Maitasunaren alde Marokon

Maitasunaren alde Marokon
WHO (nork)
Placebo taldea 1994an sortu zuten Londonen Brian Molko (ahotsa eta gitarra) eta Stefan Olsdal (baxua) musikariek. Egun Matt Lunn bateria joleak osatzen du zuzenean seikote ere bihurtzen den rock taldea. Debut homonimoa argitaratu zutenetik estudioko zazpi lan plazaratu dituzte, orain bi urteko “Loud Like Love” azkena. Sarri jo izan dute gurean, besteak beste Bilbao Live eta BIME jaialdietan.

 

WHAT (zer)
“Maitasunaren alde agertu” Marokon. Ikuskizuna herrialdeko gay eta lesbianei elkartasuna adierazteko profitatu zuen Olsdal musikariak: “489 artikuluak homosexualak zigortzen ditu Marokon. Oraindik ere! Txikitu dezagun lege hori. Nire maitasun eta babes guztia maitatzeko eskubidearen alde borrokatu beharra duten guztiei! Bakea eta maitasuna Placeboren aldetik”.

 

HOW (nola)
Ikuskizuna bukatzear zela bular bistan agertu zen Placebo taldeko Olsdal suediarra oholtza gainera, paparrean 489 zenbakia -homosexualak zigortzen dituen legearen artikulua- gurutze handi batez marratua zuela. Horrela jo zituen azken hiru kantuak, gay eta lesbianen ikur den ortzadarrez margotutako baxua eskuetan zuela.

 

WHY (zergatik)
Marokok kartzelaz zigortzen ditu sexu bereko pertsonen arteko harremanak; legearen 489 artikuluaren arabera, hiru urteko kartzela zigorra ezar diezaiekete. Olsdal gay-aren adierazpenen inguruan -sare sozialetan oihartzun zabala lortu zuten-, “antolakuntzarena da marokoarrak asaldatzen gaituzten hauek gonbidatu izanaren erantzukizun moral eta etikoa”, esan zuen Mustafa Ramid islamistak. Justizia ministro marokoarra da bera.

 

WHEN (noiz)
Mawazine jaialdiaren barruan, iragan asteartean jo zuen Placebok -Maria Berasarte euskaldunak kantatu zuen egun berean-. Biharamunean bi gazte marokoar, “moral publikoari eraso egiteagatik” atxilotu zituzten Hasan II. mausoleo ondoan elkarri musuka zirenean, eta egun batzuk aurretik FEMEN-ek ekintza egin zuen toki berean, “In gay we trust” leloa bularretan idatzia zutela.

 

WHERE (non)
Afrika iparraldeko Rabat hirian, Marokoar erresumaren hiriburuan, urtero izaten den musika jaialditzarra da Mawazine (erritmoak). Aurtengo edizioa gaur Usher eta bihar Maroon 5en partaidetzarekin bukatuko da. Aurretik, Jennifer Lopez, Pharrell Williams eta Sean Paul izarrek zapaldu dute asteon oholtza, baita Avicii, Akon, Sting eta Placebok ere.

 

Placebo taldeak “Black Market Music” (2000) lanean plazaratu zuen “Taste in Men”. Eta Barbara McDonogh-ek zuzendu zuen bideoklipean Molko hiruko harreman baten erdian agertzen badu ere, askoren ustez homosexualitateari buruzkoa da. Kantua, besteak beste “Queer as Folk” britainiarraren AEB-etako bertsioan erabilia izan da -bost gizon gay-ri buruzkoa da telesaila-.

“Come back to me awhile
Change your style again
Come back to me awhile
Change your taste in men”

.

* Placebo 2009ko Bilbao BBK Live jaialdian (kontzertu osoa, ETB3-k emititua).