Ospetsuak, diru truke twitteatzen

twitterDenbora kontua besterik ez zen, ospetsuak publizitatea egiten hasi dira Twitter bidez. Orain arte ekitaldi publikoetan ikusi izan ditugu marka jakin batzuetako jantzi edo osagarriak harro eramanaz. Kirolariak, aktoreak, abeslariak… Sare sozialetan hainbeste jarraitzaile dituzten pertsona horiek Twitterren daudela aprobetxatuz, enpresa handiek etekina ateratzea erabaki dute “gizarte birtualean” ere.

Diru truke, ospetsuek marka jakin bateko produktu bati buruzko twitt bat botatzen dute, harekin izandako esperientzia ona kontatuz. Prezioa, noski, twitterlariak duen jarraitzaile kopuruaren araberakoa izango da. Adibidez, orain arteko errekorra Charlie Sheen aktore estatubatuarrak du: 50.000 dolar kobratu zituen bere zazpi milioi jarraitzaileei twitt bat bidaltzeagatik.

“Celebrity endorsement” du izena fenomenoak eta Espainian oraindik zabalduta ez dagoen arren, marketin teknika horrek ematen dituen fruituak ikusita, ez da harritzekoa izango hemendik gutxira estatu mailako twitterlari ospetsuek gauza bera egiten hastea.

Twitter erabiltzaileen artean oso zabalduta dago produktu edo zerbitzuei buruzko twtitak botatzea: “Produktu hau ikaragarri ona da! Probatu behar duzue” edo “enpresa honetako bezeroaren arreta zerbitzua oso txarra da”, eta antzekoak. Joera oso naturala da eta sare soziala maiz erabiltzen dutenek noizbait mota honetako twitten bat botako zuten. Joera hori jarraitzaile asko dituen modako pertsona famatu batekin lotuz gero, enpresek lor ditzaketen etekinak ikaragarriak izan daitezke.

Baina “iragarki-pertsona” bihurtze horrek bere alde ilunak baditu; twitterlarioi publizitatea “botatzen” ari digutelako gu horretaz jabetu gabe. Tira, kasu batzuetan oso argi egongo da noiz ari diren zerbait saldu nahian edo noiz ari diren benetan produktu edo zerbitzu bat gomendatzen. Edo ez. Dena den, nekagarri samarra izatera izan daiteke eta pertsonaren kaltetan joan daiteke, jarraitzaileak galduz eta bere ospea enpresa izenez zikinduz.

Diruaren hotsa oso tentagarria da.