Zenbat balio du Europar Parlamentuak?

090608_euro_ZENBAT_BALIO_DU_EUROPAR_PARLAMENTUAK
500 euro. cc-by. matze ot. flickr.

Batzuentzat ezer gutxi.  Izan ere, apenas %41ak bozkatu du gurean, Europara baino, nork bere golkora begira planteatu diren hauteskunde hauetan.

Beste batzuek diotenez, asko, Europar Parlamentuak dituen botereak geroz eta gehiago baitira, nahiz eta parte hartzeak neurri berean egin duen behera.

Baina beste balio batez aritu nahi dut nik. Balio monetarioaz, alegia. Eta eztabaida politiko, ideologiko, soziologikoa alde batera utzita -ba bai, parte hartzea hain eskasa izateak arduratzen nau- irakurri ditudan zifra batzuk zurbil utzi naute.

Hastear den legealdian Europako parlamentari guztien soldatak bateratu egingo omen dituzte. Orain arte, europarlamentariek bakoitzaren jatorrizko herrialdeko parlamentariek bezainbeste irabazten zuten, 3.100 euro, Espainolen kasuan. Baina 2005 urtean onartu zen erreformarekin hemendik aurrera guztiek soldata berdina izango dute. 7.665 euro gordin hilabetean. Zifra honi dietak, bidaiak eta bestelako diru iturri batzuk gehituta, hilean 13.000 eurotik gorakoa izan daiteke europarlamentari baten soldata. Lehendakariarena edo Espainiako gobernuburuarena baino dexente altuagoa.

Gainera, ez dira gutxi batzuk. Guztira 736 europarlamentari ariko dira lanean Brusela eta Estrasburgon. Ez naiz sartuko Europarlamentuak duen egoitza banaketan -Brusela, Estrasburgo, Luxenburgo- bakoitzean lan egiten duten funtzionari kopuruan eta guzti horren kostuan.

736 parlamentari beraz. 13.000 euro hilabetean. 9 milioi 568.000 euro hilabetero, europarlamentariei ordaintzeko. 12 hilabetez, 114 milioi 816.000 euro. Egia da 2009ko Europako aurrekontua 116.00o milioikoa dela, beraz, europarlamentariak gastuen %0,09 baino ez dira. Gogoetarako moduko zifrak, hauek guztiak.

aurrekontua, Europa, europarlamentariak, hauteskundeak

[@mrlasa] Komunikazioa da nire mundua eta horretan egiten dut lan, Donostian, azken boladan. Estrategia, marka, komunikazio politikoa, kultura. Interneten ere hainbat saltsatan ibili naiz (nabil), besteak beste, Zuzeu honen sorreran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude