Udaren etorrera magikoa

 

San Juan sua

Eguzkia urteko deklinazio boreal maximora iritsi da (–23º 26’ 22”), Lurreko ekuatorearen gaineko punturik iparraldekoenera iritsiz. Eguzki-izpiak zuzenean edo modu perpendikularrean iristen dira ipar-hemisferioko lurretara eta, ondorioz, eguzki-ordu gehien dituen eguna izaten da gaurkoa.

Eguna gauak baino ordu gehiago izaten ditu gaurko egunez. Hori dela eta, antzinatik, erritual eta ohitura ugarirekin ospatzen da “egunaren garaipena”. Eguzkia, lurra, airea, ura eta, batez ere, sua, mundu osoko ospakizunetan errepikatzen dira.

Gurean, Euskal Herrian, Europako beste toki askotan bezala, San Joan egunarekin (edo zehatzago esanda, gauarekin) daude lotuta udako solstizioaren erritualak. Protagonista nagusia sua da, eta bere inguruan dantza eta salto eginaz deabruenganako babesa lortu nahi izaten da.

http://www.youtube.com/watch?v=5zaA73mTphE

Britainia Handiko Wiltshire konderrian kokatuta dagoen Stonehenge historiaurreko neolitiko garaiko monumentuan milaka pertsona biltzen da egun honetan gertakari natural eta aparta ikusteko. Izan ere, urteko egunik luzeenaren egunsentian, eguzkia megalitoen artean zehaztasun handiz lerrokatuta agertzen da. Honek erakusten du, monumentu hau eraiki zuten aroan astronomia ezagutza sakonak zituztela.

http://www.youtube.com/watch?v=F9a2ar-Cj6k&videos=i4PMys_eKOc&playnext_from=TL&playnext=1

Antzeko zerbait gertatzen da Mexikoko Chichen Itza-n ere. Kukulcan piramidean, urteko beste egunetan errepikatzen ez diren fenomenoak ikus ditzakegu bai ekinozioetan zein solstizioetan. Udako solstizioetan, zeruertzetik agertzen den eguzkiaren izpiek diagonalean jotzen dute eraikina eta, ondorioz, piramidearen alde bi gerizpetan eta beste biak eguzkitan geratzen dira. Ikusmin handia sortzen du gertakariak, eta txaloz eta oihuz ematen diote ondo etorria udari Chichen Itza-n bildutakoek.

Chichen Itza-ko Kukulcan piramidea
Chichen Itza-ko Kukulcan piramidea

Europara bueltatuz, Suedian, biolin eta akordeoi doinuekin batera gazte eta nagusiek dantza egiten dute gurutze itxura duen zutabe baten inguruan. Ohitura bitxi bat ere badute: neskek zazpi lora mota ezberdin hartu eta almoadaren azpian jarri behar dituzte gau horretan. Hori eginez gero, beraien senargaia nor izango den jakin ahalko dute. Ez al da erromantikoa?

Lau bakarrik aipatu ditugu, baina udako solstizioaren inguruan munduan zehar egiten diren topaketa, erritual eta ospakizunen zerrenda luzea da: Australia, Brasil, Danimarka, Errusia, AEB… Beraz, udako solstizioa antzinatik mundu osoan ospatzen bada, zerbaitegatik izango da.