Raji Sourani: “Palestinarren kontrako gerra-krimenak dokumentatu ditugu”

Raji Sourani: “Palestinarren kontrako gerra-krimenak dokumentatu ditugu”

Raji Sourani: "Palestinarren kontrako gerra-krimenak dokumentatu ditugu"Raji Sourani abokatua eta giza eskubideen babeslea da. Aseguru etxeetan eta bestelako enpresetan lanean hasi bazen ere, palestinarren giza-eskubideen babeserako abokatu lanak eta politikari egiten bukatu du. “Kartzelei buruz dena nekiela uste nuen” -azaldu zuen- ”baina 1979 urtean preso hartu ninduten alderdi politiko baten partaidea izatea leporatuta”.

87 egunetan izan zuten kartzelan, presio fisiko eta psikologiko ikaragarria jasaten. Giza eskubideen urraketa bere gain sufritu du. Bizkaiko Abokatuen Bazkunean egindako konferentzian jasandakoen deskribapen zehatza egin zuen.

Duintasunik gabe tratatua izan ostean, beste 6 aldiz atxilotu dute israeldarrek Raji Sourani. Halere, giza eskubideen babesean lanean jarraitzen duela irmoki agertarazi zuen. Izan ere, kartzelatik atera zenean Israeldarren arautegi eta sistema judiziala eta Nazioarteko Zuzenbidea ikasi zuen.

Gazaren sarraskia

Gazan bizi den egoerari buruz luze mintzatu zen Sourani. Israelgo armadak Gazan egindako sarraskiak urtebete egiteko zorian dagoen une honetan palestinarrek ez dute mugitzeko eskubiderik. “Ezin dira atera, ez dute ez gasolinarik ez elektrizitaterik”, zehaztu zuen.

“Akabatzera kondenatuta gaude”, esan zuen Palestinako abokatuak. Biztanleriaren %65a langabezian omen dago eta %90a txirotasun-atarian. “Hegazkinek soinu-bonbak botatzen dituzte eskolen gainean. Umeak 15 minutuz korrika hasten dira, zoratuta, noraezean”. Duintasunik gabeko eskale nazio bat nahi dutela adierazi zuen.

Europa eta Estatu Batuen ardura

Europar Batasunak eta Estatu Batuek israeldarrak babestu egiten dituztela salatu zuen. “Nazioarteko zuzenbidea intelektualentzat baino ez da, ez da biktimentzat”, leporatu zien. Bere aburuz, lotsagarria izan zen EBk eta EEBBk Golstone txostenaren kontra bozkatu izana bai Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseilun, bai Batzorde Nagusian. Espainiako estatua ere zuzen kritikatu zue: “lotsagarria da Espainiak legea aldatu izan Israelek eskatu ziolako”.

Palestinarren obligazioa

“Palestinarrok isilik hiltzea nahi dute”, aditzera eman zuen abokatuak. Halere, autodeterminazioa izateko eskubidea dutela azaldu zuen: “aurre egiteko eskubidea dugu”. Era berean, palestinarrek egoera honi bukaera emateko eskubidea eta betebeharra zutela esan zuen.

Halaber, gerrako-krimen guztiak dokumentatuak daudela ohartarazi zuen: “Gerrako-krimenak egin dituztenak ez dira ezta ahaztu ezta barkatu behar, krimen guztiak oso ongi jasota daukagu”.

Bukatzeko, mezu baikor batekin amaitu nahi zuela esan zigun, baina hau bota zigun. “Atzo okupazioa geneukan, eta bihar… okupazioa izango dugu”.

 

Gazako genezidioari buruzko konferentzia Mewandok, Bizkaiko Abokatuen Bazkunak, Komite Internazionalistak eta Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak antolatu zuten.

Raji Sourani: “Palestinarren kontrako gerra-krimenak dokumentatu ditugu”

Kazetaria eta komunikatzailea. komunikatu, komunikatu eta komunikatu. Eginbeharra eta zaletasuna.