Marmaray, Europa eta Asia lotzen dituen tunela

Istanbuleko komunikazioak eromena direla esatea, gutxi esatea da: ordurik jendetsuenetan, ez aurrera eta ez atzera geratzen dira auzoetako asko, 13 milioi biztanleko megalopolis honetan. Trenak, metroak, busak, txalupatxoak… denak gainezka harat-honatean, horixe da ikuskizunik ohikoena.

2004 urtean hasi zituzten lanak Marmarako itsasotik hurbil, Bosforoan. Hortik izena: Marmaray.

Guztira 14 kilometro ditu tunelak, horietatik 1,4 Km. Bosforoko uretan, 60 metroko sakoneran. Ingenieritza lan aparta, bideoan ikus daitekeenez. Talde japoniar-turkiar baten ardurapean egin dena. Joan zen Apirilaren 14an ezarri zuten 11 hodi erraldoietatik azkena.

Lehenik Bosforoko hondoa trinkotu, porlan berezi batekin, gero hodi itzelak kokatu eta elkarri lotu, eta, azkenik, gaina bete. Richter eskalan, 7,5 eko dardarei aurre egiteko prestaturik dago, handik ez urruti baitago 1999an 7,4ko lurrikara ezagutu zuen epizentroa. 20.000 tonari egin diezaioke aurre tunela osatzen duen osagarri bakoitzak.

Baina dena ez da urre: XXI. mendeko injenieritza obra nabarmenenetakotzat hartu den honek, haserreak piztu ditu zenbaitengan, hondatu egin baititu Bizanzio garaiko ondareak eta aurriak. Tartean, K.a VII. mendeko portu zahar bat, anforaz betetako paraje bat, Konstantinoren murruaren zati bat, XII. mendeko eliza bat, itsasargi exagonal bat…

Bosforo, Turkia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude