Mundua hobetzeko ideiak

http://www.youtube.com/watch?v=NgSRwOZtDQ8&feature=fvst

Mundu guztiak zuen ideiak konpartitzeko aukera. Iazko urriaren 20a baino lehen bidaltzea zen baldintza bakarra. Ondoren Googleko aditu talde batek 100 hoberenak hautatzeko eginkizuna zuen. Eta 100 ideia horien artetik publikoak bozkatu ahal izango zuen, 20 hautatzeko. 20 horietatik aditu taldeak 5 hautatuko lituzke, eta azkenik aukeratutako bost proeiktuak martxan jartzeko Googlek 10 milioi dolar eman behar zituen.

Erronkak bazterrak nahasi zituen. Milaka eta milaka pertsona munduan zehar mundua nola hobetu zitekeen pentsatuz.

Baina Googlek baldintzak aldatu ditu. Ez dakigu herritar xumeak emandako ideiak aski onak ez ote ziren, edota aurrez aurkitzea espero zituzten ideiak ez topatzean jokoaren arauak aldatzea erabaki duten. Kontua da, “aditu taldeak” 100 ideia onenak hautatu ordez, 16 kategoria eratu dituztela, “bildutako ideietan oinarrituta”.

Eta okerrena, mundua aldatzeko bildutako 150.000 ideiak ez daudela inon, desagertu egin direla.

Googlek aukera on bat galdu duela dirudi. Milaka jenderen burua martxan jarri ostean 150.000 ideia pikutara joan dira. Baina jada eratu dute plataforma bat 150.000 ideia horiek berreskuratu ahal izateko.

Agian, Googleren hankasartzearen poderioz, egitasmoa are gehiago zabaldu daiteke. ’10 to the 100′ proiektuaz ezer ez zekitenek orain ezagutu dezakete eta ideiak pentsatzeari ekin.

Eta zuk, zuk zer egingo zenuke mundua hobetzeko?