrian jan behar dira esaten zuen gure amonak, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Badirudi gustuko gauzak neurrian egitea ez dagoela sobera. Erreportajean azaltzen denez, zapata horiek hainbat kalte eragin ditzakete umeen oinetan gehiegi erabiltzen badira.

Jostailua da izatez eta zapata gisara erabiltzen omen dute askok; eta pentsatzen jarrita ez da harritzekoa kaltegarria izatea. Izan ere, diotenez, gurpilak gordetzeko lekua izan behar dutenez umeak bost zentimetroko takoiekin ibiltzea bezalakoa da gurpildun zapatekin ibiltzea.

Neskek erabiltzen omen dituzte gehien, baina ohikoak dira ume guztien artean, gainera berriro modan jarri dira eta inoiz ez dago sobera jostailu bat jantzi bihurtzeak ekar ditzakeen kalteak gogoratzea. Ez ahaztu, gauza goxoak beti neurrian jan behar dira.  

Gaiari buruz sakontzeko hemen.

Gurpil gainean ez goaz beti azkarrago