The show must go on!

grassmarket4
Grassmarket - Irati Elizalde

Hamabi hilabetean hamabi jaialdi ospatzen dituzte Edinburgon. 770.000 biztanle baino ez dituen hiria izanik, ekimen ia denak udan ematen dira, ezinbestez. Hilabete gutxian zineak, blues eta jazzak, arte garaikideak zein literaturak limurtzen dituzte hiriburu eskoziarreko bisitariak.

The Edinburgh Festival Fringe da ordea berezkotasun apartekoa duena. Hiriko lehen Nazioarteko Jaialdian zortzi antzerki konpainiari zentsura ezarri eta bazterturik utzi zituzten, “on the fringe”. Hala eta guztiz ere, beren antzezlanak hiriburuan eskaintzeari ekin zioten artistek. Urtez urte, mugimendu alternatiboa areagotu egin zen eta 1958an kultur elkartea osatu zuten. Geroztik, The Fringe erabat indartu da eta munduko jaialdi artistiko oparoena bilakatu.

the_zoo-i7
The Zoo - Irati Elizalde

Kontuak kontu, “fringe” kutsu horrek ba al dirau jaialdian?

Kaletik noala, eskuak besterik ez zaizkit gurutzatzen. Iragarkiak dira denak, telebistako spoten antzera, bata bestearen atzetik, denek beren musikatxoa eta lelo leloa daramatela. Halako batean, 288 orriko iragarkia heldu zait esku artera, Fringeko egitaraua da. Haurrentzako ikuskizunak, erakusketak, musika, opera, dantza, komedia eta azkenik, antzerkia. Uholdean murgildurik, nola jakin zer den alternatibo eta zer ez?

The fringe jaialdi irekia da, elkarteak ez du ikuskizunik ekoiztu ezta aretorik zuzentzen. Ez dute artistarik gonbidatzen, gura duenari Edinburgon aritzen laguntzen diote soilik. Hortaz, konpainia entzutetsuak zein amateurrak topa daitezke, arte komertziala eta kultukoa.

Bi mila ikuskizunez gozatzeko astirik ez baduzu, hautaketatxo bat egin behar. Tarteka instintu hutsez, tarteka ”award-winner” aurrizkia dutenei men eginez. Hala gertatu zait 2007an jaialdiko lau sari erdietsi eta ikuskizun berria aurkeztera datorren Precarious konpainia inglesarekin. Beren antzerki fisikoa Pleasance kaleko elizan dago ikusgai, egun The Zoo ezizena duen aretoan.

Sentibera, bortitza eta hipnotizatzailea da Anomie. Dantza, bakarrizketak, musika eta multimediak ikutu surrealistaz egiten dute bat antzezlanean, eraikin bereko apartamentuetan bizi diren sei pertsonaren isolazioa erakutsiz. Pertsonaiek alienaturik bizirauten dute, beren frustrazioak zezelka kontatuz, lortu ezin duten zerbaiten bila. Nor bere burbuilan dabil, eta beren bizitzak noizbehinka elkarrengana hurbiltzen diren arren, ez dira inoiz gurutzatzen. Punta -puntako teknologia eta giro hiritarrean murgildurik margotzen digute modernitatearen erretratua. Ideia bera inon erakutsi didatela sentitu dut, bai, ez ordea sentikortasun apart honez probokatuz.

anomie13
Anomie - Precarious Physical Theatre and Multimedia

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude