Pasolini, identitateaz eta kontsumoaz

Pasolini, identitateaz eta kontsumoaz –

Pasolini, identitateaz eta kontsumoaz

Pasoliniri buruzko erakusketa ederra izaten ari da Donostiako San Telmo Museoan azken hilabeteotan. Pasolinik jarri ote zuen hankarik lehenago Donostian? Bai Parisen, baina ez Donostian, ez zen heldu;  Bartzelonara heldu zen, ordea, eta hor nor ezagutu eta Il vangelo secondo San Mateo traza primitiboko film liluragarriko protagonista: Enrique Irazoki (Berakoa ez, baizik eta) bar-tze-lo-na-rra. Pasolinik filmean Kristoren rol nagusia egiteko konbentzitu zuen azkenean, rol horretarako onena komunista bat zelakoan; izan ere, Irazoki gaztea komunista zen 1963 hartan eta, komunistak bezala, inkonformista eta sinesmen irmokoa omen zen Kristo ere.

Komunista zen Pasolini poeta bera, horregatik bota zuten Friuletik 1949ko udazken hartan. Jatorri kristau-erromantikoko komunismoduna zen, berak aitortuta, baina lehenago Friuleraren Akademiako, Academiuta di lenga furlanako sortzaile eta kide izan zen 1945ean, friulera Europako beste hizkuntza gutxitu batzuen pareko jartzeko asmoz eratutako elkartea (“Proventza, Katalunia, grisoiak, Errumania eta hizkuntza erromantzeko beste Aberri Txiki batzuk”). Pasolini poetak friuleraz idazten zuen orduan, baita italiera estandarrean ere gutxiago. Zer zen, bada, Italia identitate askoren bilduma baino? Alpe eta Adriatikoaren arteko Friul lurraldean, Pasolini autonomiaren aldeko Patrie tal Friul alderdiko kide izan zen 1945ean, baina baita luze gabe utzi ere, batzuek friuldar berezitasuna probestuz etekin partikularra atera eta tokiko jauntxo bilakatu nahi zutelakoan. Movimiento Popolare Friulanoren sortzaileetako bat izan zen eta, handik gutxira, utzi, Demokrazia Kristauaren aldeko elkarte bihurtu zela iritzita (1948ko otsaila).

Italiako aniztasunari eusteko kezka agertu zuen. Piemonte, Friuli, Sizilia, Veneto, Emilia Romana,… Nor bazekien nongoa zen, ez zegoen nahasterik. Lurralde bakoitzak bere hizkuntza edo “dialektoa” zuen, eta dialektoa, berriz, poesia formalik eta arrazonamendu jasoko adierazpiderik ez zeukan hizkuntza omen zen. Pasoliniren asmoa, beraz, tokiko hizkuntza larretik ateratzea, dotoretzea, janztea.

Ragazzi di vita bere lehenengo eleberri saritua (1955) romanesco hizkuntzaz, Erromako hizkera edo “dialektoa”z josita agertzen da. Hainbat gauza ulertezinak ziren italiar askorentzat, eta hitz-zerrenda bat ere gehitu zion eleberriari, irakurlearen argigarri. Pasolinik maite zuen liburu horretarako hizpidea jarri zion Erroma inguruko gazteria proletarioa, etxe zarpailetan pilatzen zen etorkinen oldea, (ezer ez zutenen) balio ez-materialak. Baikorra zen garai hartan, erakargarria zitzaion gazte horiek Italiari ekartzen zioten “erotismo paganoa” eta askatasun-gogoa: nazioaren esperantza ziren, zer espero burgesiatik: ezer ez. Gazteok hizkera eta adierazpide freskoa zuten, Franco eta Sergio Citti anaiek (“nire hiztegia baitira”) haren literatura eta lehen filmetako hizkera ontzeko hain ongi irakatsi ziotena. Filmotako pertsonaiek hizkera bizia zerabilten, eta San Telmo Museora hurbildu direnei ez zaie oharkabean joan: bertako eszena zoragarrietan pertsonaien hizkerari kantu-isuria dario, adierazkortasuna bor-bor, gorputzen keinuei ere. Egun, barregarria ia zaigu Accatoneren bukaera aldeko eszena: atxilotutakoak eta atzetik poliziak, arrapalada batean, izkinaren bueltan garrasia entzun eta bertan zer gertatu den ikustera hurbiltzen direnekoa. Sinestezina! Non zegoen pro-to-ko-lo-a??!

Baina zein ez zen Pasoliniren nahigabea denbora pasa ahala, Mamma Roma eta La Ricotta erromatar-gaien inguruko filmak amaituta, ez zioten barkatu desberdina izatea, berehala etorri zitzaion Erromako epaitegien erauntsia: hara, La Ricottan Kristok hau esan zuela, holako aurpegia jarri zuela edo musika sakratua sekuentzia profanoarekin bat ez zetorrela, eta Erromako epaitegietan Pasoliniri ximeltzen hasi zitzaion 1960-1962 urteetako une goxoa. Auzibide horren lorratzean, beste erauntsi handiago baten itzala ere gailentzen ari zen Italia osoan eta munduan gaindi, Bob Dylanek the times they are a-changing kantatzen zuen bitartean: publizitatea, telebista, kontsumo-produktuak, kontsumoaren gizarte txikitzailea, alegia; harekin batera, italiera artifizialaren etorrera, telebistako hori, teknifikatua (robotizatua), arimarik gabea, halakotzat zeukan Pasolinik italiera batu berri hori. Hizkuntza aldatu zen, eta identitateak aldatu zituen inoiz ez bezala.

Izututa zegoen, “amesgaizto bat da” (1974), faxismo elizkoi zentralizatzaileak lortu gabekoa egin zuen neokapitalismo berriak, faxismo berriak. Lehenago, faxismo elizkoiak axaletik homogeneizatu zuen herria, baina nork bere tokikoa izaten jarraitu zuen, “antropologikoki siziliar bat siziliar bat zen; [Italiako] albaniar bat albaniarra; eta friuldar bat friuldarra. Ezerk ez zituen aldatu”. 60ko urteen erdialdetik aurrera, berriz, kontsumoaren gizarteak egin zuen tokiko berezitasunak berdintzearen lana, eta herriari balio hutsalak txertatzen ari zitzaizkiola, herritarrak alienaziora bultzatzen, halaxe bota zuen Pasolinik. Herri gutxituen aldeko gogo berdinaz, Pasolinik katalanaren errepresioaren kontra harrotu zuen ahotsa. “Herritarrak baino, kontsumitzaile zintzoak” nahi zituen sistemak, produkzio-katea borobiltzeko.

Pasoliniren iritziz, friulera erabili eta aldarrikatu zuten gazteek kontzientzia existentzial batez egin zuten; Txillardegik garai bertsuan egin bezala (Leturiaren egunkari ezkutua…), faxismo berriaren kontra bihurtu ziren, faxismo hori omen baitzen kontsumoaren gizarteak une ilun horretan ezartzen zuen hizkuntza- eta kultura-zentralizazioaren adierazpen eta mamia, ustezko dibertsitatez mozorrotuta (Italian eta, geroago, Espainian). Kontsumoaren gizarteak, bada, bere erroak bota ahala, italiera artifiziala hedatu zuen. Lurralde bakoitzeko hizkuntzak erresistentzia-ariketa ziren.

Pelikuletako zonbiak irudi, 1975ean, erretratu antropologiko etsigarria egin zuen Pasolini zorrotzak 15 urte lehenago ilusioa piztu zioten gazte erromatarrez: hilda daude, ez dakite hitz egiten, marraka ari dira, hitz-erdika, konpultsiboki jokatzen dute, kopetilun daude, distirarik ez dute, “biologikoki gorputza bizirik dute, baina gazte erromatarra gorpu da”. Italiaren esperantza-printzarenak egin zuen. 1975eko azaroaren 2an, berezkoa zuen konfiantzaz, gogo iluneko Erromako ragazzi horiengana hurbildu zen eta, Pelosi, ragazzi di vita erromatar horietako bat aldean hartuta abiatu zen Pasolini galbidera bere autoan. Pelosi, izozmendiaren punta…

PASOLINI, identitateaz eta kontsumoaz

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.