Moros en la kosta

Moros en la kosta –

Hemen gabiltza gu, euskaldunak, gure konfliktoa gora eta gure konfliktoa behera, mundu zabaleko arazorik gordinena izango balitz bezala. Zorioneko konfliktoak, egia esan, azkenengo lau hamarkadetan gutxienez, buruko min asko –metafora da, noski- eta handiak sortu ditu herri honetan.

Moros en la kostaBaina nire ustez, gaur egungo arazorik latzena, eta mundu mailan diot, etorkinena da. Gosea, gerra eta emigrazioa, denak uztartuta –hiru idi uztartzeko uztarririk ba ote den zalantza dut- edo elkarri lotuta baitaude.

Meritu ikaragarria aitortzen diet, furgoneta bete traste hartu -kasurik onenean hori, ze pateretan datozenei edota gerra zikinetik ihesi datozenei buruz zer esanik ez- umetxoak, amona… hizkuntza ezagutu gabe, eta abarretan, bizimodu berri baten bila gureganatzen direnei.

Azken urteotan han hemenka, gure herri eta hirietan ere nabaritzen dugu arraza desberdinetako jendea lekukotu dela. Txinatar, pakistaniar, marokoar, Pazifiko edo Atlantiko ozeanoetako hegoamerikar, eta abar, ohiko bihurtu dira gure artean.

Herri eskolako gure alabatxoaren gelako urteroko egutegi argazkia aztertu besterik ez dago RH desberdin ugari dagoela ondorioztatzeko. Urteak eta kurtsoak pasa hala, nahasketa gero eta handiagoa hautematen da. Nahasketa diot, irakurle, zentzurik onenean, noski. Gai eztabaidatsu honi, beste baten gerturatuko gatzaizkio, akaso.

Donostialdean ere, alde zaharraren inguruan, dendatxo berri asko ireki dituzte aspaldi honetan; oso begiko dut bat, jo dezagun Mohamed dela jabearen izena. Supermerkatu bat dela esango genuke, denetarik baitago; naranja zuku naturala bertan norberak egin dezake, bertako K tomatea mendi tontortxoa eginez, han nonbaiteko marrubiak mendi tontortxoa eginez, laranja bera ere tontortxoa eginez, Nafarroako alkatxofa, gozoki arabiarrak, eta abar; eta kasu gehienetan, primerazko kalitatezko ondasunak.

Moros en la kostaBaina denen artean, bada bat, nire iritziz, urrezko domina merezi duena: ogia.

Jende hau ez da tontolapikoa, eta oso aholkulari onak dituzte, itxura denez. Nondik eta Ezkio-Itsasotik ekartzen diete ogia. Nik ezagutzen dudan ogirik hoberena –biharamunean hobea oraindik, batzutan bezperakoa erosten dut egunekoa falta bada, eta Mohamedek prezio berezia egiten dit, bere ignorantzian-, eta makina bat ogi jandakoa naiz.

Fama hartzen ere hasiak dira, eta horrela, larunbat goiz baten agertu nintzen nire zuku eta -lotan geratu direnentzat- gosaritarako elikagaien bila, eta bi gizonezko ari ziren Mohamedekin hizketan, iganderako zorioneko ogia enkargatu asmotan.

– Ze ordutegi duzue hemen, Mohamed?

– Guk urteko egun guztietan, guztietan diot, bai 365, zabaltzen dugu. Goizeko 6etatik, gaueko 10ak arte, etenik egin gabe.

Gizonezkoak, eta nineu, flipetan.

– ¡¡¡ Es que los vascos… somos asi, joder !!!, erantsi zuen gure Mohamedek.

Atera zuzeuk kontuak.

Moros en la kosta

8 pentsamendu “Moros en la kosta”-ri buruz

  • Beti zure zerbitzura egongo diren esklabuak nahi dituzu beraz, Joseba?
    Zertan egiten duzu lan?

  • Peru Dulantz 2017-04-12 09:39

    “RH desberdin ugari” Nik dakidala, RH bakarra dago, eta, edo badaukazu (euskaldun gehienek badute, bai), edo ez.

  • Suposatzen dut FMIak eta enparauek amerika latina orube bat bezala utzi zutenean duela 40 urte, ez zutela gaur egun baino inmigrazio gehiago eragin, edo bai? Ba bai.
    Arazoa ez da inmigrazioa, arazoa da beraien lurretan ezin dutela bizi duina garatu ta nahiz ta hemen possible dan, ez diegu uzten.
    Baina normala, hemengoentzako posible da askoz hobeto bizitzea ta oso gaizki gaudeta hori eragiten du besteentzako tokirik ez dagoela ustearen zabaltzea.

    Bukatzeko ez zait erdi normala iruditzen ordutegi hoiek beti pertsona berberak egiten baditu, langile gehiago badira bai, bestela ilegalak izan behar ziran edo dira.

  • Zergatik saltoki hauek ez dituzte ordutegiak eta jai egunak errespetatzen?
    Hori da integrazioa?
    Non daude sindikatuak?

  • PeruLeartzako 2017-04-15 06:35

    Sindikatuak ? Ja ja ja

  • Saltoki hauek legea urratuz, beren buruak eta langileenak esplotatuz, haurrak lanean edukiz etab. luze bat eginez bertakoei konpetentzia desleiala egiten diete, multinazionalen presioarekin batera epe luzera ateak istera behartuz. Hemendik urte batzuetara badirudi katea handiak eta inmigranteen saltokiak besterik ez ditugula edukiko gure herrietan.
    Eta hala ere, batzuentzat positiboa dirudi, “integrazioaren” eta “kultur aniztasunaren” izenean.

  • PeruLeartzako 2017-04-22 20:09

    Batzuk goseak akatzen eta beste batzuk konpetentzia desleialean pentsatzen

    Ni Mohameten dendara