Protestanteen poza, katolikoen amorru

Desfile hauen esanahia aurkitzeko, Irlanda eta Erresuma Batuko historian murgildu beharra dago. Bada, 1690. urteko uztailaren 12an, William errege protestanteak bere osaba James katolikoa garaitu zuen Boyne-ren batailan. Irlandako ekialdean burutu zen borrokaldi hau giltzarria izan zen Irlandako historian protestante eta katolikoen arteko harremanen eraketan.

Ipar Irlandako protestanteen artean tradizioa bihurtu da desfile hauek burutzea, eta uztailaren 12an egiten da desfilerik ikusgarriena eta esanguratsuena. Katolikoen gaineko garaipena ospatzen dute, eta benetan festa sakratua da komunitate honentzako. Aurten 12a igandean erori denez, astelehenerako utzi dituzte desfileak. Desfileen bezperan suak pizten dituzte auzo protestanteetan, gazteak musikaren erritmoan dantza eta garagardoa edaten duten bitartean.

Ipar Irlandak 60ko hamarkadaren bukaeratik aurrera bizi izan zuen gatazkaren areagotzearen ondorioz, uztailaren 12ko festa protestantea arazo iturri ikaragarria bilakatu da. Orange Order-eko kideek, nahi duten lekuetatik desfilatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Bestetik, auzo katolikoetako bizilagunek, biziki ukatzen dute beraien etxe aurretik protestanteek euren garaipena muturren aurretik pasatzea.

Horrela, urteetan zehar normala izan da denda guztiak aste pare batez ixtea, istiluak saihesteko helburuarekin. Helburu berberarekin, 12aren inguruan hartzen ditu oporrak jende askok kanpora joateko. Gehienak katolikoak dira, ezin baitituzte ikusi beraien etsaiak triunfalismo eta sinbolo britainiar eta laranjez betez beraien aurretik paseatzen. Aurten, dendak bi egunez itxi dituzte gehienez, eta zenbaitek desfilea pasa ondoren berriro ireki dituzte ateak. Bake prozesuaren ondorioz eginiko aurrerapausoak ikusi daitezke askoren ustez.

2009eko 12a Belfasten:

Belfasteko ekialdeko Ravenhilleko auzo protestantean, 15 bat metroko sutzarra prestatu zuten igande gauean erretzeko. Bizi den gatazkaren erakusle, Irlandako bandera handi bat utzi zuten sutzarraren gailurrean, prestatutako egurren artean erre zedin. Beste zenbait sinbolo irlandar ere ikusi zitezkeen sutzarren barnean erretzen. Suaren inguruan, gurasoak seme-alabekin eta gazte koadrila ugari ikusi zitezkeen festa giro alaian.

Ravenhill auzoko sutzarra, gailurrean Irlandako banderarekin.
Ravenhill auzoko sutzarra, gailurrean Irlandako banderarekin.

Su honetaz gain, Ipar Irlandako gune protestante orotan ikusi zitezkeen horrelakoak, eta suhiltzaileentzat urteko gaurik lanpetuena da gau hau ezbairik gabe. Horrez gain, pankarta iraingarri eta sinbolo irlandar eta beste nazioetako asko ikusi zitezkeen hainbat sutzarretan.

Atzo, astelehena, goiz hasi zen eguna komunitate protestantearentzako. Belfasteko kaleetan zehar hasiak ziren desfilatzen goizeko hamarrak inguruan, Ipar Irlanda osoko herri guztietan bezala. Eguerdirako jendetza ugaria ikusi zitekeen parkeetan alkohola edaten eta barbakoak prestatzen. Egun osoan zehar aritu dira desfilatzen poliziaz jositako kaleetan zehar. Hiriko erdigunean eta gune protestanteetan festa giroa ikaragarria zen, Erresuma Batuko banderak eta loialisten sinboloak edonon ikusi zitezkeelarik. Sandy Row auzo protestantean, giroa itzela zen. Bozgorailuak kalean jarrita gazteek musikaz gozatzen zuten, eta asko dagoeneko mozkorrak zeuden eguerdirako.

Desfilea Belfast hirigunetik igarotzen.
Desfilea Belfast hirigunetik igarotzen.

Belfast iparraldeko gune katolikoan berriz, 150 bat gazte inguru harrika, suziriak eta koktel molotovak botaz eman diete ongietorria desfileari. Poliziak guztiz inguratzen zuen desfilea eta Ulster TV-ren arabera, gutxienez tiro bat bota diete poliziei. Segurtasun indarrek gogor erantzun dute eta ur zorrotaden bitartez uxatzen saiatu dira gazteak. Bi orduz istiluak egon ondoren, desfileak azkenean gunea zeharkatzea lortu du. Sinn Féin alderdi politiko errepublikarrak ekintza hauek gaitzetsi ditu, eta Real IRAko disidenteei egotzi die errua. Derry, Armagh eta Raharkin herrietan ere istiluak egon dira The Irish News egunkariaren aburuz.

Horrela bizi izan dute aurten ipar irlandarrek uztailaren 12a, “Twelfth” delakoa. Guztiz erdibitua dagoen gizartea da, nahiz eta aurrerapausoak etengabe ematen ari diren nabarmentzen dute askok. Harresiek ez ezik, gauza askok banatzen dituzte oraindik ipar irlandarrak.

Urnieta (1985). Turismon diplomatua eta kazetaritza lizentziaturako ikaslea.