Munduaren kontrako norabidean

Europaren ilusioa merke saldu izan da Afrikan azken urteetan. Eta Malitik, Mauritaniatik, Senegaletik, Aljeriatik, Marokotik… askok egin dute lehenik Espainiara eta ondotik Europarako bidea. Baina Omar Chuick-ek kontrakoa egin nahi izan du, Malira itzuli nahi zuen, bere jaioterrira. Guardia Zibilak harrapatu du, baina. Etortzen ez diete lagatzen, eta itzultzen ere ez. ‘Paperik gabea’ ei da. Ez Europan, ez Afrikan, non bizi behar du bada, Omar Chuickek?

Urtarrileko azken igandean saiatu zen Ceuta eta Maroko arteko harresitzarra gainditzen. Albiste bilakatu da Omar Chuicken kasua, antza lehena delako saiakera hori egiten. Gainditzen ahalegindu den harresitzarra Espainiak eraiki zuen, Europako Batasunaren finantzazioarekin. Zortzi kilometroko luzera du, eta hiru metroko altuera. Hiru hesi dira eta gainaldean ebakitzen duten kable eta pintxodun alanbreak ditu.

Ceutan baino, nahiago izan du Malira itzuli. Maliko Errepublika Afrikako zazpigarren lurralderik handiena da, urrea, uranioa eta gatz ikaragarri duen arren, munduko herrialderik txiroenetakoa da.Hamabi milioi biztanle ditu, eta langileen gehiengoa nekazaritzan eta arrantzan aritzen da, kotoi bilketan batez ere. Herritar arrunten euskarri bihurtu da, halaber, azken hamarkadan Frantziara eta Espainiara emigraturiko maliarrek bidalitako dirua.

Komunikabideek zabaldu dutenaren arabera, Chuickek ez zuen etorkizunik ikusten eta Malira itzultzera erabaki zuen. ‘Albiste bitxitzat’ jo dute Chuicken kasua zenbait komunikabidek, baina ez ote du, akaso, aldaketa bat iragartzen?

Ceuta eta Maroko bereizten dituen harresia - Munduaren kontrako norabidean

Irudia | Ceuta eta Maroko bereizten dituen harresia | z | LGPL
Munduaren kontrako norabidean

2 pentsamendu “Munduaren kontrako norabidean”-ri buruz