Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa: 40 urte

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa: 40 urte

Gaur, otsailak 27, berrogei urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD, gaztelaniaz: RASD) proklamatu zenetik.

Harrezkero, etenik gabekoa eta odoltsua izan da sahararrek autodeterminazio-eskubidea lortzeko eta estatu aske bat osatzeko eraman duten borroka, Marokoko monarkiaren eta armadaren doilorkeria guztia izan baitute aurrez aurre.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa: 40 urteEgun, itsasoan zein lehorrean, Marokok segitzen du sahararren lurralde aberatsenen jaun eta jabe izaten: El Aaiun, Dajla, Tarfaia, Smara, Bu kraa…

Eta une honetan, SEADk Lurralde liberatu bezala ezagutzen den basamortu-zerrenda bat baino ez du bere agindupean. Mauritaniako mugaren ondoko zerrenda luze, estu eta idorra.

Eta arazoak ez du konponbide-itxurarik erakusten, lau hamarkada hauetan, gerrak eta sufrimendua gorabehera, ezin izan dute sahararrek inora iritsi ez den laurogei bat Estaturen onespen formalaz harago joaterik lortu.

Eta ez gaude, ez, mendebalde “libre” honetan bizi garen biztanleok sahararrei aholku gehiegi eskaintzeko, aski baikenuke geure buruari emateko gai bagina. Baina, gizarte sahararra barnetik ezagutu dugun heinean –berdin Tindufen zein esparru liberatuetan–, handik kanpo bizi izanda dugun perspektibatik idatzi nahi genituzke ondoko lerrook.

Zeren eta, ustez bederen, sahararrekiko betidanik izan dugun giza enpatiak eta elkartasun politikoak zilegitasuna ematen baitigute zintzo eta garbi mintzatzeko.

Eta gogoko ez badugu ere, horrela mintzatuko gara gaur, SEADren sorreraren urteurren esanguratsu honetan.

Hona, bada, gogoeta-iradokizunak:

1.- Orain artekoa ikusita, sahararren arazoak nekez izango du etorkizunik nazioarteko erakundeen aldetik, interes ekonomiko-politiko gehiegi biltzen baita haien agendetan milaka beduinoren herri desegituratu bati erantzuten ekiteko.

2.- Beren burua eta herria iraunaraziko badituzte, sahararrek bizpahiru alternatiba erreal baino ezin dituzte aintzat hartu:

a) Dauden bezala jarrai dezakete oraindik hainbat urtez, herriaren multzorik erresistenteena Tindufen mantenduz eta, arrazoi politiko-ekonomikoak medio, gero eta urriagoa den nazioarteko elkartasunaz baliatuz.

b) Sahararrak suntsipen ziurrera eraman litzakeen gerra bati ekin liezaioke SEADk Marokoren aurka, alauiten botere militarra eta intereskide geoestrategikoak askoz ere gehiago eta handiagoak baitira Fronte Polisarioak beretzat inoiz amestu litzakeenak baino.

c) Munduan politikoki, juridikoki, ekonomikoki eta sozialki homologagarri izan litekeen Estatu bat eraikitzen has litezke bereak dituzten lurralde liberatuetan.

3.- Esan gabe doa ez dela falta lehen aukeraren aldekorik aparatuan ongi finkatuta dauden adineko funtzionario eszeptikoen artean, ez eta bigarren aukeraren aldeko joerarik jende gazte suminduaren artean ere.

Guztiarekin ere, hirugarren aukera bide da sahararren biziraupena eta herri bezala proiekzio zuzena ekar litzaiekeena, eta etorkizuna ziurta liezaiekeen estatus bakarra.

Baina nondik hasi?

Beren mendeko basamortuetara geologoak hurbilaraztetik eta haien azpian ur-prospekzioak egitetik, hain zuzen ere; ur-poltsak (fosilizatuak zein bestelakoak) non kokatzen diren identifikatzetik eta ura ateratzeko eta baliatzeko egiturak eraikitzetik. Xedea bakarra dela ahaztu gabe: dagoeneko liberatuta dauden lurralde harritsuekin Estatu integratu bat antolatu eta, bertan, bizitzeko egokiak diren erreferentziazko azpiegiturak eta guneak sortu.

Beste modu batean esanda: sinbolismoak utzita, SEADk lehenbailehen eraiki beharko luke Errepublikaren izena eraman lezakeen Estatu fisiko-erreala, hasiera batean besterik eman balezake ere.

Eta hori bere kontrolpean dituen lurraldeetan burutu behar luke, ez Aljerian.

Jakina, lehen begiratuan, eta geoestrategikoki kontsideratuz, badirudi hobe litzatekeela Bir Lahlou edo Tifariti aldea antolatzen hastea, Mijek, Agwanit, edo Zug-en baino, beti izango baita probetxugarriago Aljeriatik gehiegi ez urruntzea.

Han behar luke SEADk hiri nagusia jaso, aireportua, lehen sorgune ekonomikoak, industria militarra. Eta baita, akaso, Atlantikoko atea den Guerguerat aldean.

Baina hori sahararrek erabaki behar duten zerbait da.

Hori bai, huts egiteko beldurrik gabe aurrera liteke nazioarteko elkartasuna janaria biltzera mugatzen dena baino askoz ere handiagoa izango litzatekeela sahararren Estatu erreala eraikitzen laguntzeko.

Edozein delarik ere hartuko duten bidea, zorionak SEADri eta Saharar Herriari!

                                                                 (A.G.)

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa: 40 urte