SGAEren gehiegikeriak

sgae

Azken berria Bartzelonatik datorkigu. Antza ileapaindegian irratia ipintzen duen gizon bat, hilean 12 euro ordaintzera behartu dute. Hainbat eta hainbat denda eta enpresetan egin ohi den bezala ile-apaintzaile horrek ere irratia jarri ohi du lanean den bitartean. SGAEtik egileen eskubideak urratzen dituela jakinarazi diote, horien musika bezeroen artean zabaltzeagatik, eta trukean ezertxo ere ez ordaintzeagatik.

Ezkontzetan musika jartzeagatik ere salatu izan ditu jatetxeak. Iazkoan ordea bere tranpan erori zen SGAE. Jatetxe baten aurkako epaiketan, ezkontza batean inolako baimenik gabe filmatutako irudiak aurkeztu zituen froga gisa. Epaileak 60.000 euroko isuna jarri zion erakundeari, intimitatearen eta irudiaren eskubidea urratzeagatik.

Udan ere ez du atseden hartzen SGAEk egileen eskubideen aldeko gurutzadan. Komunikabideetan bolo-bolo ibili zen Cordobako Fuente Ovejunako udaletxeari herriaren izen bereko antzezlana antzezteagatik 31.897 euro eskatu zizkiola.

Eta aurtengo maiatzean ere polemika bizia sortu zuen.  Gaixorik dagoen haur baten gurasoek gaixotasuna ikertzeko dirua biltzeko antolatutako ongitzazko kontzertuan SGAEk eskua sartu zuenean. David Bisbalek dohainik eskaini zuen kontzertua, baina gurasoek bildutakoaren %10a erakunde horri eman behar izan zioten.

Ondoren etsaiak izateagatik harrituko dira. SGAEren filosofiaren aurkako erakunde berri bat ere sortu zuten iaz: EXGAE. Eta sarean aipaturiko erakundearen aurkako talde, iruzkin nahiz albisteak milaka zenbatu daitezke. Hainbat kasutan hemendik aurrera SGAEk ordaina zergatik eskatu dezakeen apustu ere egiten dute. Badaezpada ere ideiak ez ematea, hobe.