Trittbrettfahrer (edo, topikoak irri-emangarri izatetik gelditzen diren unean)

Trittbrettfahrer (edo, topikoak irri-emangarri izatetik gelditzen diren unean)

Norbaitekin garagardo bat hartzen dudalarik –eta, segur aski, orain kontatu behar dudan honek azaltzen du zergatik gertatzen zaidan gero eta ohikoago bakarrik edan behar izatea–, nirekin egoteko suertea edo zoritxarra dutenei esplikatzen diet zer den Eichstrich delakoa: edalontziek duten edo izan behar luketen marratxoa, basoan kabitzen den zerbeza kopurua markatzeko. Ez dakit euskaraz izenik baduen, baina horrela kontatuta, alemanez alegia, aukera izaten dut gaineratzeko Municheko Oktoberfest besta handian –irailean egiten den horretan– ba omen dela ikuskari bat, zeregin nagusia duena marka horien zehaztasuna neurtzea. Izan ere, nire aleman irakaslea –alemana ikasteko hondar esperantza betiko abandonatu baino lehenago izan nuena– eskandalizatua baitzen hemengo baso guziek ez dutelako marka hori, eta, hortaz, bezeroak ezin duelako jakin zenbat garagardo jasotzen –eta ordaintzen– duen ostatuetan kaina bat eskatzen duelarik.

Trittbrettfahrer (edo, topikoak irri-emangarri izatetik gelditzen diren unean)Are gehiago, ikusita Iruñeko ostatu ezagun batean neurri diferenteak zeudela markatuak garagardoen prezioa erakusten zuen kanpoko kartelean (0,45 litro) eta zerbitzatzen zituzten basoetan (0,4 litro), nire irakasleak idatzi egin zien ostatuko nagusiei –bi email hain zuzen ere– protesta egiteko –arrakasta handia izan zuen, bidenabarkoan erranda, kanpoko karteleko zenbakia zuzendu baitzuten–. Emailetan –kontatu zigunez–, kexa egiteko motiboekin batera, alemana zela ere adierazi zien; detaileak atentzioa eman zidan, batetik, ostalariek aise nabarituko baitzuten hori, haren izen-deiturak irakurrita, eta, bertzetik, Alemanian garagardoa anitz maite dutela egia den arren, alemana izateak automatikoki bihurtzen zaitu aditu zerbeza kontuetan? Baina, tira, topiko kaltegabea da hori.

Nolanahi ere, irakasle ona zen –eta da, naski, ni bezain erraz desanimatzen ez diren ikasleendako–, klaseak beti azalpen interesgarri eta zehatzekin gozatzen zituena. Bereziki gogoko izan nuen gaurko izenburuan dagoen solasaren inguruan –Trittbrettfahrer– eman zuena. Bi hitz ditugu hor bilduak –hiru, nondik begiratzen zaion–: Fahrer, bidaiaria alegia; eta Trittbrett, ibiltzeko ohola, edo pausoa emateko ohola: Trittbrett da tranbien kanpoko aldean dagoen maila, espaloitik bagoirainoko distantzia gainditzen laguntzen diguna. Trittbrettfahrer literalki, beraz, koska horren gainera iganda ibiltzen dena da –gehienetan ordaindu gabe, eta tranbia martxan zelarik hartutakoan–.

Pons online hiztegian begiratuz gero, ordea –eta nik hiztegi hori erabiltzen dut alemanez irakurtzen dudalarik; zuzenketa: alemanezko liburuak irakurri ez, pazientzia handiz astiro-astiro dezifratzen saiatzen naizelarik–, azalpen luze eta erranahi literal horren ordez, bertze zerbait aurkituko dugu, hitzak hartu duen zentzu figuratua hain juxtu ere: aprobetxategia. Eta, bai, euskal hitz hori baliatzen ahalko nuen itzulinguruka ibili gabe, baina –topikoak zer diren– alemanez zer edo zer aipatzeak automatikoki sakon bihurtzen du zure idatzia, eta, bertzalde, gustuko dut irudi hori, martxan dabilen tranbia bati eginahalik egin gabe –esfortzurik egin gabe, euskara modernoan– etekina ateratzen saiatzen denarena.

Bidaiari aprobetxategiarena, solasa bera eta haren gaineko azalpena, Estatu Islamikoak itxura guzien arabera egin gabe bere gain hartua zuen atentatu baten harira atera zen klasean. Egun hauetan, hitzaz oroitu naiz, Orlandoko Gay Pulse klubaren kontrako erasoan ere iduri duelako ISIS berriz ere Trittbrettfahrer dugula. Ez da, halere, horrela ibili den bidaiari bakarra, tranbiak bertzelakoak badira ere.

Twitterren, Mariano Rajoyk zera idatzi zuen: “Irmoki kondenatzen dut Orlandoko eraso higuingarria. Segi dezagun bat eginik askatasuna defendatzen basakeriaren eta gorrotoaren kontra. Espainia AEBrekin bat”. Telebistan Espainiako lehendakarigaiek egin zuten debatean ere, laurek kondenatu zuten atentatua –Trittbrettfahrer saiatuenen estiloan: alferrikako hitzak ahoskatzeko, funtsezko gogoetarik egin gabe–. Baina, erasoak, ordea, ez du –nik dakidala– homofobiari buruzko eztabaidarik piztu. Gehien-gehienek –biktimak gayak zirela aitortuta ere– jihadismoaren tranbia hartu nahiago izan dute, terrorismo globalaren borrokaren bandera inarrosita, gorputzik gabeko fundamentalismo abstraktu baten kontra. Baina nolanahi den ere gaitzaren sorburua “haiek” urrun batean kokatzen duena: hautagai espainolen debatean berean, Pedro Piqueras kazetariak borobildu zituen gauzak erasotzailea guraso afganiarren semea izatetik hura jihadista zela ondorioztatzera salto mortala egin zuelarik –topikoek irri-emangarri izateari uzten dioten momentu hori–. Eta bai, klubekoak pertsonak ziren, eta erasoa, guzion askatasunaren kontrako eraso fundamentalista; baina klubean bildutakoei gizatasunaren izendatzaile txikiena ukatzeko motiboa homosexualak izatea izan zen, eta horrek, akaso, politikari eta kazetari anitzen ahotik entzun ditugunak baino hausnarketa zailagoak egitera eraman beharko gintuzke.

Zeren, gurasoengandik zernahi jasota ere, hiltzaileak, nahi izatera, bazuen homofobia non bilatu AEBn. Eta, Espainia aldean ere, tranbia hori hartu nahi izan balute, hautagaiek bazuten zer errana gai horri buruz: Afganistaneraino joan gabe, Alcalá de Henaresko apezpikuak homosexualitatea “gizakia usteltzen duten ideologiekin” lotzen zuenekoa zuten eskuar, edo Valentziako apezpikuak “gay inperioa” nagusi dela gaztigatzen zigunekoa, edo, denboran gibelxeago, Cesar Vidal COPEko kazetariak erraten zuelarik, kar, kar, kar, –topikoak eta txisteak higuingarri bihurtzen diren momentu hori– inoiz ez liokeela Pedro Zerolori bizkarra emanen, badaezpada ere.

Ez, ez da gauza bera jendea iraintzea eta jendea hiltzea, bistan da. Baina topikoak hedatzen eta onartzen segitzen dugun heinean, edozein tranbiatan ibiltzeko prest gauden heinean, bidea zelaitzen ari gara nonbait noizbait bertze norbaitek bere gorrotoa aska dezan. Sarraskia gertatu ondotik, Dan Patrick Texasko gobernadoreordeak Bibliako aipu bat bota zuen Twitterren: “Ez gaitezen tronpa: ezin zaio burlarik egin Jainkoari. Gizonak zer erein, hura uztatuko du” –bekatari zerri horiek ongi merezia zutela alegia, ez hain dotore baina akaso garbiago adierazia–.

Nik ere espero dut topiko batzuk bezain nazkagarri diren eta herra zabaldu bertzerik egiten ez duten horiek noizbait bilduko dutela ereindakoaren saria, eta, diren pailazotzat hartuta, topiko batzuk bezain irri-emangarri eta ahanzgarri bilakatuko direla.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Trittbrettfahrer / Trittbrettfahrer / Trittbrettfahrer

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Trittbrettfahrer (edo, topikoak irri-emangarri izatetik gelditzen diren unean)”-ri buruz

  • Tontotuta gaude ala?
    Homofobia islamaren parte banaezina da. Orlandoko erasoaren sustrai ideologikoa muturreko islamismoa izan zen. Honen barne, mendebaldean bizi garen guztiok gara bekatari, eta, dudarik gabe, erradikalek bereziki gorroto dituzte homosexualak eta beste talde batzuk.
    Debatearen funtsa islamaren doktrina da, erreformagabea eta erreformaezina. Baina, musulmanen ideia atzerakoiak aipatu ordez, geopolitikari buruz hitz egiten da polemikan ez sartzeko.
    Hortaz gain, betiko ostrukek hor diarduzue, burua arean lurperatuta, zuloa gero eta sakonago egiten errealitateaz alde egiteko. Kritikatu patriarkatua, heteronormatibismo cisgenero pribilejiatua edo azkenengo modako txorrada. Homofobia normalizatua badago, bortitza gainera. Non? kultura islamikoa duten herrialdeetan, batez ere. Beraz, ez ezazue gaia maltzurki nahastu. Gizartea ez da ergela.