Nik esango dizut azkarra edo tontoa zaren

Nik esango dizut azkarra edo tontoa zaren

Bai, bai, nire kontu zuei ikaragarri azkarrak edo ikaragarri artaburuak zareten esatea, zeren eta zientifiko batzuk azterketa bat egin dute; eta nola edozer gauzari “azterketa zientifikoa” abizena jarriz gero zilegi den, ba entzun ondo eta txiton.

Ikerketa hau abiatu zuten zientzialariek sekulako galdera egin zioten beren buruari: zoriontsu izateko lagunak behar al dira? Nik beste ikerketa bat abiatu dut galdera hori otutzen zaion norbaiti ze ostia pasatzen zaion jakiteko. Bonne, harira. 18 eta 28 urte arteko 15.000 lagunekin aritu dira lanean, biztanleria dentsitate ezberdinetan bizi direnak. Hiru ondorio nagusi jarri dituzte mahai gainean:

  • Biztanleria dentsitate altua daukaten tokietako jendea ez da hain zoriontsua. 
  • Gehienek, zoriontasuna sentitzeko, beren zirkulu sozialarekin bildu behar dute, maiztasun batekin. 
  • Inteligentzia maila handiena daukatenak dira salbuespena, ez dute hainbeste lagunik eta ez dira asko biltzen. 

tontoaDiotenez, gure arbasoek 150 laguneko zirkulu bat zeukaten, eta gaur egun gure inguruan askoz ere jende gehiago izan arren, antzeko zirkulua mantentzen jarraitzen dugu. Pertsona azkarrek ez dute beren lagunen babesa behar aurrera egiteko, ikerketaren arabera, aski dira beren buruarekin, ez dute beste inor behar. Hau da, pertsona azkarrak ia robotak direla esan daiteke, kriptonetik iritsitako harribitxiak, sasi jainko antisozialak, Santi Leonek aipatzen zuen euskal Sheldon Cooper deshumanizatu bat.

Ba zuek atera kontuak, hurrengo Nobel saria zain duzuen edo ez zareten txosna txanda batean bueltak ondo emateko gai. Ni nire koadrilakoekin noa, limoi bat miazkatu eta paretak buruarekin jotzera.

Nik esango dizut azkarra edo tontoa zaren

2 pentsamendu “Nik esango dizut azkarra edo tontoa zaren”-ri buruz

  • Zientziak errespetua merezi du. Zera idazten duzu:

    “… eta nola edozer gauzari “azterketa zientifikoa” abizena jarriz gero zilegi den, ba entzun ondo eta txiton.”
    Ez dakit

    • Barkatu, iruzkina idazten nengoela bidali egin dut nahi gabe.
      (2. partea)
      Ez dut guztiz ulertu zeri buruz ari zaren sarrerako paragrafoan. Kazetariek edo kaleko tontolapikoek “aterketa zientifikoak” modu desegokian erabiltzen dituztela esan nahi baduzu, euren iritziak baieztatzeko, ados nago zurekin. Adierazi nahi duzuna ikerketa hori serioa ez dela bada, ordea, ezjakintasun harroputza iruditzen zait inongo froga edo argudiorik gabe horrelakoak idaztea.

      Horren ondoren, zientzialari hauek “zoriontsu izateko lagunak behar ote diren” ikertzea ergelkeri hutsa iruditzen zaizu, galdera hori egitea ere… tira, ba, milaka hipotesi aztertzen dituzte ikerlariek munduan zehar, etengabe, eta sinestezina iruditzen zaizun hipotesi hori ez litzateke arraroenetarikoa. Nire ustez posible litzateke, ia guztiok lagunak ezinbestekotzat baditugu ere, zeinbait pertsona lagunik gabe zoriontsu bizitzeko gai izatea.

      Baina, tira, badakit artikulu honen helburua ez dela ikerkuntzari kritika bat egitea, humorezko testua idaztea baizik. Kezkatzen nau, ordea, link-ean duzun artikuluak.
      Kazetaritza hustelduta dago, puntatik puntara. Kasu honetan, txikikeria bada ere, kazetariek, irakurleak erakartzeko, modu lotsagarrian “interpretatzen” dute ikerlariek haien artikuluan egiten duten analisia. Eman begiradatxo bat jatorrizko ikerketa lanari, eta ikusiko duzue hemen idazten denarekin antzik ere ez duela.

      Komunikabideek zientziarekin lotutako albisteak beste gaien era berean jorratzen dituzte: errealitateak inoiz ez dezala istorio on bat zapuztu. Handik eta hemendik bi esaldi hartu eta sudur puntan jartzen zaiena kontatzen digute. Zientzialariek testuan zehar proposaturiko azalpenak eta hipotesiak behin eta berriz xehatzen dituzte, analisia eztabaidarako irekia dagoela azaltzeko honakoak erabiliz: “erakutsi ditugun korrelazioak txikiak direla kontuan hartuta…”, “azalpen ugari egon litezke…”, “ezer ondorioztatzeko datu asko falta dira oraindik…”. Ñabardura hauek ezinbestekoak dira ikerkuntzak ezaguera sortu dezan.
      Komunikabideetan gehien jorratutako gaiek (politikak, kulturak, ekonomiak…) nolabaiteko malgutasun bat dute ezaugarri. Hori dela eta, albiste eta artikulu gehienak ideologiaren eta interes ekonomikoen filtrotik igarotzen dira.
      Zientzialarien lana gizarteari azaltzea onuragarria da, ezinbestekoa. Kazetariek eta, orokorrean, komunikabideek, arlo honetan asko dute egiteke profesionaltasunari dagokionez. Sentsazionalismoa jendea erakartzeko modu bakarra dela diote batzuek, jasan beharreko gaitz txiki bat izango balitz bezala. Ez da egia. Ikerlariek esperimentuen emaitzak manipulatzen badituzte, ez dute zientzia egin, iruzurra baino. Era berean, kazetariek zientzialarien hitzak manipulatzen dituztenean, ez dute informazioa hedatzen, iruzurra baizik.