Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (I)

Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (I)
Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (II)

Ipar Korean, duela hiru aste inguru ustez botatako hidrogeno-bonbak gogora ekarri zigun berriz izuaren oreka deitu zenaren oroimena, egun haren itzal bat baino ez dena. Nork sinets dezake nahi duena, kontua da inork ez bide zuela ikusi eta sismografoetan H bonba izateko neurria ematen ez zuela. Hala ere, berehala oldartu ziren arma-monopolioaren aldeko politikari eta hedabide batzuk gertaera gogor gaitzestera. H bonbak, gutxienez ehun bonba atomikoren suntsipena ekar dezake, horretarako diseinatu zen, zuen, John Von Neumann matematikari handiak: XX. mende erdialdeko zientzialari eta pentsatzaile erabakigarria.

PROFETA eta PROTEUSPROFETA eta PROTEUS

Hungariar jatorrikoa zen John Von Neumann, judua, buruargia bezain irudimentsua. Lehen Mundu Gerra bukatzear zela, bankarien familia aberats batean hazi zen Budapesten, eta 1919an indartsu bilakatutako mugimendu komunistak astindu zuen bere handikien familia: horrek komunismoaren kontrako amorratua bihurtu zuen. Alemania utzi eta behin Estatu Batuetan, Institute for Advanced Studies aritu zen, baita bonba atomikoa sortzeko Manhattan proiektu sekretuan parte hartu ere, Lesley Groves militar zakar eta faxistoideak gidatutakoa.

Berarekin aritu ziren Oppenheimer proiektuaren alderdi teknikoaren burua eta beste zientzialari batzuk (Albert Einstein, Leo Szilard hungariarra, etab.), gehienak juduak edo judu-jatorrikoak. Gehienek agertu zuten uneren batean edo bestean bonba atomikoaren kontrako kontzientzia-eragozpenik. Ez horrelakorik Von Neumannek; Manhattan proiektuan, bonbak suntsipen indar handiena izateko eztanda-altuera ere kalkulatu zuen.

Hiroshima eta Nagashakin aplikatu zen bere suntsipen handiena eragiteko teknika, berak bonba Kiotora bota nahiago bazuen ere, japoniar kulturaren hiri sinbolikoa zela eta. Bonba botatzeak, zenbaiten artean, izua eta botatzeko beharrari buruzko galderak piztu zituen bezala, Von Neumann ez zen haien artean. Are, horrekin konforme ez eta, hurrena, bonba atomikoak sobietarren gainera bota behar zirela adierazi zuen, sobietarrek gerran 20 milioi hildako eduki berriak zirela! Berehala estatubatuarren H bonba hainbatez ere indartsuagoa sortzera jo eta ke murgildu zen 1945 eta 1946an, baita lortu ere. Bere zoritxarrerako, Klaus Fuchs lankideak sobietarrei pasa zien teknologia. Sutan behar zuen…

Von Neumann arkitektura deitu zena, H bonba eraikitzeko hobetutakoa: horra munduko lehenengo ordenagailua.

Los Alamosen bonba-prestaketan ziharduela, kalkulu eta funtzionamendu elektronikoetan lan egin zuen, Turingen makina ( 0 1 1 0 1 0 1 0 0 1…) oinarritzat hartuz eta hura garatuz. Turingenen teorizazio matematikoa bulkada elektrikoarekin uztartzean, zerbait berriaren mamia sortu zuen, Von Neumann arkitektura deitu zena, eta H bonba eraikitzeko hobetu ere egin zuen: horra munduko lehenengo ordenagailua (”Calutron”). Gizakiari buruzko bere ikuspegi biziki ezkorrak adimena bizkortu zion, eta aurkitu zuen, gainera, bere azterlanak oparo nork finantzatu.

Superpotentzien arteko izuaren oreka teorizatu zuen, zero baturako jokoa delakoa (“nik irabazteko, zuk galdu behar”)

McCarthyren sorgin-ehizaren garaian, ekintza antiamerikarretan jardutearren Oppenheimer lankidea jomugan zutela, kontrako aldean, Von Neumann hertsiki lotu zitzaion linea ofizialari. Are, 50eko hamarkadako altertasunaren paranoian (“zure bizilaguna komunista al da?”) esne-mamitan sentitu zen. Bere aletxoa jartzea erabaki zuen: lehia militarraren teoria sutsuki hauspotu, eta superpotentzien arteko izuaren oreka teorizatu zuen, zero baturako jokoa delakoa (“nik irabazteko, zuk galdu behar”).

Logika bihurri baina eraginkor bati astinduz, elkar suntsitzeko beldurra omen zen bakeari eusteko modu onena (Stanley Kubrickek bere filman ederki irudikatu zuen bezala) eta, zer hobe orekari eutsi edo irabazle ateratzeko, armen betiereko ekoizpenari heltzea baino, are, zer hoberik (Estatu Batuetako) gerra-ekonomiarentzat, finantzentzat eta kontsumo-gizartearentzat? Estatuaren zirrikitu ilunetan bete-betean sartua zela, adiskide-minen bat edo beste ere egin zuen, Richard Nixon arrano eroria, adibidez.

Von Neumann, ezin bestekoa XX. mende erdialdeko gizarte-paranoiaren arkitekturan, heroi dei diezaiokegu: erdi jainko, erdi gizaki. Are, munstroa dela esanez gero, ez gabiltza oso oker. Dirudienez, ez zuen Kissinger ezagutzeko denborarik izan. Garoña ondoan badugu ere, inork arma nuklearren kontua zaharkitua geratu dela pentsa dezake edo, itxuraz, urrunegia (Korea…?). Gertu ditugu, ordea, ordenagailua eta Internet, Von-Neumann-kumeak.

Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (I)
aro digitala, energia nuklearra, gerra-hotza, zientzia
Inn Luzuriaga

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude